Gosea zegoen haiek entzuteko eta goseak ez, asetu ezinik atera ginen abenduaren 15ean ostegunez Mullerenea bete genuen 40tik gora lagunak. Pare Deustuko Talde Feministak eta Berbaizuk elkarlanean antolatuta, Idurre Eskisabel Larrañaga EHUko irakaslea eta Lorea Agirre Dorronsoro Jakin aldizkariko zuzendaria izan genituen Euskarak eta Feminismoak elkar urratzen duten eremuen inguruan solasean. Biek ala biek topo egiten duten esparruetan murgilduz, azterketa diskurtsibo eta praktikoetatik sortuak, etorkizuneko hazi izateko borondatea duten hainbat arlo jorratu zituzten, kritika feministak eraikitako metodologia eta ezagutzak euskalgintzan zein isla izan dezaketen hausnartuz eta proposatuz.
Naturalizazioen identifikazioa, genero, klase eta arraza zapalkuntzen intersekzionalitatea, arraza, nazioa eta hizkuntza kontzeptuen erkaketa, Euskal Herriko feminismoaren ibilbide historikoa, ahalduntzea, autojabekuntza, genero eta hizkuntza identitateen kontzientzia, eraikuntza zein deserainkuntza, Angela Davisen proposamen teoriko eta praktikoak, botere harremanak, euskalduntasunaren formak, antikapitalismoa, hizkuntza gutxituen zein emakumeen aldeko lana edo berdintasunaren aldeko zein homogeneitatearen kontrako borroka izan zituzten hizpide beste askoren artean bi orduz luzatu zen saioan.
Laburpen gisa, aipu hau ekarriko dugu hona:
“Gizonaren alde egiten dena, gizonaren alde soilik egiten da. Emakumearen alde egiten dena, guztion alde egiten da. Gaztelaniaren alde egiten dena, gaztelaniaren alde soilik egiten da. Euskararen alde egiten dena, hizkuntza gutxitu eta baztertu guztien alde egiten da”
Hizlariekin jarraian jazotako iritzi-trukeak erakutsi bezala, interes berebizikoa piztu zuen hitzaldiak bertaratuen artean, etorkizunean soka ekarriko duen gaia eta hausnarketa ildoa dela nabarmen erakutsiz.
(argazkiak Ekuador Etxearen eskutik. Gehiago hemen)
Oh: Hizlariek parte hartzen duten Eskafandra Taldearen “Baltza Nazela Dineurie” errezitaldia gaur, abenduak 29 osteguna, arratsaldeko 19:30ean BIBA!-n.