Berbaizuko “Koordinazio bileran” hizkuntza aniztasuna datozen urteetan, udaberri kulturalaren eta bazkidetza kanpainaren aurkezpenak

Hilaren 25ean, Berbaizu Euskara Elkarteak hilabetero egiten duen bazkide eta deustuarrentzako bilera irekian aurkezpen bat eta bi ekimenen berri emango dute. Koordinazio bileraren markoa aprobetxatuz datozen urteetan hizkuntza aniztasunari nola heldu diezaiokegun aurkeztuko digute Topaguneko lankideek. Euskal hirietan geroz eta handiagoa den kultura aniztasuna izpide, euskarak hartuko duen lekua eta kultur aniztasun horretan integratzeko bidea izango dute mintzagai. Aurkezpenak 45 minutu iraungo du.

Baina horrez gain, Berbaizuk hurrengo hilabeteetan egingo dituen eskaintza kulturalen aurkezpena egingo dute, guztira 6 eskaintza izango dira eta “Udaberri Kulturala” deituko da ekimena. Azkenik, barnera begira, martxan jarria duten bazkidetza kanpainaren berri emango dute eta Otsailaren 28an pasatuko den kuotaren berri emango dute.

Share

Euskararen eguna aitzaki gure Prest! aldizkariaren 20. urteurrena ospatu genuen

Ospakizun xumea egin zuen Berbaizuk aurtengo abenduaren 3an, pandemia egoeraren joera ikusita, jai handirik ez zen antolatu. Hala ere, formatu txikiago batean, Deustun euskaraz bizi gura duten herritarrak daudela aldarrikatuz plaza hartu genuen.

Gainera, aurten Prest! aldizkariaren urteurrena ospatzen ari gara Berbaizun eta zenbait ekintza antolatu ziren: Bihotz Alai dantza taldeak antolatutako dantza kalejira, gero frontoiaren goiko aldean bukatu zena; Gaztetxean, gazteentzako formazio-tailer bat antolatu zen “euskarak independentzia eta independentziak euskara”; Matxingorri gazte konpartsak eta Berbaizuko kantugintza taldeek kantu poteoarekin alaitu zuten auzoa eta bukatzeko Oinutsik erromeriak giro bizitu zuen Gaztetxean.

Eguneko argazkia, arratsaldeko 19:30etan, atera zen Deustuko Iharra Frontoian “Euskaraz bizi nahi dut” lema pean. Antolatzaileak gustura gelditu zirela aipatu zuten, eta Deustun mugimendu euskalduna generazio desberdinketakoa delako ondorioa aterata aurrera egiteko bidea dagoela nabarmendu zuten, “erabileran eragiteko erronka daukagu hurrengo urte hauetan”.

Share

Ardo dastaketa antolatu dugu Bordatxo Jatetxean abenduaren 23an

Berbaizu Euskara Elkarteak ardo dastaketa bat antolatu du berean salgai dituen ardoak saltzeko asmoz. Abenduaren 23an, arratsaldeko 19:00etan, antolatuko den ekimen hau Imanol Sarasola etnologoak gidatuko du. Bertan hurrengo ardoak dastatu eta erosi ahalko dira:

  • EL FLAKO
  • SELECCION PERSONAL OREKA
  • HNOS. FRIAS DEL VAL : JOVEN, CRIANZA, RESERVA, EXPERIENCIA

Bertaratzeko ez da aurretiazko sarrerarik erosi beharko, bertan ordainduko da, 10€ ko prezioa edukiko du sarrerak (jatekoa eta edatekoa barne) eta berbaizukide direnentzat 5€tan izango da sarrera. Antolatzaileek Deustuko edozein ardozaleri egiten diete dei, aukera paregabea izango delakoan gabonetako afari eta bazkarietako ardoak erosteko, eta aldi berean, herriko euskara elkartea laguntzeko.

Eskaintza berezi bat ere kaleratu du Berbaizuk dagoeneko, El flako botila eta Oreka botila sorta 20 euroko prezioan (merkatuko prezioaren %30eko deskontua) eta 2 sorta hartuta 37 euroko prezioan. Eskaintza hau web orrialdean eskatu daiteke BERBAIZU DENDA atalean, eta gaurtik aurrera jaso daiteke Berbaizun.

Share

ANA MALAGON “Ez dakit zertaz ari zaren” liburuaren solasaldia Deustun

Zenbat aldiz hitz egin duzu idazle batekin irakurri berri duzun liburuaz? Fermin Mugurazak, Negu Gorriaken abestian zioen bezala: “Probatzen ez duenak ez daki zer den hau”. Idazlearekin batera, 10-15 lagun bildu izan dira aurreko Irakurleen Txokoaren bilkuretan eta sortzen den ingurunea zinez berezia da. Irakurlea, idazlea eta liburua parez pare, bakoitzak liburuaren bere bizipenak kontatu eta bestearen iritziak trukatzeko aukera ematen duen espazioa da Irakurleen Txokoa.

NOIZ: Abenduaren 22an arratsaldeko 18:30etan.

NON: Mullerrenean, Ramon y Cajal 42, behea.

IDAZLEA: Ana Malagon

LIBURUA: Ez dakit zertaz ari zaren

Share

Deustualdeko ikastetxeak Ibarrekolandako Institutuan elkartu dira Pegata/Marrazki lehiaketetako sari banaketak egiteko

Deustuko Eskola, San Inazio HLHI, Intxixu Ikastola, Arangoitiko Eskola, Deustuko Ikastola, San Inazio BHI, La Salle Ikastetxeak eta Ibarrekolanda BHI-ko ikasleek, goizeko 10:30etan institutuko aretoan, Marrazki eta Pegata Lehiaketetako sari banaketak egin dituzte.

Denetarik eduki duen sari banaketa izan da, eta batez ere, txapelketek edukitako gaiari eutsiz “Hurbildu Euskarara” izan da jai honek eduki duen helburu nagusia. Marrazki txapelketako irabazleak hauek izan dira:

LH1-2: OIER RODRIGUEZ RODRIGUEZ ( Intxixu Ikastola)

LH3-4: SARA ADAMEZ (La Salle Ikastetxea)

LH5-6: IZAN FERREROS MARCOS (Deustuko Eskola)

Sari banaketa ederra izan da, zati handi batean Ibarrekolandako ikasleek zenbait esketx, dantza ikuskizun, kantu eta bestelakoak egin dituztelako.

Sari banaketako azken zatian Pegatina lehiaketako sari banaketa egiteko tartea hartu da, eta irabazlearen izena zein aipamen bereziak eman dituzte:

IRABAZLEA: SARA DELGADO (San Inazio BHI)

AIPAMEN BEREZIAK:

  • JIMENA DOMINGUEZ (La Salle Ikastetxea)
  • UNAI TXOPITEA (Deustuko Ikastola)
  • MAIDER UNANUE (San Inazio BHI)

Azkenik, ERABILIAZ! ekimenari eta Euskaraz Bizi Nahi Dut-eri aipamen bat egin zaie, Bilboko ikastetxeetan ekimen hauek antolatzen lagundu dutelako euskararen egunaren harira. Euskarak hiztunak behar dituelako eta etorkizuna bermatzeko hausnarketatik, haur, nerabe eta gazteen belaunaldi ezinbestekoentzako ekimen hauek antolatu nahi izan dituzte, helburua adin desberdinetako gazteak euskarara eta Euskal Kulturara hurbiltzea zelarik, euskara balioan jartzeko.

Share

Errigorako saskiak pozik doaz!

Berbaizu Euskara Elkarteak antolatutako zozketak saridunak ditu. Sarasola Isazelaia sendia eta Eider Egurbide izan dira zortedunak, oraingo honetan, aprobetxa dezazuela! Deustutik, Nafarroako euskalgintzaren egoeran lagundu nahian bultzatutako ekimen honek, beraz, bukaera eduki du zozketaren saridunekin. Herriak egiten du herria leloa izango du Errigorak 2021eko Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainak. Urriaren 23tik azaroaren 11ra luzatu den auzolan-ariketa erraldoi honetan Nafarroa hegoalde eta erdialdeko —alegia, Agerreko— produktuz osatutako 3 saski eskaini dira eta horien balioaren %25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko zaio. Berbaizuk, Deustun banaketa lanak errezteko konpromisua hartu du, eta beste urte batez, Berbaizuko lokalean jaso ahal izango dira Deustuarrek eskatutako saskiak!

Share