“Hirugarren mailan mantentzea eta bazkide gehiago egitea helburu ditugu”

Taldea igoera ospatzen

DEUSTUA- Aner Sánchez, SD Deustuko presidentea, Etxezuri futbol zelaiko terrazan zai dugu. Alkondara urdina eta ileetan gomina, abegikor agurtzen digu. Pozarren dago. Hirugarren mailara igotea ez da nolanahiko lorpena. 

Lehenik eta behin zorionak, 36 urte eta gero 3 mailara itzuli zarete, pozik ezta?

Bai, oso pozik gaude. 3 mailara igotzea ez zen denboraldi hasieran ezarri genuen helburua baina hasieratik bertatik goiko postuetan ibili ginen eta azkenean igotzea lortu dugu. Guk maila mantendu nahi genuen, gero eta gorago egon eta… Beraz, sorpresa hartu dugu.

Zenbakiek diote atean oso gol gutxi jaso duzuela eta etxean oso puntu gutxi galdu duzuela

Oro har, taldea sendo egon da. Atean oso gol gutxi jaso dugu, bai, eta oso aukera gutxirekin gol ugari sartu ditugu. Halere, Ohorezko mailako goiko partean egoteko atzean sendo jardutea giltzarria da eta gu oso sendo aritu gara defentsan. Badira talde askok guk baino gol gehiago sartu dituztenak baina mailean geratu direnak gol asko ere jaso dituztelako. Gol gutxi jasotzea 3. mailara igoteko gakoa izan da.

Non eta etxean lortu zenuten igoera…

Hiru aukera genituen: lehena xahutu genuen Iparralden, Indautxuren kontra, eta bigarrenean lortu dugu. Oso polita izan zen: etxean lortzea desberdina da, jende asko egon zen hemen, mila pertsona gutxi gorabehera; fanfarria eta guzti izan genuen. Anbiente polita egon zen. Auzoan asko ospatu da igoera. Ea giroari eusten diogun eta bazkide gehiago egiten ditugun datorren urtean.

Jokalariek eta zaleek bat egin zuten

HIRUGARREN MAILARA BEGIRA: “Mantentzea da helburua”

2015-2016 denboraldia gertu du Deustuak; kategoria zaila Sánchezen arabera. Bertan, Santutxurekin lehiatuko dira Bilboko bigarren taldea zein den jakiteko.

Datorren denboraldia prestatzen hasi zarete? Aldaketa handirik egongo da?

Bai, oraintxe bertan batzartu gara ze 2015-2016ko denboraldia abuztuak 20-21 hasten da eta oso denbora gutxi dugu prestatzeko. Hori bai, taldea mantendu nahi dugu eta 10-12 jokalari geldituko dira gurekin.

Zerk egiten ditu Ohorezko eta 3. maila ezberdin?

Abiadura da bi mailen arteko ezberdintasun nagusia, baloiarena batez ere. 3 mailako jokalariak askoz teknikoagoak dira, beraz pilota askoz arinago mugitzen dute. Asko nabaritzen da.

Amesten hasita, zeuen burua Errege Kopan ikusten duzue orain dela 40 urte bezala?

Datorren denboraldiko objetiboa disfrutatzea da. Hori argi dugu. Gaur egun ezin dugu halako ametsik aurreikusi ze Etxezuri zelaia ez da gurea, gero eta publizitate eta diru gutxiago dago eta dirulaguntzak eskaxak dira. Datorren urtean disfrutatu nahi dugu eta mantentzen bagara, bada, sorpresa hartuko dugu.

Zergatik?

Herriko taldeek askoz diru gehiago daukate, bertoko udaletxeen laguntzak askoz handiagoak direlako. Bilbon 20 futbol talde daude, gero saskibaloia, hockey, eskubaloia… Dirulaguntzak banatzeko askoz talde gehiago, beraz.

Zelaia txiki geratu zen ospakizunerako

EUSKARA: “Ahal dugun neurrian erabiltzen dugu”

CD Deustuko presidenteak badu geure jardueraren berri. Ane Rotaetxe bazkideak zenbait elkarrizketa egin diola diosku Sánchezek, euskararen gainean itaun egingo diogula jakinaraztean.

Presidentea euskalduna, kirol koordinatzailea euskalduna, hainbat entrenatzaile gazte euskaldunak,… noizko pre-benjaminen entrenamenduak euskaraz?

Gu futbol talde bat gara, beraz, umeentzako entrenatzaile on bat lortu behar dugu. Euskaraz badaki, askoz hobeto, baina geuretzat lehengo helburua entrenatzaile onak izatea da. Dena den, euskaraz dakiten entrenatzaileek euskara erabiltzen dute. Esaterako, 17 taldeetatik hiruzpalau taldeetako entrenatzaileek euskaraz egiten dituzte entrenamenduak. Gainera, eurek egiten dute euskaraz, ez diegu ezer esan behar.

Nagusien etxeko azken partidu bietarako idazkiak banatu zituen taldeak ele bidetan. Zergatik zen ulertezina euskarazko bertsioa?

Hemengo zuzendaritzako kide batek itzulpenak egiten ditu eta ez dakit zer gertatu den.

Joan den deboraldiko webgunea euskaraz ere duzuela ikusi dugu, baina kartelak, euskaraz ere egiten dituzue?

Bai, normalean bietan egiten ditugu kartelak baita umeen informazioa (gurasoentzat gutunak edo abisuak) ere. Ahal dugun neurrian, euskara erabiltzen dugu.

Kamoi batek Deustuan zehar eraman zituen jokalariak

Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen. Argazkiak Jon Nabarrok eginak dira. Eskerrik asko Prest!-eko lagunei argazkiak lagatzearren.

Share

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude