Jordan ibaiaren lurraldeetan

Joan den asteko asteazkenez Eloy Unzalu Berbaizuko bazkidea hurbildu zitzaigun Mullereneara Bidaia Kontaketen zikloko hirugarren saioari edukia eta irudia ematera. “Hurbilketa bat Lur Santura” izan zen ikusentzunezkoaren izenburua, izan ere, Frantziskotarrek antolatutako erlijio-bidaia zela eta joan zen Eloy euskal herritar talde batekin Jesukristok ibilitako lurraldeak eta inguruak bertatik bertara ezagutzera.

DSC04339

Frantziskotar zarauztar bat gidari zutela, kristautasunarentzat hain bereziak diren Betleem eta Nazareth (biak herri palestinarrak gaur egun, bietan arabe kristau eta musulmanak populazioaren gehiengoa direlarik), Jerusalem edo Galileako Tiberiades lakua nola ezagutu eta zein bizipenekin ibili zituzten kontatu zigun Eloyk Mullereneara hurbildu ginen 15 lagun pasatxori. Argazki eta bideoz lagundurik, urratsez urrats kostaldeko Haifan hasi (Bahai erlijio sinkretikoak munduan duen gune espiritual garrantzitsuenera egindako bisita egin zuten oraindik ere populazio arabiar nabarmena duen hiri israeldar honetan) eta Jerusalemera heldu arte, gatazka-gune gogor eta 3 erlijio monoteista nagusientzat hain garrantzizkoak diren parajeak nola ikusi eta bizi izan zituzten erakutsi zuen hitz-jario gogotsuz.

DSC04353

Erromesaldi huts izan gabe, erlijio ikuspuntutik kristautasunarentzat berebizikoak diren lekuetaz gain, bestelako bisitak ere egin zituzten frantziskotarren eskutik betiere: Jordan ibaiaren iturburuak (Golaneko gainetan daudenak eta Ekialde Hurbileko gatazka guztietan hainbesterako garrantzia dutenak, Eloyk gogoratu zuenez), Amman Jordaniako hiriburu jendetsu eta ia-mendebaldetarra, Jordaniako harribitxiak diren Petra hiri nabateoa eta Jerash hiri erromatarra, judutarrentzat sinbolo hain aldarrikatua den Masadako hiria eta Itsaso Hila, palestinarrei lurra lapurtzeko erabiltzen den lotsaren harresia.. ildo beretik, Jerusalemen arabiarrei etxeak eta lurrak poliki-poliki desjabetzeko politika antolatuak azpimarratu zituen hizlariak beste batzuen artean.

DSC04329

Arameoz hitz egiten zuen Jesukristok Getsemaniko mendigainean ezagutu omen zituen ehunaka urtedun olibondoen artean ibili eta gero, bidaia sakon eta pasioz zein historiaz betea egin zuela erakutsi zigun Eloyk, gatazka gorriari begiak itxi gabe zein olibondoek mendeetan erakutsitako lurraren eta herritarren bizi-indarrarengan esperantza galdu gabe.

DSC04323
argazki gehiago hemen

Eskerrik beroenak Eloy hitzaldiarengatik, segi bidaiatzen eta hurrengo saiora arte!!!

Partekatu

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>