Paella baten kronika

Eguerdiko 13:00ak gaindituak ziren San Pedroko elizak bere ateak ireki zituenean. Orduan hasi zen aulki eta mahaien desfilea. Izan ere, jadanik ohitura bilakatu da: Deustuko jaiak eta euria, euria eta Deustuko jaiak bateragarriak omen dira. Botikazarreko patinatzeko pista izango zen paella txapelketaren kokapena. Zubipean, busti gabe, aurrera jarraitzea lortu genuen behintzat.

Gorria, larrosa, urdina edo horia, kolore guztietako jertseak zeuden bertan, konpartsa eta kuadrila bakoitzeko bat. Baina kolore guzti haien artean nabarmena zen bat, eguerdiak aurrera egin ahala biderkatzen joan zena, gazteagoa izanik, bazkalordu hartako bazter guztiak nahastuko zituena. Berbaizuko lagunekin bat eginda, baginen 60tik gora txanodun berde.

Txantxiku batzuek paella prestatzeari ekiten genion bitartean, beste batzuk jolasten ginen, zapitxoak dantza erakusketari pasatu zion lekukoa, txantxiku kide guztiok katera bildu gintuena.

Konturatu orduko, Jai Batzordeko arduradunak mikroa eskuan zuen. Arrozak aurkezteko garaia zen eta, 60 pertsonarentzat paella kuzinatzea lan neketsua denez, gure bazkaria bukatu gabe zegoen oraindik. Gauza jakina da parte hartzea dela garrantsitzuena eta azken momentuan platertxo bat aurkeztu genuen, erdi gordinik, baina lehiaketa barruan. Lortu genuen.

Epai-mahaia biltzen zen bitartean, bazkaria prestatzen bukatu eta dantzan jarraitzeko tartea izan genuen. Hain zuzen, dantzan hasi ginela, megafoniatik txapelketako sailkapena botatzen hasi zen epai-mahaia. Gure azken postua munduko kopa irabazi bagenu bezala ospatu genuen.

Txapeldunak zoriondu ondoren, lurrean borobilo handi bat egin eta “Jam Jam on egin!” abestu genuen. Arroza berehala desagertu zen gure platerretatik. Ordurako erlojuak arratsaldeko 17:00ak markatzen zituen, dena jaso eta bakoitzak bere bidea hartu zuen.

Datorren asteburuak ere itxura bikaina dauka, gurekin ondo pasatzeko prest? Iku iku… Txantxiku!

Partekatu

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>