Arratsaldeko 16:30ak dira. Madariaga kaleko Ariltze tabernan Jabi egunkaria irakutzen ari da. Astero bertan biltzen da bere berbalagun taldea eta euren zai dago. Atoan, Kepa iristen da eta eguraldiaz mintzo gara edozein igogailuan baikeunden. Kepak liburu bat dakar: El Mansoleo y los zapateros de Pimiango, Eugenio Campandegui apaizak idatzia. Kepak azaltzen duenez, Asturiaseko zapatari ibiltarien hizkerak zenbait hitz ditu euskaratik ekarriak, liburak bildu dituenak. Anak, heldu berri den beste berbalagunak, hizkera haren berri du. Jabik orriak pasatzen ditu, euskaratik ekarritako berbak irakurtzen: Chacurru (txakurra), Ascor (asko), Zarria (zaharra). Eragina begibistakoa da. Kepak diosku mikroipuinen bila etorriko dela Berbaizura. Nik erantzuten diot Jabi epaimahaiko kidea izan dela eta Anak Jabi “lan askotako gizona dela” diosku. “Txiroa ziur” eransten du Kepak. Cristina ere heldu da eta barreka ari gara guztiok. Giro ona dago.
Neure asmoa agertzen diet: Berbaizun berbalagun taldeak elkarrizketatu nahi ditugu. Anak geure emailak irakurtzen dituela diosku. « Gustuko ditut Jonen epistolak ». Ohi legez, Kepak abiatzen du berriketa. Gizona mendizale amorratua da, baita saltsa guztietako perejila ere. Joan den astean Asturiasen egon zen. Bertan erosi zuen liburua. Eguraldia zela-eta, ezin zen mendira joan. Hondartzak zeharkatu zituen, ordea. Cobijeru eta Golpiyuri aipatzen dizkigu. Igandean Ahuntz egunean egon zela diosku. Non ospatu zen galde egiten dio Cristinak. “Baranbion” erantzuten du Kepak eta Gorbeiarako bide malkartsua aipatzen du. Asturiaseko liburuari buruz hitz egiten hasten da berriro eta glosarioa erakusten digu “Hizkuntza guztitetako hitzak hartu dituzte” azpimarratzen du Cristinak eta galegoz eta ingelesezko berbak aipatzen ditu. Ogibide ibiltariez solasten dira lipar batez eta Bilbainadak kantatzeari ekiten dio Kepak. “Ganoraz etorri zaigu gizona” abisatzen digu Anak.
Apurka-apurka ordua bukatzen ari da. Berbalagunek solasean dihardute. Euskara hutsez, noski. Kepak euskaltegiko klaseak bukatu berri ditu. Cristinak eta Anek azterketari buruz galdetzen diote, ea ondo atera zaion. “Ez dugu azterketarik izan, auto-ebaluazioa izan dugu”, erantzuten die Kepak. “Nolakoak zarete, azterketa barik!” arrapostu egiten diote bi emakumeek. ‘Ebaluazio’ edo ‘ebaluaketa’ hitz zuzena den eztabaidatzen hasten dira. Euskaldun bakoitzak daraman filologoa azalarazten dugu. Jabik mugikorrean erantzuna bilatzen du. ‘Ebaluazioa’ da hitz zuzena. Fini eztabaida. 17:30ak dira eta oharkabean ordua pasa zaigu. Datorren asteko bazkariaren gainean hitz egitera pasatu dira: non eta ze ordutan egingo duten etabar… 2014-2015eko ikasturtea bukatu zaie eta deskantsatzea dagokie. Datorren urtera arte agurtzen dugu elkar eta nork bere bidea hartzen du. Euskaraz bizi izan gara ordubetez.