Leire Palacios, Xabier Amuriza, Kike Amonarriz eta Kimetz Arana: Xa1, Xa2, Xa3, Xalau!!! Jardunaldien Kronika Laburra

Urriak 3an 20 bat lagun hurbildu ginen Mullereneara Xabier Amuriza eta Leire Palaciosek kontatzeko zituztenak entzutera.

Leire hasi zen lehendabizi Hitzmoloien nondik norakoak azaltzen. Nondik agertu zitzaion Hitzmoloiei ekiteko grina. Eta nola hizkuntzarekin jolasteko beharretik, hizkuntzari beldurra galtzeko eta desakralizatzeko beharretik, nola sareak eta baita bere barneak euskara libreki erabiltzeko beharretik abiatuta, ekimen xume gisa hasi zena twitter bidez zabalduz joan den eta gaur egun 300 inguru dituen batuta bere webguneko biltokian. Eta nola Hitzmoloiek ireki ditzaketen bideak zabalik dauden.

IMG_6641

Xabier Amurizak hartu zion txanda jarraian eta “Zazpi Ebidentzia Birjaiotzarako” liburuaz aritu zitzaigun luze eta zabal. Hizkuntzaren erabileraz baino, edo erabilerari loturik, baina zeharka, hizkuntzari berari buruz aritu zen, hizkuntzaren malgutasunaz eta zorroztasunaz, bere aberastasunaz eta barne – lojikaz,  mundu garaikiderako hizkuntzaren egokitasunaz, indarraz, etorkizunerako hizkuntzak ibili beharreko norabideetaz eta aldaketetaz. Zazpi Ebidentzia horien artean gure Europa Mendebaldeko hizkuntzen arteko ondare komunaz eta euskararen aditzaz aritu zen sakonago Xabier. Arlo honi dagokionez, bere jarreraren erakusle trinkoak erabili eta euskararen lojika barneratuko duten trinko berriak sortzearen alde egin zuen Xabierrek, gaur egun berebizikoa den publizitaterako zein twitterrerako euskarak hasiera -hasieratik erantzun dezan  (“Daurkizu” aipatu zuen adibidez publizitate kanpaina posible baten lelo gisa).

Denboran luzatu zen solasaldi bizi baten ondoren, hurrengo ostegunaren zain agurtu genuen elkar. Eta horrela konturatu gabe Kike Amonarriz eta Kimetz Arana genituen Gazte Lokalean Urriaren 10ean. 30 lagun inguru, eta espektazioa Tolosa eta Trapagatik etorritakoak entzuteko.

P1000062

Kimetzek ekin zion hizketaldiari. Bere herriko errealitateaz eta bere bizitza ibilbideaz aritu zen Kimetz, nola etxetik zekarren euskara eta nola orain dela 40 urteko Trapaga ia-osoki erdaldun hartatik orain haur eta gazte euskaldun mordo bat duen herria izatera pasa den, eta nola ingurune horretan bera bezalako beste askok euskaraz bizi diren “normaltasunez”, egunaren ordu gehienak euskaraz eginez eta erdaldunekin ahalik eta komunikazio bide berri gehienak irekiz eta euskararen presentzia azaleraziz. Horren lekuko Trapagako Basetxea Gaztetxeak abiatutako hainbat ekimen azaldu zituen, esaterako herriko gazte lonjekin abiatutakoa, gaur egun Trapagan jadanik jai handia den “Lonjero Eguna” sortzera eraman zuena.

Ondoren Kikek hartu zuen hitza eta Tolosatik abiatuta Trapagan zein Deustun bizi-bizi ditugun hainbat eta hainbat gai atera zizkigun plazara hasiera hasieratik. Gure artean eta askotan gutako bakoitzarengan ditugun euskaldun tipolojietako batzuk zerrendatu zituen, beti umorez eta zorroztasunez. Hortik tiraka, hemen zein han, beterano zein estreinatu berri,  hego-ipar-mende-eki, hiztunen arteko harremanetan indarrean dirauten hainbat zailtasun eta oztopo azaleratu zituen, erabilerarako galga diren gakoetan arreta berezia jarriz: komunikazioa oztopotzen duen zuzenketarako joera kronikoa, “euskañolaren” desbalorizazio erabatekoa, gure hizkuntzaren neurriaren dimentsioaren kontzientzia falta, teknolojia berrietan dugun posizioaren estimazioa ez izatea, ikuspegi historikoari arreta jarri beharra.. Kikeren soziolinguistika ikastaro kondentsatua elkarrizketa hurbilaz jantzia.

Aurreko ostegunean bezala, interbentzio errenkada afaltzeko beharrak eta egarriak baino ezin izan zituen ixilarazi. Gero eztarriak ez ezik, trikitixak Gazte Lokalean gelditu ginenon belarri eta oinak ere doinuz busti zizkigun. Eta horrela, XaBortz-era arte!

P1000079

Hemen bi egunetako argazki guztiak ikusgai.

Partekatu

One thought on “Leire Palacios, Xabier Amuriza, Kike Amonarriz eta Kimetz Arana: Xa1, Xa2, Xa3, Xalau!!! Jardunaldien Kronika Laburra

  1. Pingback: Euskeraren jatorria » Blog Archive » Hitzmoloiak eta euskeraren birjaiotza

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>