Logo lehiaketa

Berbaizu Euskara Elkartearen logotipo lehiaketarako oinarriak

 

Lehiaketa honen helburua da Berbaizu Euskara Elkartea ezagutzera emango duen diseinu grafiko bat aukeratzea. Lan irabazlea elkartearen ekintza guztietan iragarriko da gero.

Berbaizu Euskara Elkartearen eginkizun nagusia euskararen erabilera normalizatzea da, eta horretarako, normalizatzeko neurriak proposatu eta ekintzak eta planak garatzea. Gure helburua da euskaraz bizi nahi duten herritarrei euskaraz bizitzeko guneak eta baliabideak eskaintzea, gure hizkuntzaren berreskurapena lortzeko euskararen aldeko urratsak areagotzeko.

OINARRIAK:

1. Parte hartzea:

Edonork parte har dezake, banaka zein taldeka. Egile bakoitzak lan bi aurkeztu ahal izango ditu, gehienez. Eta jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izango dira.

  1. Lanaren ezaugarriak:

Logotipoak testu hau eramango du: Berbaizu Euskara Elkartea. 

Lanak aurkezteko neurria: DIN-A4. Paperean eta euskarri informatikoan aurkeztuko dira.

Edozein teknika onartuko da logotipoa aurkezteko, baldintza bakar batekin: inprimategian bikoizteko balio izan behar du. Halaber, proposamena tamaina desberdinetan aurkeztu beharko da, zuri-beltzean zein koloretan.

  1. Lanak noiz eta nola aurkeztu:

Lanak inolako kalterik jaso ez dezan, behar bezala babestuta aurkeztuko da. Azalean izenburua idatziko da: Berbaizu Euskara Elkartearen logotipo lehiaketa.

Lanean bertan ez da egilearen izenik aipatuko. Atzeko aldean izenorde bat eta izenburua agerian dituela aurkeztuko da.

Egilearen datuak, berriz, (izen-abizenak, helbidea, telefonoa, posta helbide elektronikoa eta NA zenbakia.) aparteko gutun-azal itxi batean jasoko dira eta lanarekin batera aurkeztu. Eta gutun-azal horren aurreko aldean egilearen izenordea adieraziko da.

Berbaizu Euskara Elkartean (helbide honetan: Ramón y Cajal 42, behea, 94 447 10 42) aurkeztuko dira lanak, goizeko 09:00etatik 14:00etara bitartean. Lanak aurkezteko epea urriaren 30etik azaroaren 22ra arte izango da, azken egun honetan arratsaldeko 14:00etan amaituko delarik. Eta postaz bidalitakoak ere egun horretara arte onartuko dira.

  1. Epaimahaia:

Epaimahaiak hiru kide izango ditu eta honela osatuko da: Euskara Elkartearen liberatua, zuzendaritza batzordekide eta bazkide bat. Epai-mahaiak aholkulari pare baten laguntza eskatu ahalko du lan irabazlea aukeratzeko momentuan.

Epaimahaiaren esku dago saria eman gabe uztea. Nolanahi ere, erabakia hartuko du azaroaren 29a baino lehen.

  1. Saria:

Sari bakarra izango da: 100,00€-ko diru-kopuru gordina, eta dagozkion atxikipenak aplikatuko dira (PFEGZ).

  1. Jabetza:

Logotipo irabazlearen jabetza Berbaizu Euskara Elkarteari dagokio sari banaketaren ostean.

Epaimahaiak erabakia hartu eta gero, hilabeteko epe bat egongo da saritu ez diren lanak parte hartzaileek jaso ditzaten. Epe horretan lanak jaso ezean, egileek jabetzari eta lana berreskuratzeari uko egiten diotela ulertuko da.

7. Lehiaketan parte hartzeak oinarri hauek onartzea dakar. Eta oinarriok interpretatzerakoan zalantzarik sortuz gero, berriz, epaimahaiari dagokio erabakia hartzea.

Deustun, 2019ko urriaren 23an

Partekatu

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>