Azaroak 28, Euskaraldiaren seigarren eguna. Dagoeneko badaukat gertakari pozgarrien bildumatxo bat, eta horren berri emango dizuet:
Ostirala, lehen eguna. Kontsulta daukat Basurtuko Ospitalean. “Egun on” –esan diot sendagileari, baina berak, bilbotarren ohiko agurra delakoan, erderaz hitz egin dit; bat-batean, nire txapa ikusi eta hara non hasi den euskaraz hitz egiten. Ordutik aurrera, dena euskaraz.
Zapatua, bigarrena. Opari bat erosi behar dugu. Patuak eroanda edo, kirol denda euskaldun batera heldu gara, pegatina erakusleihoan, hiru saltzaile: bi ahobizi eta belarriprest bat. Uste dut behar baino gehiago erosi dugula, hori bai, euskara hutsean.
Igandea, hirugarrena. Santurtzi-Bilbo lasterketa. Txapa berokitik kamisetara aldatu dut. Korrikalari asko ikusi ditut nire moduan; propio aldatuta. Ibilbidean zehar erritmo eta abiadurari baino, inguruko elkarrizketei erreparatu diet. Asko izan dira.
Astelehena, laugarrena. Ohiko egun euskalduna niretzat (lantokia, goiz erdiko kafea, familia, arratsaldeko paseotxoa…) bildumarako gaurko “alea” iluntzean aurkitu dut, Deustuarrak kafetegian, hiru zuritu eskatuta, tabernariak “argiak ala ilunak?” -galdetu digunean.
Asteartea, bosgarrena. Gaur kalabaza gehiago jaso dut, hala ere, ikasleek azaldutako egoera batzuk neure egin, eta bilduman sartu ditut.
Heldu da seigarrena, nire proaktibotasunak bitaminak behar ditu hamaikagarrenera arte lanean jarduteko. Zorionez, asteburuaren atarian gaude. Gainera, ondotxo dakit ale berezienak beti izaten direla lortzen diren azkenak. Animo danoi!