Maputxe Herrian brigada Leire Arroyoren eskutik

Aurtengo Bidaia Kontaketei amaiera emateko, joan den asteko asteazkenez Leire Arroyok Maputxe Herria, bere errealitatea eta bere biziraupenerako borroka ekarri zizkigun Mullereneara bertaratu ginenoi. Txile eta Argentinako estatuen azpian bizi den jatorrizko herri amerikar honek bizi duen egoera gordina berak brigadista lez bizi izan bezala kontatu zigun ordu t´erdi luzeko solasaldi atsegin bezain gordinean.

DSCN8189[1]

Gulumapu eta Puelmapu dira Wallamapuren bi lurralde nagusiak (bata mendebaldea, bestea ekialdea). Wallmapu deitzen diote mapucheek Andeetako bi aldeetara zabaltzen den euren herriaren lurraldeari

Horrela, Maputxeen (lurraren jendeen) historian sakondu ondoren (kontuan hartzekoa da 1.881. urterarte ez zirela erabat militarki menderatuak izan), gaur egun, bere lurraldean zehar sakabanaturik dauden komunitateek eta maputxeek herri bezala zein estrategia eta bide erabiltzen dituzten azaldu zituen Leirek.

Horietan guztietan interesgarrienetakoa zalantza barik maputxeek burutzen dituzten lur berreskurapenak. Gaur bertako, ekainak 9ko, albiste honetan ikusi dezakegun lez, maputxeek lur berreskurapen hauekin jarraitzen dute egun, eta ez du ematen bide horretan gelditzeko asmorik dutenik.

recuperacion_territorial_bajo_malleco

Paismapuche.org helbidean ekainak 9an igotako berreskurapeneko argazkia

DSCN8191[1]

Maputxeek burututako beste lur berreskurapen baten argazkiak emanaldian

Lur berreskurapen hauetan, lehenik eta behin biziraupeneko nekazari komunitate txikietako diren maputxeek, euren jatorrizko lurraldeak izanik ere, kolonizazioaren bidez pribatu bihurtu zituzten basoetako lur eremu bat aukeratzen dute. Jarraian poliki-poliki basoa soildu, eta lurjabe pribatuen erasoetatik babesteko zein ihes egiteko beti prest, lan arriskutsu, gogor eta luzearen ondoren, azkenean hautatutako lurra landa-eremu emankor bihurtzea lortzen dute. Azkenik, urte askoren buruan, latifundista zuriaren eskuetan zegoena Maputxe Herriarentzat berreskuratzea lortzen dute, ez askotan ordainik, zigorrik eta lurjabe-pribatu handien zein lege eta sistema estatalen erasorik gabe.

Bide luzea eta zaila, baina berreskurapen arrakastatsuek erakutsi bezala, emankorra eta epe luzera begirakoa.

DSCN8194[1]

Entzuleak adi Leireren esperientziei

Berreskurapenez gain, lurraren jendea den Maputxeen hizkuntzari (antza, zoritxarrez egoera gero eta zailagoan dagoen mapugunduna), kulturari, pentsamenduari, bizimoduari, estrategia eta antolaketa diferenteei zein etorkizunari buruzko hainbat eta hainbat kontu eskaini zizkigun brigadistak. Zailtasunean eta bizirauteko gogortasunean, poztasuna eta euren bizimoduarekiko atxikimendua azpimarratu zigun Leirek. Munduan zapalduenak diren jatorrizko herrien aldeko lanaren balioa agerian jarriaz.

Herri Maputxeari buruzko informazio gehiago nahi izan ezkero, argazkian euren informazio zuzena ematen duten web orrietako batzuk ikusgai:

DSCN8197[1]

Marichi weu!! (irabaziko dugu mapugundun hizkuntzan)

Share

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude