Edaten dut izorratu nautelako eta berriz izorratuko nautelako. Seguru nago bihar pasatuko zaidana, gaurkoa baino txarragoa izango dela, gaur hiltzen ez banaute behintzat. Sasitzaren kontra borrokatzen dut, etsaia ez baitut inoiz ikusi. Izatez uste dut, dudan etsai nagusiena guda nazkagarri honetara bidali nauena dela. Ez dut borrokatzen nire estatuagatik, ezta nire ikurrinagatik, ezta nire aberri madarikatuagatik. Lokatz gainean arrastaka dudan kideagatik borrokatzen dut. Erretzen dut, tabakoak hiltzen duela dioen oharra oso zentzugabea delako horrelako leku batean. Ke izara bat egiten dut nire begi gorrituen aurrean. Gorrituak, edozein oihaneko sute batek eraginda. Galtzak bustita daude eta ez dut muda gehiagorik. Hilda dagoen gizona naiz. Whisky txorrotada bat botatzen dut nire eztarrian. Nire pentsamenduak ito nahi ditut, baina burmuina eta sabela egon behar ez diren lekuetan daude.
Xabier Perez. Ibarrekolanda BHI. 2.012ko Mikroipuin Lehiaketako Ipuin Irabazlea.