Oporretan goaz eta urtero lez 5 literatur gomendio

Gaur oporretan goaz Berbaizun eta urtero lez nonahi irakurtzeko bost liburu gomendatzen dizkizuegu, euskara elkartea izatearekin batera, kultur elkartea garelako. Hauek bost dira, baina beste bost izan zitezkeen:

33 ezkil (Elkar 2015): Misteriozko liburua idatzi du Miren Gorrotxategik. Garizmendi baserriko Ferminek burezur bat topatzen du lurperatuta eta Fermin semea eta bere andregai Berta hilotza ateratzea doazenean desagertua da eskeletoa. Ordutik aurrera, misterioa gero eta ilunagoa da… Urriaren 4an, gainera, idazlearekin berba egiteko aukera izango dugu Irakurleen Txokoan. Ez galdu!

Miren Gorrotxategi Irakurleen Txokoan

Bainaren belaunaldia (Labayru, 2015): Ustela, Pott! eta Oh Euzkadi! literatur aldizkarien ibilbidea xehetzen du Beñat Sarasolak eta hiru aldizkari horiek euskarazko literaturaren bilakaeran izandako eragina aztertzen du donostiarrak. Izan ere, Bernardo Atxaga, Ramon Saizarbitoria, Koldo Izagirre, Joseba Sarrionandia edo Ruper Ordorika orri horietan hasi ziren idazten.

Zarauzko gutunak, 36.ko gerra (Amagoia Gurrutxaga Uranga, 2017): Izenburuak dioen bezala, 36.ko gerrak ekarri zituenak kontatzen ditu Amagoia Gurrutxagaren azkenak eta bere orriotan nabarian denez, lan hau urte askotako dokumentazio lan itzelaren ondorioa da, gerra zibilek izen-abizenez josita daudela gogoratzen diguna. Gainera, dokumentu hauek liburuan ikusi ahal dira.

Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan (Alberdania, 2003): Euskal Herriko letren errepublika txikiaren sortzailea omendu guran, bere liburu ospetsuenetako bat gomendatzen dizuegu. Orriotan Hasier Etxeberriak Joseba Sarrionandia, Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre, Anjel Lertxundi eta Ramon Saizarbitoriarekin literaturaz eta besteaz berba egiten du, idazle hauen ibilbide literario zein pertsonalak ezagutzera emanez.

Anne Sexton (Susa, 2015): Munduko poesia euskara ekarri nahi duen 7. kaiera dugu hau. Harkaitz Canok itzulia, Anne Sexton poeta estatubatuarraren poema esanguratsuenak dakartza liburuak. Poema hunkigarriak eta sakonak, baita tristeak ere, dira hauek, zer pentsa ematen dutenak. Hona lagin bat:

Errauskine eta printzea,/bizi izan ziren pozez, betirako ustez, /museo bateko erakusleihoan legez,

[…]

Biki jator, irribarretsu, ipuinetakoena./ Istorio hori.

Share

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude