Bidaia Kontaketa Zikloari amaiera emateko, saio hunkigarri bezain aberatsa izan genuen Mullerenean Luzuriaga sendiaren eskutik. Sendia diogu hitzaldia, bidaia bezalaxe, kolektiboa izan baizen. Ekainak 5 zituela, ostiralez, Txema Luzuriagak hartu zuen lekukoa, familiako 6 bidaiariak aurkeztu eta Mullereneara gerturatu ginen ikusentzuleak Ekuadorrera eramateko lanari ekinez.
Ekuadorreko Cuenca hirian hasi ginen Hegoameriketako lurraldeetan barrena, bisitaldia egin eta berehala Ingapircako Parke Naturalean sartuz. Alturetako ingurune hauetan Inka Inperioak utzitako arrastoa nabarmena erakutsi zigun Txemak argazkietan, eta euskal-ehuntze garaiotan, Ana Ulloa ekuatoriar jostun ezagunarekin nola egin zuten topo hantxe ezagutu genuen. Antzinako teknika tradizionalak erabiltzen dituen amona honen ospeak muga guztiak hautsi ditu. Hemen sakatuta adibidea. Bideokoa ere Ana Ulloa da:
Ingapircako Parke Naturaletik gertu Cajaseko Parke Nazionalera joan ginen, Txemarekin batera Luzuriagatarren artean ahots gehiago gidari genituela. Ahots-polifoniak lagunduta, alturetako lakuetara joan ginen alturetako gaitza guregan nozitzen genuen bitartean.
Gaitzaren kontrako koka-hostorik ez genuen behar izan dena den, berehala Alausiko Deabruaren Sudurra trena hartuta, kostaldera amildu baikinen konturatu orduko. Amildu diogu, izan ere, munduko trenik ikusgarrienetakoa den honek aldapetan gora eta behera egiteko marrazten dituen zig-zagak ez baitira makalak. Amildu ondoren, trenean desamildu eta Alausin ginen berriz ere Luzuriagatarrekin batera.
Turismoari apur bat izkin egin eta San Miguel de Salcedora eraman gintuzten hizlari guztien artean, ez lehenago Bañosen geldialditxo bat egin gabe. Eta behin han, San Miguel de Salcedon familiaren erroetan barneratzeko aukera paregabea izan genuen bertatik bertara. Luxu hutsa. Ez da beti gertatzen etxeko sustraietan jendeari parte-hartzeko aukera zabaltzea, eta San Miguel de Salcedon denok izan ginen familiakide. Atlantikoaren gainetik jauzi egin eta bi munduak bat-batean elkarrekin. Une goxoak Mullerenean.
Hainbeste emozio, bizipen eta berraurkitze eta gero, zer hoberik Tarabita hartuta Mompicheko hondartzara joatea baino. Kostalde gogoangarria, bai horixe! Marrazorik ote zebiltzan ez ziguten kontatu dena den Luzuriagatarrek. Joatekoa denak galdetu diezaiela uretan murgildu aurretik!
Bidaiatzen ari ginenez, gehiegi erlaxatu aurretik, jarri martxan berriz eta Otavaloko hirirantz egin genuen jauzi, berriz ere, euritarako zira eta mendiko oinetakoak jantzita, Cotacachi eta Pululahuako Natura Erreserbetan urjauzi, oihan eta sumendietaz ahalik eta beste gozatzera. Baita gozatu ere. Busti eta gozatu alajaina!
Jada Quitora helduak ziren Luzuriagatarrak. Eta gu haiekin batera. Bidaia sakona, Andeetako altiplanotatik kostaldera doazen aldapa tente amaiezinak bezain sakona. Erroetarako abentura. Elkar ezagutzara eta maitasunerako lasterketa, abiada bizian eta frenorik gabe. Eskerrik asko Luzuriaga sendiari bizitzaren kontakizun ederra han ginen guztiokin partekatzeagatik. Gaztelera ez den hizkuntzaz aritzen diren ekuatoriar jatorriko kale-saltzaileak gurutzatzen ditugunean, begietan hain ederrak diren Otavaloko mendietako paisaiak dituztela kontuan izango dugu hurrengoan. Edo zergatik ez, Luzuriagatarrek mapan zuzenean erakutsi bezala, agian Tungurahua sumendipeko Bilbao edo Viscaya herrietako herritarrak direla pentsatuko dugu, hots, funtsean eta finean, gu bezain bilbotar edo bizkaitar.
Argazki guztiak hemen.