Morts pour une autre patrie

Armistizioaren 98. urteurrena bete zen ostiralean eta Eneko Bidegainek Gerla Handia Iparraldean berbaldia eskaini zuen Mullerenean, I. Munduko Gerrak Ipar Euskal Herrian izan zuen eragina berbagai. Kazetariak 1870an jarri zuen abiapuntua, orduan eskolaren bidez Frantzia frantsesak sortzen hasi zen, Alemaniari mendekua hartzeko prestatzen zituelarik, zeina 1914an gauzatu baitzen.

1914ko udan azantza (hotsa), lurrikara (bonbek eragindako dardara) eta (gorpuen) kiratsa bizi izan zituen frontera joan ziren soldaduek. Trintxeretara bakantzera joango balira bezala ustean baina triskantxa pairatu zuten udan hantan bertaratu ziren euskaldunak, izan ere, abuztu eta iraila bitartean 2000 euskaldun hil ziren, lau urteetan hil zirenen herena.

Gerla Handia IparraldeanHildakoak eta gerrak bera Euskal Herria eta Frantzia lotzeko akuilu izan ziren, ordutik aurrera indartu zena. 1870tik Frantziak “aberri txikia” kontzeptua asmatua zuen, “euskaldun on frantses on” erlazio simetrikoa balitz bezala barreiatuz, gerran sarritan erabilia izan zena. Bidegainek orduko Eskualduna aldizkariaren artikuluak eta bertsolarien bertsoak erakutsi zizkigun, usu “Biba Frantzia Biba Eskual Herria” bukatzen zirenak eta Frantziaren alde lerratzera animatzen zituztenak.

Bidegain ustez, orduan errotu zen Frantziar izatearen kontzientzia Ipar Euskal Herrian, gaur normal bizitzen dena. Horren erakusle dira hildakoen gogoan eraikitako monumentuak, hildakoen izen eta abizenen bidez familiak eta Frantziak biltzen dituztenak. Kazetariaren berbetan, behin insumisioaren aldeko protesta egin zen Baionan eta bertoko monumentua erasotu zen eta ekintzak oso ospe txarra izan zuen, senide askok eraso pertsonala balitz bezala bizi izan zutelako. Izan ere, Gerla Handiak gogor kolpatu zuen Ipar Euskal Herrian. Hildakoen bi herenak, 4000 lagun gutxi gorabehera, gazterik hil ziren, horrek eragin zituen ondorio demografiko eta sozialekin. Ustezko bakantza haiek garesti atera zitzaizkion Ipar Euskal Herriari eta gerraren “intrahistoria” berrikira arte gai tabua izan da bertan. Gerla Handia Iparraldean

Hurrengo zitak

Eneko Bidegainek Iparralde Zikloa zabaldu zuen eta azaroaren 18an Iparraldeko Dinamika berriak mahaia-ingurua izango da 19’00etan Mullerenean, EHZ, HELEP, Etxepare Lizeoa eta Etxauzia berbagai izango dituena. Abenduaren 3an, Iparralde gaualdia antolatuko dugu ZAWPen, Begiz Begi eta Pacoren kontzertuekin eta Arrobio eta Etxeko Bob’s Beer garagardo artisauekin. Bien bitartean, Ipargaldetegia martxan da, parte-hartzaileen artean asteburu bat Alduden zozketagai duena.

Iparralde Zikloa

Partekatu

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>