Zirrikitu bat itxaropenari?

Oinarrizko istorio bat kontatzen digu Mikel Ayllonek bere Ez tiro egin anbulantziei liburuan. Lagun koadrila batek mundua aldatu nahi du eta horren ondorioz, Gerard kartzelan itzartzen da tartean zer gertatu den ondo jakin gabe. Izan ere, Gerard ez da koadrila horren kidea; baizik eta Sylvieren zurigarria. Kartzelan dagoela, bere lagunak apurka apurka desagertzen dira, Gerard bakartu arte. Baina gizonak erantzunak nahi ditu eta irakurleak liburua osatzen duten lau ipuinetan hainbat aurkituko ditu.

Hori bai, istorioaren itxura guztiz bestelakoa da: eleberriaren korapiloa atzekoz aurrera askatzen du irakurleak, non eta Greba Handiaren osteko gizarte distopiko batean, Farenheit 451 edo V de Vendetta irakurri dituenari ezaguna egingo zaion testuinguruan, alegia. Gaurko gizartea itxuragabetzea ariketa gupidagabe bihurtzen du Ayllonek: kalean elkarrekin hitz egiten ez duen jendea, iturri eta bankurik gabeko parkeak edo argazkiak ateratzeko debekua. Itxaropenari ez dio lekurik egiten Ayllonek, edo bai; tituluak anbulantziei tiro ez egiteko erregutzen baititigu.

Mikel Ayllon irakurleen txokoan

Liburua irakurri ahala, Ayllonek duen itzultzaile eskua gero eta nabariagoa da idazkeran. Euskara batuaren iturri guztietatik edaten du idazleak, hizkuntza normalizatuetan idazten den modura. Bere hitzetan: hitz guztiak mila bider orraztu ditu eta igartzen zaio. Erregistro ezberdinetatik ere edaten du egileak, liburu bitxi hau osatzeko. Bigarren zatian lekukotzak biltzen dituen kazetari batek kontatua dugu, adibidez. Poesia hutsa dela esan zuen Irakurleen Txokoko kidea den Josebak eta bide onetik zihoala erantzun zion Ayllonek: irakurleak hunkitu eta sentiaraztea lehenesten baitu.

Izan ere, Ayllonek argitu bezala, bizitzan aurrera egiten dugu galdera guztiak erantzun barik, beraz liburu honetan beste hainbeste egin behar genuen irakurleok. Ayllonek ere aurrera darrai bere idazle ibilbidean: bigarren eleberria idazten ari da, lehen eleberrian lagatako erronka batzuei erantzun nahian, gainera. Zeintzuk diren? Asteazkenean etorri izan bazina jakingo zenituen. Momentuz, hauxe baino ez dizuegu esango: ez dezagun ilusioa galdu. Orain, liburuan idazleak utzitako arrastroari jarraitu eta asmatu zertan datzan bere hurrengo liburua. Zeure irudimenean ere dago.

Argazki guztiak hemen.

Share

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude