Deustuko Kiroldegiko Ikastaroen %5 baino gutxiago euskaraz

Urtero bezala Bilboko Udalaren menpeko Bilbao Kirolak Sozietateak kudeatzen dituen kiroldegietako jardueren berri izan dugu herritarrok duela aste gutxi. Bertan beste datu askoren artean esaten da nola 2013/2014 ikasturterako 24.000 plaza baino gehiago eskainiko diren programaturiko 69 jardueren baitan.

Horrez gain, estreinakoz, euskararen aldeko ahalegina aipatzen du espresuki Bilbao Kirolakek, esanez 69 horietatik 23tan euskara hutsezko eskaintza bermatuko zaiola erabiltzaileari. Era berean “sozietatearen begirale guztiak elebidunak direla eta erabiltzaileei euskaraz zein gazteleraz atenditzeko gai direla gogorarazi” nahi duela aipatzen du Bilbao Kirolakek.

Kiroldegietako erabiltzeok orain arte nabarmen pairatu dugu hurrengoa: euskara ez da egon Bilbao Kirolaken inongo agendetan, eta ohar elebidunetatik kanpo oso gutxitan egon da non erabili eta entzun. Programazio eta jardueretan zein arreta zerbitzuetan ezaguna da euskara erabat desagerturik egon dela urte luzez, edonor txunditzeko moduan gainera. Beraz, zentzu horretan, positiboki baloratzen dugu urteko programazioaren antolaketaren baitan behingoz euskarak leku propioa izatea. “Garaia zen” pentsatu genuen.

Handik gutxira, bertan jarduera zenbait egin izan dituzten deustuarrekin han eta hemen hitz eginda, irakurritakoa zalantzan jartzera eramaten gintuen datu bat ezagutu genuen: agian begirale guztiak izango dira elebidunak, frogatuko dute agian euren euskara maila nolabait. Orain, jardueretan, ikastaroetan, ez da horrela izaten, eta ume askok behintzat, nahiz eta euren lehen hizkuntza euskara izan eta gazteleraz halamoduz moldatu, gazteleraz egin behar izaten dute begiraleekin haien euskararen erabilera hutsa delako. Hutsaren hutsa. Dela “beste ume batzuek euskaraz ez dakitela” esaten dutelako, dela euren balizko euskara maila ez delako aipatutakoa, “elebidun” omen diren ikastaro horiek gaztelera hutsezkoak dira gehien-gehienetan. Horrela da gutxienez Deustuko kiroldegiko jardueretan.

Behin zalantzak hasita, Deustuko kiroldegiak 2013/2014 ikasturterako antolaturiko ikastaroen liburuxkari begirada bat ematea bururatu zaigu. Burutazioak gureak! Bilboko kiroldegietan euskaraz bermatuko omen diren 23 ikastaro horiek Deustun nola gauzatuko diren begiratzean, harridura gurea: 27 ikastaro eskaintzen dira Deustuko kiroldegian, eta horietatik 2 baino ez euskaraz! Bi ikastaro horietan apur bat sakonago begiratu eta Patinajean 5 ordutegi-eskaintzatik 3tan da posible euskaraz inskribatzea. Igeriketan aldiz, hiru ikastaro mota eta 46 ordutegi-eskaintza ezberdin, eta horietatik guztietatik mota bakarreko 2 ordutegi-eskaintzetan baino ez euskaraz eta soilik ostiraletan! Beste kalkulu bat eginda, 27 ikastarok 106 ordutegi-eskaintza dute Deustuko kiroldegian, eta horietatik guztietatik 2 ikastaroren 5 ordutegi-eskaintzatan baino ez zaigu euskaldunoi beste guztiekin berdintasunez euskaraz kirola praktikatzeko aukera bermatzen.

Datuok ikusita ez dakigu argi ea Bilbao Kirolakek Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren gomendioak ezagutzen dituen, ea bigarren mailako herritarrak garelakoan Bilboko Udalak bere menpeko sozietate honetan ez daukan euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko asmorik edo ea 35 urte zain egon ondoren beste 100 urtez zain egon beharko dugun berdintasunez eta normaltasunez gure herriko zein Bilbo osoko polikiroldegietan arreta euskaraz izan eta Yoga, Pilates edo Aerobic ikastaro sinple bat euskaraz jaso ahal izateko.

Urriko Prest! aldizkarian argitaratua.

Share

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude