Gaurtik iganderarte ZEN jaialdia izango dugu Deustun. Mullerenean kontzertu bi izango ditugu, 19:00etan Naroa Gaintza eta David Nanclaresek 22metrokoadro proiektuaren Karratura aurkeztuko digute eta igandeko 18:00etan Adama Gindo eta Kamele Gonik Burkina Fasoko musika ekarriko digute. Kurioski, gaurko eta etziko kontzertuek hasiera eta amaiera emango diote jaialdiari, hurrenez hurren, eta hasierako saioan sorpresatxo bat antolatu dugu.
Baina igandean musika itzaliko balitz, ez genuke galdera ikurririk jarriko artikuluko izenburuan. Musikak ez du etenik izango asteazkenerarte. Ez Berbaizun, ezta Deustun ere. Kantuak ibilbide luzea du Euskal Herrian eta otsailaren 4ean, Agate Deunaren bezpera, Kantugintza taldeak Deustuko kaleak urteero lez betiko doinu eta hitzez beteko ditu 19:00etatik aurrera Done Petri enparantzatik abiatuta. Aurten izara eskuan diru bila ibiliko dira Berbaizuren alde. Beraz, musika gustuko baduzu hainbat hitzordu dituzu gaurtik aurrera gurekin kantuz- kantuz ibiltzeko, baita geure lanari bultzada emateko ere!