Atzo Nerea eta Eider Olaziregi izan genituen gurean, Saharar herriaren inguruan kontu-kontari.
Sahararrek gaur egun bizi duten egoera hobeto ulertzeko, lehenik, Saharar herriaren historia eta egoeraren inguruan aritu ziren. Ezinbestekoa izan zitzaigun, beraz, Saharar herriak urtetan zehar eta gaur egun ere Marokoko indar okupatzaileen eskutik jasaten duten errepresioa mintzagai izatea. Baina egoera horretan ere, duintasunaren ikur dugu Saharar herria.
Mendebaldeko Sahara da sahararren lurraldearen izena; hala ere, 3 lurraldetan sakabanatuta daude herritarrak: Marokok okupatutakoa, liberatua eta Tindufeko errefuxiatuen kanpamentua, Argelian. Azken honen inguruan aritu ziren gehien bat Eider eta Nerea, han bizi izandakoa gogora ekarriz.
Bertan, Saharar familia batekin eman zituzten egunak, euren etxean bizitzen eta kanpamentuetara egindako bidaia bakoitza egitera zerk eraman zituen ere azaldu ziguten: hezkuntza baliabideak eraman, proiektu desberdinak martxan jarri, edota pizzeria bat inauguratzera!
Adobezko etxeetan eta haimetan murgildurik, Sahararren hainbat ezaugarri ere hobeto ezagutzeko aukera izan genuen: 12 urte beteta ikasten jarraitzeko beste herrialde batera bidaiatzeko beharra (Argel, Kuba zein Venezuelara), higienearen inguruan duten kontzeptua, gizon-emakumeen arteko harremanak, kanpamentuaren egitura eta kanpamentu desberdinen arteko loturak eta bideak, eta beste hainbat kontu entzun genituen, hizlarien istorio berezien bidez.
Eta istorio guzti horietan behin eta berriz errepikatzen zen hitza dugu elkartasuna. Saharar herriarekiko elkartasunak eraman baitzituen Eider eta Nerea hara, eta haiek bezala beste hainbat eragile, erakunde eta herritar. Baina elkartasun honek Saharar herritarren artean sortzen dituen iritzi desberdinak eta kontraesanak ere azpimarratu zituzten hizlariek, horren inguruko hausnarketa sakon baterako bideak irekiz.
Horrela, alfonbraz apainduriko haimaz betetako argazkiak eta kanpamentuetako hareaz zipriztindutako istorio gehiago entzuteko gogoz amaitu genuen hitzaldia.