Euskaraldian parte hartzea esperientzia polita eta aldi berean neketsua iruditu zait. Balorazio orokorra egin beharko banu, esango nuke ereduzko Ahobizia ez naizela izan, horrekin esan nahi dudana da batzuetan “arauak” apurtu ditudala desesperaziogatik, nagiagatik edo erosotasunagatik. Ez dut inoiz dietarik egin, baina esan ohi da gerokoa dela gogorrena. Ba horixe bera uste dut gertatu zaidala niri, hasierako egunetan bikain eta gero tranpatxoak egiten ibili naizela jis jis jis. Halere, ez da erraza Ahobizi izatea bikotea, lagun min, senide eta auzokide asko erdaldunak direnean, beraz, zentzu horretan ez naiz hain ezkor jarriko, hauetariko batzuek Euskaraldian parte hartu dutelako egunero txapa eramanez eta beste askok nahiz eta txaparik ez eraman Belarriprest rola hartu dutelako. Beraiekin, tarteka, euskaraz bizi izan naiz eta arrazoi honegatik bakarrik hurrengo urtean, nahiz eta ziurrenik tranpatxoekin, Ahobizi izateko asmoa daukat.