Deustualdeko euskara elkarteak logo berria aukeratzeko lehiaketa martxan jarri du. Lanak azaroaren 22ra arte aurkeztu daitezke eta 100€ko saria dago jokoan. Oinarriak webgunean eskegi dituzte.
DEUSTUN, URRIAREN 29an. Deustualdeko Berbaizu Euskara Elkarteak logoa aukeratzeko lehiaketa martxan jarri du. Lan irabazlea elkartearen ekintza guztietan iragarriko da gero eta diseinatzaileak 100€ko saria jasoko du. Lehiaketan edonork parte har dezake. Lanak paperean eta euskarri informatikoan aurkeztuko dira. Edozein teknika onartuko da, baldintza bakar batekin: inprimategian bikoizteko balio izan behar du. Lan grafikoa hainbat tamainatan, zuri-beltzean eta koloretan aurkeztu beharko da. Oinarriak berbaizu.eus/logo-lehiaketa atarian irakurgai daude.
Lanak azaroaren 22ra arte aurkeztu daitezke. Bi eratara egiteko aukera dago: Berbaizuko lokalera eroatea edo postaz bidaltzea. Aurkezpenari dagokionez, behar bezala babestuta egon behar dira, lanari kalterik ez eragiteko. Azalean bi gauza agertu behar dira: aurreko aldean lehiaketaren izena, Berbaizu Euskara Elkartearen logotipo lehiaketa, eta atzealdean izenorde bat. Egilearen datuak, berriz, aparteko gutun-azal itxi batean jasoko dira eta lanarekin batera aurkeztu. Gutun-azal horren aurreko aldean egilearen izenordea adieraziko da. Epaimahaia hiru berbaizukideek osatuko dute eta astebete izango dute, askoz jota, irabazlea erabakitzeko.
Hamarkada berriari begira
Berbaizu Euskara Elkarteak hamarkada berrian jarria du fokua eta irudia gaurkotzeak lotura zuzena du. Neguan abiatu zuten gogoeta prozesua eta irailaren 28an Berbaizu 2020-2030 hamarkada berriari begira jardunaldia antolatu zuten, datozen urteetako ildoak erabakitzeko asmoz. Lagun andana batu ziren Bidarte Udaltegian eta, bildutako ideia meta dela-eta, hitzordu berria iragarriko dute laster. Aipatutakoen artean, itxura eguneratzea zen premietako bat eta horren ondorioa da martxan jarri dugun logo lehiaketa.