Euskara Deustuko Komertzioetan erabiltzeko 111 arrazoi

Aspaldikoa da Berbaizu Euskara Elkarteak Deusto Bizirik komertziante elkartearekin harremanak bideratzeko egindako lana. Deustuko komertzioetan “Hemen Berbaizu” pegatina banatzen hasi ginenetik gutxienez (izango dira jada ia 10 urte). Poliki – poliki Deustualdeko denda, taberna eta erakundeen egoitzetan banatu dugun pegatina honen helburua langile euskaldunak daudela azalerazi eta horrela bezeroak euskara erabiltzeko erraztasun handiagoa izatea da. Horrela bada izango dira 25 bat komertzio pegatina hori erakusten dutenak.

Horrekin batera hainbat jatetxetako menuak euskaratzen ibili gara urte luzez, eta emaitza ezberdinekin bada ere, euskarari Deustuko ostalaritzan lekua irekitzen aritzen ari gara eta arituko gara aurrerantzean ere. Bilboko Udalak lan hori betetzen ez duen bitartean gutxienez.

Horrela bada, zentzuzkoa iruditu zaigu hasieratik Deustuko komertzianteen elkartea den Deusto Bizirikekin harremanak ezartzeko ahaleginak egitea. Ondorioz hitzarmen proposamenak, aholkularitza eta laguntza eskaintzak zein egoera zehatzetan iruskinak helarazi dizkiegu hainbat bider.

Erantzun faltaren aurrean gure azken ahalegina Deustuko biztanle eta bezero potentzialen sinadura batzuk bildu eta beraiei helaraztea izan da. Berriki komertzio eta kaleetan ikusi dugun azken kanpaina lekuko (marrazki lehiaketarako deialdia zuena), euskarari oso gutxitan egiten dio tartea Deusto Bizirik elkarteak, eta ez dugu uste Deustuko datu soziolinguistikoek (4tik 1 euskalduna da, 4tik 1 euskaldun pasiboa) euskara inondik inora kontuan ez hartzera eraman beharko luketenik edozein eragile, eta are gutxiago Komertzioen elkartea.

Hori dela eta 111 deustuarren sinadura eraman genizkion Deusto Bizirik elkarteari. 111 arrazoi euskarari leku bat egiteko komertzio arloan. Ziur gaude gainera 111 horiek beste askoren izenean ere badoazela, beraz espero dugu euskarari tokia egin diezaioten. Aurrerantzean ere saiatuko gara.

Partekatu