Deustuarrak Bukaresten: Xahatoa Besopean, Ibili Munduan

PICT0218

XAHATOA BESOPEAN, IBILI MUNDUAN

Gaurkoa da, zalantzarik ez, inork idatzi nahi ez zukeen kronika. Nik ere bestelakoa izatea nahiago nuke: Kopa besopean ekarri genuela, behintzat, esan nahi nukeelako. Dena dela, eta titulua besteek irabazi bazuten ere, Errumanian egon ginen deustuar oro primeran egon ginela esan beharra dago: ez dago parranda baino gogokoago dugun beste ezer; xahatoa gainean, ibili munduan.

Deustuar nahikotxo Bukaresteko Europa Leagueko Finalean egoteko joan ginenok. Batzuk autobusez joan ziren (auskalo noiz bueltatuko diren) eta beste batzuk, gehienak agian, hegazkinez.

Boeing 747 erraldoiaren tripetan joan ginenok ez genuen arazorik izan, ez joanekoan ezta bueltatzeko bidaian ere. Ez dakigu, bestalde, atzerapenak pairatu zituzten hegazkinetan deustuar gehiagorik bazegoen (bai, ziur asko).

Peña Deustok antolatutako espedionekoek, ordea, ezin dute berdin esan. Batek daki Athletic Clubek Beogradeko Izar Gorria futbol taldeak daramatzan kolore berdinak edukitzeak zer ikusirik izan zuen, baina Serbia madero serbiarrek inguratuta, “zainduta”, zeharkatu behar izan zuen Deustutik joan den astean irten zen autobusa miresgarriak.

Bi miloi biztanleko hiria dugu Bukarest. Lautada batean kokatuta, XIX. mendeko etxe zein jauregi dotoreek eta sobietar kutsua duten auzuneek osatzen dutelarik. Trafiko itogarria da, etotbide handiek irentsi ezin dutenak. Trafikotik jaioak ziren, gutariko batzuok jasan genituen ezbeharrak: Bukaresteko Stadiumetik aireportura edota hoteletarako bidaietan izan genituen ataskuak itzelak izan ziren.

Trafiko astun harekin zer ikusirik daukate taxiek, ataskuetatik, autobusetatik eta hoteletik auzo zaharrera parrandaz joateko hainbat eta hainbatetan erabili behar izan genituenak. Ibilbidea berdina izaten zen arren, ordaindu beharrekoa aldakorra zen oso (20, 60, 50, 64 lei; euro batek, 4,5 lei). Taxistak, munduko leku gehienetan bezala, ez dira hiriko esanguratsuena, jakina.

Behin Paris Txikia izenpean ezaguna izan zen Bukarest hiri ederra da; erdigunea batez ere. Auzoak, badakigu, Ceaucesuren garaietan eraikiak dira, gure hirietan diren obreroentzako bloke grisak eta tristeak.

Athleticzaleak hiriko auzo zaharrean elkartzen ziren, bertan beste leku guztietan egin dutena egin zutelarik: kanta egin, edan, elkarri besarkadak eman eta, sikiera egun bakar batez bazen ere, denak lagun. Guztiok genuen ilusio berdina; ametsa izan genuen bidaide guztiok.

Deustuko monstruo harrigarrienak egon ginen Finalean: taskeroak zein bezeroak, gazteak eta hain gazte ez garenok.

Ez zen falta Iñigo Cabacasen oroimena: han hemenka, pankartak ikusi ziren eta zenbait lagunek kalejira egiten zuten, euskal txikiparketik (edo “Athletic hiria”, Parlamentu ondoan zegoena) auzo zaharrera joaten ziren bakoitzean.

Ez zen falta ere, zoritxarrez, faxistek kaltetutakoak: Enekuriko lagun batzuk jipoitu zituzten Frente Atleticoko naziek. Beraienak ziren gero, zelaian, harro harro, naziek atera zituzten ikurriñak. Jaungoikoak nahas ditzala. Ezer esatearren.

Zelaian gertaturikoa telebistaz ikusi zenuten eta hori bai ez dudala gogoratu nahi. Laguntasuna, denon ametsa, peñek egindako antolakuntza lan ederra eta gure sentimendu zurigorriak gordeko ditut betiko. Aupa Athletic, karajo!!

Alvaro Hilario Athletic zale deustuarrak Berbaizurentzat idatzitako kronika