Hasi dugu 2.014ko Bidaia Kontaketen zikloa. Eta nola hasi ere! Asteazkenez, maiatzaren 14arekin, Iñaki Iglesias lagunak bere motxilan lekua egin eta Bosniako Banja Lukan hasita, poliki poliki, Balkanak gurutzatzera eraman baigintuen bidaia eder bezain gogor eta sakonean barrena.
Hainbatetan izana da Iñaki Balkanetako herrialde guztietan, eta horietatik oraingoan Bosniatik Albaniara bideratu gintuen, eta handik jarraian Kosovora. Horrela egunotan uholdeek hain zigortua izan den Bosniako mendebaldean hasita, gaur egun Bosniako Serbiarren Errepublikaren hiriburua den Banja Lukan geratzen diren musulman apurrak nola bizi diren ezagutu genuen edo haien suntsitu gabeko azken mezkitak nola dauden erakutsi zigun.
Garbiketa etnikoen aurretik Bosniak zuen osaketa etnikoa erakusten duen mapa. Jarraian, gaur egun, gerraren emaitza diren eskualde etnikoki ia-homogeneoen mapa azaldu zuen eta baita horren ondorioak aztertu ere.
Handik Sarajevora egin genuen, gerraren min eta hondarretatik bere burua berreraiki nahi duen hiri xarmaz betea argazki eta hainbat bizipenen bidez gure aurrera ekarriz. Horrela, beste askoren artean, Europaren erdian beharrean gutako edonork Asia Erdialdean irudikatzen dugun mezkita handi baten patioan sartzeak sortzen duen zirrara azpimarratu zuen.
web bosniar batetik hartu dugun argazki honen antzeko batzuk bota zituen Iñakik bere emanaldian
Behin Sarajevon geundela, eremu musulman-kroaziarrera edo serbiarrera joateko autobus geltoki diferenteak daudela azaldu zigun hizlariak, euren artean itsu-mutu eta gor diren geltokiak, batean besteari buruzko argibiderik topatzea ezinezkoa diren geltokiak, bata Sarajevoko auzo musulmanean kokatua, bestea serbiarrean. Gerrak zatitutako eta bizkar emanda bizi diren jendeen geltokiak azken finean.
Behin Sarajevoko kale eta azoketan ibilita, Iñakik Bosnian ezker-eskuin mugitu gintuen, orain Serbiako mugaraino, orain Kroaziarekiko mugaraino, orain Poticelj izeneko herri txundigarriraino, orain erdi-aroko Visegradeko muga-zubiraino, azken geldialdia Mostarren eginez. Turismoaren irudiez haratago, Mostar bosniar-kroaziar katolikoen eta bosniar-musulmanen arteko maila guztietako banaketa zubi berreraiki batek islatzen duen herri ederra dela gogoratuz.
Gaur egun berreraikia dagoen eta Gerran gertakari ilunetan suntsituako zubiaren argazkia.
Bosnia utzi baino lehen, herrialdean naturak bor-bor egiten duela erakutsi zigun Iñakik, inongo mendikate famaturen urjauzi, mendi eta lakuen batere enbidiarik ez duten paraje zoragarrien irudiak Mullereneara ekarriz.
Bosnia utzi eta Albanian egin genuen sarrera Iñakiren eskutik. Handik Tiranako nahas-masa, koloretako eraikinak, herrialde osoan zehar han-hemenka barrieaturiko 600.000 bunkerrak, prezio merkeak, Greziarekiko mugan Saranda izeneko Benidorm-sortzen-ari berriak edo 1.000 leihoen hiria deitzen dioten Berat herria arakatu genituen.
Asko kontatu zigun Iñakik Albaniari buruz, eta bereziki gustura aritu zen Valbona izeneko haranaren inguruan. Herrialdearen iparraldean kokatua, Montenegrorekiko mugan, lurralde urrun, ahaztu eta menderakaitza lez aurkeztu zigun Iñakik, naturaren arauen menpe oraindik bizi dena, asfalto eta porlanetik alderrai. Hain aldendurik, ezen oraindik ere urtean 4-5 hilabete guztiz isolaturik ematen baitituzte eskualde horretan elurra dela bitarte. Bertakoen hitzak ekarri zizkigun Iñakik, eta nola oraindik haietako askok ez duten zibilizazioarekin lotuko dituen errepide onik eta diru gehiago ekarriko dien turismo olderik nahi, naturarekin eta tradizioarekin duten lotura hautsiko ote dieten prebentzioz.
Europako azken inguru ahaztuetakoa den lurralde alpino horretan, egitura soziala klanikoa da nagusi, Iñakik azaldu bezala, eta oraindik ere antzinako ohore-kodeek gidaturiko arau sozialak dira ia-ia lege bakar.
hizlaria Balkanetako hizkuntzen arteko harremanak eta familiak azaltzen. Interesgarria nola Bosnian hiru komunitate etniko nagusiek hizkuntza bera duten (serbokroatera)
Azken geldialdia Kosovon egin genuen, eta Pristina eta Mitrovicez gain, serbiarren azken gotorleku erlijioso eta sinboliko diren monastegi ortodoxoetara egindako eguneko bisitak azaldu zizkigun. Kosovok duen gatazkari buruzko xehetasun gehiago emanez eta euskaldun gisa agertzeak Kosovon edo Serbian jasotzen dituen harrera ezberdinak adibide joriz jorratuz bukatu zuen saioa bidaiariak.
Eskerrik asko Iñaki hain saio aberatsa eskaintzagatik!!! Balkanak zure eskutik hobeto ezagutzeko zain geratzen gara…