Tai gabeko berriketak asteazken goizero

Pili, María eta Alex zai daude Bidarte Udaltegiko beheko solairuan. “Egun on” esaten dit Maríak, Pilik neu “kontrolatzailea” naizela diotson bitartean. Ezetz erantzuten diot, ez dugula inor kontrolatzeko asmoz. Berbaizuko langilea naiz eta Berbalagun taldeak autonomia osoa duela diotset. Finean, nik kudeatu baino ez dut egiten. Bego biak (Aranguren eta Iturritza) elkarrekin iristen dira. Iturritzak sobre bat ateratzen du. Ohi lez, iluntzean Arriagara joango dira. Euskaraz antzesten den guztia ikustera joaten dira, baita erdaraz egiten diren obra batzuk ere. “Lehen deskontu handiagoak zeuden, orain lapurreta da” kexatzen da Bego Aranguren.

Bego Iturritza eta Bego Arangurenen taldea

– Ondo iruditzen zait sosak kulturan gastatzea- diotso heldu berri den Anak.

– Ez diot inori ondarerik utziko- arrapostu egiten dio Bego Iturritzak eta segituan heriotzaren gainean hitz egiten hasten dira. “Atautea ezin badut pagatu, zentziari eskeiniko diot nire gorpua” azaltzen du irribarretsu. “Gorpu larregi dago” zehazten du Alexek. “Neuk neurea eskeini nuen eta atoan hartu zidaten” eransten du Bego Arangurenek. Mediku ikasleek estudiatzeko baliogarri izatea espero du. “Hil eta gero, berdin zait zulo batean lurperatzen banaute. Leioan badago hilerri bat non lurperatuko gaituzten. Plaka bat ipiniko digute eta zuhaitz artean dago. Leku zoragarria da” diosku.

Bat-batean, beste Ana heltzen da. Atea zeharkatu bezain pronto, berbalagunek galdetzen diote azterketa gainditu duen. Anak baietz dio, idatzizkoa gainditu duela eta ahozkoa faltan duela. Lasai dago: ekainean gainditzen ez badu, irailean beste aukera bat izango duelako. Etena aprobetxatuz, Berbaizuren jarduera esplikatzen diet eta Txemak Mullerenean eman zuen hitzaldiagatik galdetzen diet. Anak ume bat adoptatu duten senideak umearen sorlekura bueltatzea oso ohikoa dela kontatzen du. Aitorrek lehen egunetik bazekien non zituen sustraiak. Halaxe diosku Txemak, umea Ekuadoren gustora egon zela kontatzen digun bitartean.

Alexek testu bat dakar irakurtzeko. Gaurkoan, azukrearen gehiegizko kontsumoak eragiten dituen kalteez mintzo da. Eztabaida abiatzen da: arraro egiten zaigu Estatu Batuetan batez beste 22 azukre koilarakada hartzea egunean. Gero, azukrea jateak gose sensazioa kentzen duela entzutea ere bitxia deritzogu. “Obsesitatea dakar azukrea gehiegi hartzeak baina nolatan hartzen dute kirolariek?” galdetzen du Álexek. Txemak esplikatzen digu kirolariek glukosa hartzen dutela eta glukosa eta azukrea ezberdinak direla, alegia. Baina hurrengo azukre- koxkorra geroko kaferako lagako dute, izan ere, hauxe dute ikasturtearen azken saioa. Hurrengo urtean asteazkenero 10:30ean biltzeari ekingo diote beti lez eta betiko tokian: Bidarte Udaltegian.

Share

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude