Azkenean hasi dugu Txantxikutarrok horrenbeste espero genuen ikasturtea. Biziki maite dugun sudadera berdea jantzi eta larunbat arratsaldea Done Petri plaza musika eta gaztetasunez bete genuen.
Arratsaldeko 17:00etan geratu eta elkarren izenak ikasi ostean, gogotsu ekin genion Deustuko kaleetan zehar antolatutako ginkanari. Deustuko punta batetik bestera ibili ondoren eta txoko desberdinetako frogak behin gaindituta, ginkana hasi genuen leku berera bueltatu ginen, Done Petrira.
Ginkanan “gastatutako” energia guztia berreskuratzeko, musikaz girotutako merendolaz disfrutatzeko aukera izan genuen, baita berrienek txantxi-otordu bakoitzaren aurretik ezinbesteko dugun “ñam ñam on egin” abestia ikasi ere.
Gogoratu, gaur, urriak 9, guraso bilera egingo dela Bidarten 19:30tan, eta ordutik aurrera matrikulatzeko epea zabalduko dela. Animatu denok gurekin euskara hutsean kurtsoaz disfrutatzera! Arratsalde pasa, egunpasa, asteburupasa eta astesantupasa ahaztezinak bizitzera! Egunerokotasuna berdez janztera!
IKU IKU TXANTXIKU!!!!