Suerte handiko berbalagun taldea

Ekaineko astelehena da. Oporrak ate joka daude. Zugarramurdi tabernan Espek “zuzentzen” duen taldea dugu zain. Espe urte askotan izan da irakasle eta beste hainbeste Berbalagun taldeetan ibilia da. Eskarmentuak diotso badaudela gehiago eta gutxiago hitz egiten dutenak eta isilak solastera bultzatzeko aurkezpenak prestatzea eskatzen dizkie berbalagunei, guztiek euskara erabiltzeko unea izan dezaten.

Ezkerretik eskuinera: Espe, Carmen, Iñaki, Teresa, María José eta Ana

Ana da hitz egiten lehena. Asteburua libre izan du eta gurasoekin egoteko aprobetxatu du. Opor luzeak ditu aurrean eta antolatu behar ditu. Ana irakaslea da ogibidez eta aurten klaseak eman ditu euskaraz, lehendabiziz. Gurutzetan eman zituen eta jendaurrean euskaraz egiteak sortzen zion beldurra kendu du. Apartean, Espek esplikatzen dit bere berbalagun taldeak suerte ona ematen duela, astelehenero trago baten bueltan biltzen direnek lana topatzen baitute atoan.

Mari Jose da hitz egiten bigarrena. Zarautzen egon berri da asteburu pasa eta Iparraldera ere hurbildu da, Hendaiara hain zuzen. Hegoalde eta Iparraldeko jendearen artea aldea dagoela diosku. Euskara entzun zuen galdetzen diote berbalagunek eta oso gutxi entzun arren, kale guztietako kartelak euskaraz ere daudela erantzuten die. “Bi herri ditu Hendaiak: geltokiaren bueltakoa eta hondartzaren ingurukoa; oso turistikoa dena” azaltzen du, Txingudiko badia aurrean duen bide osoa zeharkatu duela kontatzen digun bitartean. “Badakizu ondo bizitzen” botatzen dio Espek irribarretsu. Halaxe da, paseoak emateaz gain, pintatzen egon delako Mari Jose.

Teresa pozarren dago. Ostegunean etxe berrira itzuliko baita. Oheko estalkia eta beste lau gauza besterik ez zaizkio etxeari falta. Basurtura doa familia guztia. Halere, etxe berrian Alde Zaharreko bizitasuna faltan botako du. Giro onean bizi izan da Iturribiden, kalera jaitsi eta anbientea zeukalako. “Basurtun ere giro ona dago” ihardetsi diote berbalagunek. Ekainean lana eta etxe berria garbitzea izaten dira bere eguneko ogia. Kezkatuta dago Teresa, bere semeak klaseak amaitu dituelako eta ekain osoan ez duelako ezer egin. Aldi berean, harro dago, semea DBHra pasa da-eta. Denbora ziztu bizian doa eta oharkabean denok bihurtu gara helduago.

Iñakiren txanda da. Hitz egiten hasi aurretik, Espek “medikuak eta penak” uxatzeko eskatzen dio gizonari. Irribarretsu dago gizona. “Jubileta naiz eta 10 kilo argaldu ditut”. Datozen hilabeteetan beste 10 kentzea espero du. Beste batzuetan lortu du eta atzera halaxe izatea nahi du. “Orain ala inoiz ez” botatzen du ezkor. Ilobaren argazkiak ez dizkiela ekarri gogoratzen dio Carmenek. “Guapo-guapoa da” eransten du Espek. Iñakik ez ditu argazkiak prest eta ilobak bizipoza ematen diola aitortzen digu. Lagunek esaten zioten halaxe izango zela baina txikitxua jaio zen arte ez zituen Iñakik sinestu.

Berbalagun saioaren hondarrean gaude eta Anaren semea agertzen da. Taldeko kide gazteena da. Txitxoi bat du buruan. Lagun baten kontra talka egin zuela esplikatzen digu Carmeni hitz egiteko txanda heldu baino arinago. Tailer batean izena eman duela aprobetxatuz, emakumea Madrilera joango da semea bisitatzera. La Latinan bizi da gaztea. Ana ere bertan bizi izan zen eta giro handiko auzoa dela diosku. “Herri bet dirudi” xehetzen du. “Herriko bizitza egin daiteke bertan, Bilbo-Zaharra edo San Frantziskoaren modukoa da, etorkin eta antzoki ugari daude”. Oso leku interesgarria dela eransten du Anak, bizitasun handikoa bera ere.

Elkarri agur esateko tenorea heldu zaie. Badirudi talde guztiak ikasturteko azken berbalagun saioan harrapatu ditugula. Zorionez, ez da azkena izango, hurrengo ikasturtean biltzeari ekingo baitiote. Urrian ikusiko dugu berbalagun guztiek lana kausitu duten. Hala bedi.

 

 

 

 

Share

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *