Badira urte batzuk Berbaizuk, Deustualdeko hainbat ikastetxerekin lankidetzan, “Euskararen unibertsoa” lantaldean mikroipuin lehiaketa antolatzen duela. Aurtengo bere 5. edizioa izan da eta beste urte batez ere idazlan apartak bildu ditu. Hemen dituzue irabazleetako bik idatzi dituzten idazlanak:
DINOSAUROEN GARAIA
Bazen behin neska bat Ainara deitzen zena, 11 urte zituen. Berari pila bat gustatzen zitzaizkion dinosauroak eta beti egiten zuen amets nola izango zen garai horretan bizitzea. Bera askotan joaten zen museora, dinosauroen txokora eta han gelditzen zen begiratzen. Egun batean Ainara museora joan zen eta hezurren artean ikusi zuen harri distiratsu bat. Hartzera joan zen eta hartu bezain laster harriak xurgatu zuen dinosauroen garaiera. Bera oso pozik hasi zen korrika eta denari argazkiak egiten. Eta orduan T-rex bat agertu zen, bere dinosauro gustukoena. Argazkia ateratzean, nahi barik flasharekin atera zuen eta dinosauroak ikusi zuen. Arineketan harri baten atzean ezkutatu zen eta buelta ematean, leinu oso bat berari begira aurkitu zuen. Ainara konturatu zen arrisku asko zeudela garai hartan eta leinuan geratu zen. Hasieran txarto begiratzen zioten, baina azkenean beraien konfiantza lortu zuen. Oso laguna ona egin zen leinuko neska-jakintsuarekin, Xabartarekin, eta bere problema kontatu zion. Neskak, leinuko sorginaren alabak, esan zion bakarrik sugandila bat jaten bazuen bueltatuko zela bere mundura. Orduan, Ainara mundu guztia agurtu eta sugandila jan zuen. Bat batean, Ainara museoan zegoen, lurrean botata, baina harriaren arrastorik ez zegoen. Orduan oihukatu zuen eta ez zen izan bere bidaian ia-ia hil zelako, baizik eta argazki kamara dinosauroen garaian ahaztu zuelako eta han zeuzkan argazki guztiak.
https://www.flickr.com/photos/44134674@N07/14401482393/in/photostream/
Itxaso Otxoa- Intxixu Ikastola
ITSUAK DENA IKUSTEN DU
Goizeko zortziak dira eta egunero bezala, Asier, 32 urteko gizon itsu eta txiroa, kalera atera da bere txakurrarekin.
Ohikoa denez, Asier txakurraren laguntzaz, bizi den etxe ondoan dagoen supermerkatuko atera joan da, eta bertan eseri da, egunero bezala. Bere kartoizko kutxatxoa aurrean jarri eta txakurra kale-argira lotu du. Orain denbora igarotzea besterik ez du.
Jendea supermerkatura sartzen eta ateratzen nabaritzen du, gaur dirudienez mundu guztiak egin behar ditu Gabonetarako azken erosketak. Oso gutxik botatzen diote txanponen bat kartoizko kutxatxo erdi apurtura, baina berak ematen dioten guztia eskertzen du.
Bazkaltzeko ordua iritsi arren, Asier ez da bertatik mugitzen, bere lekuan geratzen da, itxaroten, txanpon bat bere kutxatxora erortzeko itxaropenaz. Baina eguerdiko hiru eta erdietan, beltzez jantzitako gizon bat hurbiltzen zaio eta egun osoan lortutako diru guztia lapurtzen dio.
Hurrengo egunean betiko orduan altxatu, betiko lekura joan eta betiko kutxatxoa aurrean ipintzen du, baina, eguerdian beltzez jantzitako gizonak eskua kutxan sartzean betiko dirua aurkitu beharrean atzamarrak estutzen dizkion zepoa ateratzen du, itsuak dena ikusten baitu.
Naia Lope, Deustuko Ikastola
Bi mikroipuin hauek gustokoak izan badituzue, adi egon, gainontzekoak datozen egunotan izango baitituzue ikusgai!