Oraingoan, Gorozikan igaro dugu txantxikutarrok otsaileko asteburu eguzkitsua. Gernika eta Zornotza artean dagoen auzo lasai eta polita da hau, guretzako aproposa benetan. Baserriko bizitza ezagutzeko helburuarekin, alkandorak eta abarkak jantzi ditugu eta abeltzaintzan zein nekazaritzan adituak bihurtu gara.
Horretarako, larunbatean pista, gune eta jolas askorekin prestaturiko yinkanan jolasten pasatu genuen bazkalostea. Ondoren, okinen antzera ibili ginen txokolatezko ogia taldeka egiten, eta horri esker, postre goxo-goxoa eduki genuen afarian. Gauez ere, zeru izartsua aprobetxatuz, jolasean ibili ginen kaletik, hotzak berotuz.
Irteerari amaiera emateko, Bizkargi mendia igo genuen igande goizean, neguko eguzkiak giroa alaituta. Azkenik, garbiketa sakona egin ostean, Deustura bueltatu ginen autobusean kantari.