Gaur 20:00etan Mullerenean: Berbalagun jaia

Gaur 20:00etan Mullerenean Bilboko berbalagunok ongi etorria emango diogu 2015-2016 ikasturteari. Bertatik, poteo bat abiatuko dugu Ramón y Cajal kalean zehar. Ane Zabala eta Galder Perezek giroa alaituko dute. Zer gehiago nahi duzu?

Lotsak kendu, euskaraz jardun eta geurekin erdu!

berbalagun festa 1 unnamed_content

PD: Gaur 18:00etan Autodefentsa tailerra hasiko da Mullerenean.

Partekatu

Euskararen aldeko saskiak Zuberoa eta Nafarroako Hegoaldetik!

Eperra (Sohüta) eta Basabürü (Aloze) ikastolek saskiak salgai jarri dituzte aurten ere. Iaztik bi ikastolek batera eramaten dute Ikaskoli izena duen ekimena, Zuberoako “ikastoletako gastoen tapatzeko” diruz laguntzea helburu duena, izan ere, “Euskal Herri Iparraldean, gutti dira estado, eskualde edo herriek emaiten duten dirua euskararen laguntzeko”. Bi saski mota erosgai daude: Ahüzki eta Irati. Abenduaren 4era arte eskaerak egin daitezke.

Nafarroako hegoaldetik oso ezaguna den Errigora ekimena datorku. Gaur aurkezpena egingo dute Bilboko La Bolsa eraikinean 18’30ean. Urriaren 21etik aurrera saskiak eros daitezke. Ekimenak hiru helburu ditu: Nafarroa hegoaldeak propio dituen produktuak Euskal Herriko plazan kokatzea, urrunekoen ordez bertokoak kontsumitu ditzagun, Nafarroa hegoaldean “euskara ofiziala ez den zonaldeko” euskalgintzari bultzada ekonomikoa ematea eta herrigintza, auzolana, nazio-eraikuntza… “betiko” lan kolektiboan oinarrituz ekarpentxo bat egitea, lan molde honen beharra eta indarra goraipatuz.

Maule- Lixtarre

Etzi 20:00etan, lotsarik gabe, Berbalagun jaia Mullerenean

Etzi, hilaren 15ean, 20:00etan Mullereneatik abiatuko da Berbalagun jaia. Galder Perez eta Ane Zabalak giroa alaituko dute, lagunartean trago batzuk hartzen ditugun bitartean. Jai honen helburuak berbalagunen bizipenak partekatzea eta berbalagunek elkar ezagutzea dira. Azken buruan, berbalagunok sare bat osatzen dugu Bilbon eta ezinbestekoak gara euskararen normalizazioa bermatzeko. Beraz, lotsarik gabe egin ezazu euskeraz eta etor zaitez ostegunean!!!

Bilboko Berbalaguna Lotsarikgabe
 

Zirrikitu bat itxaropenari?

Oinarrizko istorio bat kontatzen digu Mikel Ayllonek bere Ez tiro egin anbulantziei liburuan. Lagun koadrila batek mundua aldatu nahi du eta horren ondorioz, Gerard kartzelan itzartzen da tartean zer gertatu den ondo jakin gabe. Izan ere, Gerard ez da koadrila horren kidea; baizik eta Sylvieren zurigarria. Kartzelan dagoela, bere lagunak apurka apurka desagertzen dira, Gerard bakartu arte. Baina gizonak erantzunak nahi ditu eta irakurleak liburua osatzen duten lau ipuinetan hainbat aurkituko ditu.

Hori bai, istorioaren itxura guztiz bestelakoa da: eleberriaren korapiloa atzekoz aurrera askatzen du irakurleak, non eta Greba Handiaren osteko gizarte distopiko batean, Farenheit 451 edo V de Vendetta irakurri dituenari ezaguna egingo zaion testuinguruan, alegia. Gaurko gizartea itxuragabetzea ariketa gupidagabe bihurtzen du Ayllonek: kalean elkarrekin hitz egiten ez duen jendea, iturri eta bankurik gabeko parkeak edo argazkiak ateratzeko debekua. Itxaropenari ez dio lekurik egiten Ayllonek, edo bai; tituluak anbulantziei tiro ez egiteko erregutzen baititigu.

Mikel Ayllon irakurleen txokoan

Liburua irakurri ahala, Ayllonek duen itzultzaile eskua gero eta nabariagoa da idazkeran. Euskara batuaren iturri guztietatik edaten du idazleak, hizkuntza normalizatuetan idazten den modura. Bere hitzetan: hitz guztiak mila bider orraztu ditu eta igartzen zaio. Erregistro ezberdinetatik ere edaten du egileak, liburu bitxi hau osatzeko. Bigarren zatian lekukotzak biltzen dituen kazetari batek kontatua dugu, adibidez. Poesia hutsa dela esan zuen Irakurleen Txokoko kidea den Josebak eta bide onetik zihoala erantzun zion Ayllonek: irakurleak hunkitu eta sentiaraztea lehenesten baitu.

Izan ere, Ayllonek argitu bezala, bizitzan aurrera egiten dugu galdera guztiak erantzun barik, beraz liburu honetan beste hainbeste egin behar genuen irakurleok. Ayllonek ere aurrera darrai bere idazle ibilbidean: bigarren eleberria idazten ari da, lehen eleberrian lagatako erronka batzuei erantzun nahian, gainera. Zeintzuk diren? Asteazkenean etorri izan bazina jakingo zenituen. Momentuz, hauxe baino ez dizuegu esango: ez dezagun ilusioa galdu. Orain, liburuan idazleak utzitako arrastroari jarraitu eta asmatu zertan datzan bere hurrengo liburua. Zeure irudimenean ere dago.

Argazki guztiak hemen.

Zein egun ederra igandea!

Urtero bezala, TXANTXI AURKEZPENA egiteko bildu ginen txantxikutar guztiak urteari hasiera emateko. 17:00etan geratu ginen parkean, eta nahiz eta euria egingo zuela iruditu, azkenean arratsalde beroa izan genuen (eguzkia ateratzera ausartu ez arren). Deustuko parkean bildu eta ezagutza jolasei ekin genien, gutako batzuen aurpegiak oso ezagunak izan arren, kide berriak baititugu aurten ere! 19:00etararte jolasten egon ginen, hitz egiten, elkar ezagutzen … eta amaieran merendola ere egin genuen, asteburuari azken irribarretxoa eskainiz. Aurten ere indartsu baino indartsuago gaude, eta nork daki ze abentura espero ditzakegun! Momentuz, gauza guztiak lotzea eta urteari gogotsu hasiera ematea dugu helburu… IKU IKU, TXANTXIKU!!

Gogoratu, matrikula Berbaizu Euskara Elkartean emateko azken eguna Urriaren 15a izango da, baita kuotak ordaintzeko azken eguna ere (Berbaizukideentzat 50€ eta ez Berbaizukideentzat 60€). Horrez gain, Urriaren 8an, gurasoentzako informazio bilera egongo da 19:00etan Bidarte Udal Liburutegian. ANIMATU ETA ETORRI!

Txantxi aurkezpena 2015-2016

Argazki guztiak hemen

Aurten ere kakorratza ikastaroa egingo dugu Mullerenean

Mirari Aranburuk Kristina Izagirre ordeztuko du eta klaseak asteartero 16:00etatik 18:00ak arte emango ditu Mullerenean. Iaz lez, 25€ ordainduko dituzte hilean berbaizukideek eta 30€ berbaizukide ez direnek. Hasierako fetxa ez dugu finkatu baina hila amaitu aurretik izango da. Hasieran, hiru hilabeteko ikastaroa izango da baina luzatzeko aukera dago.

Izena emateko 94 447 10 42 telefonora deitu edo berbaizu@euskalnet.net helbidera idatzi.

Laister kartela zabalduko dugu.

Tricotons la rue, Angora (oeuvre collective)

Korear sukaldaritza tailerra: 12 lagunentzako tokia

Korear sukaldaritza tailerra urriaren 14an hasiko da eta 12 lagunentzako tokia izango du. Gogoratu urriaren 14eaz gain, azaroaren 11an eta abenduaren 9an izango direla klaseak, 19:00etan hasi eta 21:00etan bukatuko direnak. Klase guztiak Zanpa-Zanpa elkartean egingo dira. Ez dakit zeren zai zauden izena emateko!

Korear Sukaldaritza ikastaroaren kartel berria

Igandean 17:00etan Txantxi aurkezpena!!!

Igandean 17:00etan Txantxikuk 2015-2016 ikasturtea aurkeztuko du Euskaldunako eskaileretan (soilik LH3 gorakoentzat).

Urriaren 8an Txantxikuko begiraleak gurasoekin bilduko dira plangintza esplikatzeko. Ordutik 15era arte LH3tik gorako umeek izena eman ahal izango dute.

Ikasturte honetan ere gogotsu datoz txantxikuak, mendi irteerak, asteburu pasak, piraguak, jaietako paelladak… Euskara lagun, ondo pasatzeko astirik ez da faltako. Zalantzarik ez izan, jolasaz, belaunaldi euskaldun berriak hezitzeko aukera badaukagu Deustun.

Edozertarako, txantxikunet@hotmail.com helbidera idatzi eta gustu handiz erantzungo ditugu zuen zalantzak

IKU IKU IKU TXANTXIKU!!!!

Txantxi aurkezpena

Berbalagunak bueltan dira

Urriarekin batera Berbalagunak bueltan dira. Euskaraz lotsarik gabe egiteko eta lagun berriak ezagutzeko aukera ematen dizute Berbalagun taldeek. Era berean, Deustualde euskalduna eraikitzeko bidea dira eta ustez erdalduna zen bizilagun edo tabernari hura euskalduna dela konturatu eta ordutik aurrera berarekin euskaraz  hitz egiteko egiteko balio dezakete. Kontua da euskara asko eta askotan erabiltzea, lotsak kendu, lagun berriak ezagutzea eta uste baino euskaldun gehiago garela, hots, euskara gehiagotan erabil daitekeela; ohartzea. Hau guztia trago bat trankil-trankil hartzen duzun bitartean. Zer gehio eskatu dezakezu?

Izena emateko: 94 447 10 42 telefonora deitu edo berbaizu@euskalnet.net helbidera idatzi.

Bilboko Berbalaguna Lotsarikgabe