Joan den ostiralean Eneko Bidegain gurean egon zen Gerla Handia Iparraldean berbaldia eskainiz. Bertan azaldu zuen bi ondorio utzi zituela gerrak: 6000 hildako eta frantses izatearen sentimendua errotu zen orduan. Bigarrenak euskararen atzerakada ekarri zuen, Bidegainek berak bideo hontan azaldu bezala eta, Eñaut Alfarok salatu bezala, euskaldunak arrotzak direla sentitzen dute askotan:
Gerran zehar, hainbat euskaldun atxilotu zituen Alemaniak eta horietako zortzi kantatzen grabatu zituen Prusiako komisio fonografikoak. Berriki, Euskal Kulturaren Erakundeak (EKE) kanta hauen kopiak jaso zituen, Berlingo Etnologia Museoak eta Humboldt Unibertsitateak bidaliak, eta HUHEZIko Elena Canas eta Ainara Menoyo ikasleek audioak ikertu dituzte eta euren balioa transmititu nahian Maitia Nun Zira dokumentala egin dute.
Gerla Handiak aztarna handia utzi zuen Euskal Herrian, mugaren hegoaldean arrotza iruditzen bazaigu ere. Geure esku dago egoera iraultzea.