Muller Plaza eta San Juan festa borobila

Arratsaldeko 19:30ak ziren Markel Baroja bertsolari deustuarrak (edo abandoztarrak?) lehen gaia jarri zienean Ander, Mikel eta Enareri. “Gaur San Juan gaua da eta bi galdera ditut zuentzat: 1- zer botako zenukete sutara? Eta 2- zer ez zenukete botako sutara?”. Apunteak izan ziren Elorri Bertso Eskolako hiru bertsolariek gehien aipatu zituztenak: Enarek sutara botako zituen, Anderrek ez, ordea; bere lehengusinak nahi dituelako hurrengo urtean. Lehengusu arduratsua, beraz, Ander.

DSCN9820

Gerora, ofizioetara pasatu ziren eta Mikelek polizia bat antzestu zuen, zeini Ander baserritarrak deitzen baitzion arazo bat zuelako: Enare biluzik agertu da bere baserriko soloan, San Juan ohiturak hala aginduta. “Nola kexa zaitezke emakume bat biluzik agertu izanaz?” galdetu zion poliziak. “Baserritarrak ezin dira homosexualak izan?” arrapostu egin zuen Anderrek, Enarek biluztera gonbidatzen zuen bitartean. Umorea nagusi bertsoetan. Enarek ez zuen Markel Baroja bezalakoa izan nahi eta Deustuan nahiko antiagurrak garela diosku gai-jartzaileak.

DSCN9837

Etenik barik Baffeti taldearen bi kitarra eta akordeoia taula gainean prest zeuden. Deustuko gazteak Esperantzara kondentua kantaren akordeak jotzen hasi orduko, beteta zegoen Mullerenea. Jende gehiago kabitu ezinik, atea zabalik eman zuten kontzertua, kanpoan zeuden entzunleek ere profitatzeko. Aipagarri oso izan zen Badira Hiru Aste kantaren Baffetiarrek egin zuten moldaketa, Mikel Urdangarinen melodiak euskararen aldeko aldarria bihurtzeraino. Urteko arratsalde luzeena aurrera zihoan eta iritsi zen Baffetiarren bisa: Ken Zazpiren Irudi Biluztuak. Kitarra bat eta akordeoia alde batera laga, eta kitarra bakarrak musikari eutsiz, Deustuko gazteen ahots goxoek Eñaut Elorrietaren berbak mimatu zituzten, publikoak koroak egiten zizkielarik.

DSCN9857

Txalo artean amaitu zuten kontzertua eta luntxerako ordua iritsi zen. Berriketan jan genituen Niko eta Ainhoak prestatutako pintxo goxoak, lagun zaharrak eta lagun berriak agurtzen genituen bitartean.

DSCN9869

Gero badakizue: San Juan bezpera zen eta Berriz Bideko parkera abiatu ginen Akerrak zelan pizten zuen sutzarra ikustera: penak sutara botaz eta lagunartean gau laburrena ospatuz.

DSCN9875

Hemen sakatuta argazki guztiak

Partekatu

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>