Oporretan goaz eta 5 literatur- gomendio ematen dizkizuegu

Uztailarekin batera gu ere bagoaz eta Argia aldizkariak bezala gomendioak ematen dizkizuegu abuztua liburuz inguratuta pasa dezazuela. Hona 5, baina beste 5 izan litezke:

Beti Oporretan (Susa, 2015): Harkaitz Canok narrazio liburu hau idatzi du oporraldiak hizpide dituena eta oporren hainbat bertsio kontatzen ditu idazle lasartearrak. Gogoratu Cano gurekin egongo dela urriak 5 Bidarten.

Far Westeko Euskal Herria (Pamiela 2009): John Wayne, Lee Van Cleef, Clint Eastwood, Lee Marvin… Aurpegi asko lotzen ditugu Far Westekin baina inor gutxi euskalduna da. Asun Garikanok Far West altxatzen lagundu zuten euskaldunen testigantzak bildu ditu eta liburu hau osatu du. Guztiz gomendagarria arrastiero ETB2 ikusten dutenentzat.

Itzulera baten historia (Elkarlanean 1990): Erbestea berbagai du Martin Ugaldek, Gerra Zibila galdu ostean Venezuelara erbesteratu zen familia baten seme-alaben Euskal Herriratzea hain zuzen. Topikoetatik urrun dagoen kontakizuna egin zuen Ugaldek, xehe-xehe idatzia.

Belarra Kantari (ITZUL. Elkar, 2007): Koro Navarrok Doris Lessingen The Grass is singing (1950) euskaratu du. Rodhesia kolonialean girotua, egun Zimbawe deitzen duguna, arrazekeriari, kolonialismoari eta kapitalismoari kritika zorrotza darion eleberri aparta, emakume apartak idatzia, zeinak urte berean Literatur Nobel Saria jaso zuen.

Hnuy illa nyha majah Yahoo (Elkar 1995): “Ondo ibili gizontxo” esan zion Gulliverri despedidan Houyhnhms batek eta esaldiaz baliatu zen Joseba Sarrionandia poesia liburu aparta honi izena emateko. Liburu borobila idatzi zuen iurretarrak, barrenak astintzen eta hunkitzen dituenekoa, eta bere hainbat poema oso ezagunak dira: Martin Larralde, Mundua begiratzeko lehioak edo Aspaldian utzitako zelda. Benetan liburu zoragarria, Sarriren esku apalek osatua.

Eta ene izterreraino inguratu den karramarroa
Bihar
Beste inorengana ailegatuko da
Zangozabal eta haztamuka

Eta berreala aldenduko da, oraintxe
Ihesean aldentzen den bezela

Eta ez dut enekin eramanen ez eguzkia
Ez trena, ez karramarroa

Neu bakarrik eroriko naiz zulora eta egundoko
Egunik bakartiena izango da

 

Partekatu

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>