Joan den ostiralean, Antton Curutcharryk eta Ihintza Ostolazak Ipar Euskal Herrian martxan dabiltzan hiru dinamika aurkeztu zizkiguten.
Autonomiarako martxa luzea
Urtarrilaren 1etik aurrera Ipar Euskal Herriak bere lehen egitura propioa izango du, HELEP bat, zeina, Baigorriko hautetsia den Antton Curutcharryren esanetan, geure mankomunitateen parekoa baita. Beharbada guretzat “gauza ttipia da” baina Ipar Euskal Herrian aurrerapauso handia da, izan ere, 1790an Txomin Garatek “Ma région proteste” esan zuenetik hona 200 urte baino gehiago igaro baitira autonomiaren bidean urrats bat egin arte.
HELEPek hainbat eskumen garatzea ahalbidetuko du Ipar Euskal Herrian, bestak beste ekonomia garapena, espazioaren antolamendua, errepide eta aparkalekuak, goi mailako irakaskuntza, ikerketa. Currutcharryk azaldu zuenez, Unibertsitate bat eukitzea eskatuko dute baita hizkuntza politika arautzeko eskumena ere. Gaur, erlojupean lanean ari dira, izan ere, datozen lehendakaritza-hauteskundeak baino lehen abiatu nahi dute egitura berria, atzera bueltatzeko aukerak murrizteko asmoz.
Sagardi bat euskarazko hezkuntzaren alde
Sarreran, Ihintza Ostolazak Ipar Euskal Herrian euskarak bizi duen egoera aurkeztu zigun. Egun, euskarak behera egiten du eta transmizioak ere ez du euskararen biziraupena bermatzen, nahiz eta gazteen arteko erabilera mailak gora egin. Gainera, ikasleen %70ak ez du eskolan euskararekin kontakturik. Hala ere, itxaropentsu egoteko arrazoiak daudela dio Ostolazak: elebiduden igoerak, euskararen gaineko jarrerak hobera egin du; egun, adibidez, ez dago ondo ikusia jendaurrean euskararen kontrako diskurtsorik botatzea, eta euskarazko hezkuntzaren igoerak egoera aldaketa ahalbide baitezakete.
Seaska da aldaketa honen ispilua: 1969ean 5 ikasle zituen eta gaur 3600tik gora dira. Aurki, laugarren kolegio bat (DBH ikasteko) eta Lanbide Heziketa zabaldu nahi dituzte Baionan eta proiektua bururaino eramateko Hazten dugu hazten gaitu proiektua abiatu dute, zeinak obrak egiteko 300.000€ lortu nahi dituen. Horretarako, sagarrondoak jarri dituzte salgai, bi lekuetan erein daitezkenak: nork bere herrian edo Euskararen Sagartzean Baionan. Interneten edo banku transferentzien bidez erosi daitezke eta euskarazko hezkuntzari bultzadatxoa eman!
Etxauzia berreskuratu eskualdea indartzeko
Ipar Euskal Herriko barnekaldea husten ari da. Ez da kontu berria, baina gazteek kanpora joaten jarraitzen dute. Horri buelta emateko Etxauzia gaztelua Nafartarren Etxea/ Euskaldunen sarea bilakatu nahi du Etxauzia elkarteak eta euskaldun bat euro bat kanpaina abiatu dute, jabeek eskatzen dituen hiru miloi euro ordaindu ahal izateko.
Antton Curutcharryren berbetan elkarteak hainbat proiektu zabaldu nahi ditu gazteluan, Baigorriko ibarra berpiztuko luketeenak: Nafarroako Erresumaren gaineko museoa, diasporaren artxibo bat, kulturgune bat edota ibarreko enpresek aurkezpen eta kongresuak egiteko gela. Momentuz, 100.000€ lortu dituzte, marka handia baina jabeek jarritako prezioatik urrun. Parte hartu nahi baduzu, sartu hemen eta argibideak jarraitu, ez zara damutuko!
Hurrengo zitak:
– Abenduaren 2an, 20:00etan: Physis VS Pelaxen kontzertua Mullerenean
– Abenduaren 3an 21:00etan: Iparralde gaualdia Zawpen
– Abenduaren 15ean 19:00etan: Euskara eta feminismoa bidaide berbaldia Mullerenean
Gogoratu, Ipargaldetegia martxan dela eta Alduden asteburu bat zozkatuko dugula. Txanza on!