Egia esanda, ez zait nire egunerokotasuna asko aldatu AHOBIZI izanda. Normalean izaten dudan jarrerari eutsi diot: lehen hitza euskaraz eta ulertzen nauen ororekin euskaraz. Hala ere, sentitu ohi dudan bakardadearekin alderatuz, Euskaraldian babestua sentitu naiz, pentsatzen dugun baino gehiago gara euskaltzaleak! Indar asko eman dit kaletik jendea txaparekin ikusteak, benetan, txapa eramatearen ekintza soilak uste dugun baino gehiagorako balio izan du.
Hala ere, maiz txapa eramatea benetan konpromisoa betetzeko erreminta ordez, euskararen alde egotearen ikur “posturetia” bihurtu delako sentipena izan dut. Euskararen alde egotea “guaya” izatea baikorra izan daiteke baina, gazte euskaltzaleok euskararen alde egotetik euskaratik aritzera egin behar dugu. Gure konpromisorik gabe eta gure eskubideak bermatuko dituen politikarik gabe ez dago Euskal Herria euskaldunik. Heldu diezaiogun erronkari 365 egunetan!