Omako baso margotuan (azken jaia)

Heldu da ikasturte amaiera eta horrekin batera Txantxiku eta bertako lagunak udalekuetara arte (edo hurrengo ikasturtera arte) agurtzeko unea. Urtero lez, azken jaia ospatu genuen igandean, eta mendi irteera guztietan bezala, bidea aurkitu ezinik egon arren, izugarrizko egunaz disfrutatu ahal izan genuen Omako baso margotuan.

Goizeko 10.00etan atera ginen Deustutik eta Santimamiñeko parkinean utzi gintuen autobusak. Bertatik, aldapan gora eta behera ibili ginen, eta inguruneaz eta naturaz inguratuta hain gustura geundenez, basora igotzeko sarrera pasatu genuen konturatu gabe! Atzera egitea tokatu zitzaigun beraz, eta sarrera topatu bezain laister, berehala hasi ginen zuhaitz margotuen artean kuxkuxeatzen.

Txantxiku - OMA (TALDE ARGAZKIA)

Basoaren erdigunera heldu ginenean, kantari genituen tripak, eta ñam ñam abestu eta bokatak ziztu bizian irentsi ostean, denbora librerako tartea izan genuen. Horren ostean, basoaren zirrikitu guztiak ezagutzeko aukera izan genuen begiraleek prestatutako gimkanaren bidez; Ibarrolak margotutako zirkuluaren erditik pasatu, ostadarraren koloreak zenbatu, begi artean pistak bilatu … Konturatu gineneko motxilak hartu eta etxera bueltatzeko unea heldu zen, hasierako asmoa, Lagako hondartzara joatea, bete gabe.

Oma herritxoan kantinplorak bete ostean, korrika joan behar izan ginen aldapan gora autobusera heltzeko, eta etxera bide osoa kontu kantari eman genuen begiraleak lo seko zeuden bitartean.

Uztailean ikusiko dugu elkar! IKU IKU… GORA TXANTXIKU!!

Share

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude