SOLDADU HUTSA

Edaten dut izorratu nautelako eta berriz izorratuko nautelako. Seguru nago bihar pasatuko zaidana, gaurkoa baino txarragoa izango dela, gaur hiltzen ez banaute behintzat. Sasitzaren kontra borrokatzen dut, etsaia ez baitut inoiz ikusi. Izatez uste dut, dudan etsai nagusiena guda nazkagarri honetara bidali nauena dela. Ez dut borrokatzen nire estatuagatik, ezta nire ikurrinagatik, ezta nire aberri madarikatuagatik. Lokatz gainean arrastaka dudan kideagatik borrokatzen dut. Erretzen dut, tabakoak hiltzen duela dioen oharra oso zentzugabea delako horrelako leku batean. Ke izara bat egiten dut nire begi gorrituen aurrean. Gorrituak, edozein oihaneko sute batek eraginda. Galtzak bustita daude eta ez dut muda gehiagorik. Hilda dagoen gizona naiz. Whisky txorrotada bat botatzen dut nire eztarrian. Nire pentsamenduak ito nahi ditut, baina burmuina eta sabela egon behar ez diren lekuetan daude.

Xabier Perez. Ibarrekolanda BHI. 2.012ko Mikroipuin Lehiaketako Ipuin Irabazlea.

Partekatu

ORDENAGAILUKO BIRUSA

Bazen behin, egun euritsu batean, Gorka izeneko ume bat bere amonaren etxean zegoena. Amonaren etxean ordegailu zahar bat zegoen eta barruan birus bat zeukan.

Gorkak sustoa hartu zuen, ordenagailuak soinu arraro bat ateratzen zuelako eta interneta desagertu egin zen. Gorka amonarengana korriketan joan zen abisatzera, baina lotan zegoen. Orduan, bere lagun-minari deitu zion, Pablo izenekoa, ordenagailuz asko zekiena. Bat-batean, ordenagailua blokeatu egin zen, eta beraren barruan sartu ziren bi lagunak. Oso leku deserosoa zen. Orduak eta orduak pasatu zituzten ordenagailu barruan.

Geroago, amona esnatu zen, loreak ureztatu behar zituen. Orduan, alfonbrarekin estropezu egin zuen eta ureztontzia ordenagailura erori zen. Bat-batean kortozirkuito bat gertatu zen, eta umeak inpresoratik atera ziren. Tintaz beteta zeuden!

Iñigo Azpiritxaga, Peio Moreno eta Borja Montaño. Intxixu Ikastola. 2.012ko Mikroipuin Lehiaketako Ipuin Irabazlea.