Iratxoaren tinta magikoa (Patricia Gutierrez-Crespo, San Inazio BHI)

Bazen behin zuhaitz bat. Zuhaitz hartan, iratxo ikusezin bat zegoen. Zuhaitzetik hosto kimu bat ateratzen zen bakoitzean, iratxoa han egoten zen. Eta hostoak hazi bitartean, handi eta gogor bilakatzen ikusten zituen arte, haiei begira geratzen zen iratxoa, zaintzen eta babesten.

Ulergaitz samar, lotura berezi batek lotzen zuen iratxoa zuhaitzarekin. Horri esker, hostoei, naturaren mirariari, txundiduraz begiratzen zien. Eta hostoak erabat osatzen zirenean, aitaren harrotasunarekin eta amaren maitasunarekin agurtzen zituen, haietan tinta magikoz hitz boteretsu eta inspiratzaileak idatziz. Musu batez bezala. Ondoren, askatasuna ematen zien. Hostoz hosto, mila orriko liburu bat idazten bukatu zuen udaberriko azken egunean. Eta hitzok fruitu ugariren euskarri izan ziren: sagar goxoak, intxaur lehorrak, limoi garratzak… Inork ikusi gabe, lanik garrantzitsuena egiten zuten.

Uda igaro zen, bai eta udazkena heldu ere. Eta iratxoak ikasi zuen gauza guztiek amaierara jo ohi dutela, ezinbestez. Suspertzen ikusi zituen bezala, banan bana lehortzen eta jausten ikusi zituen bere hostoak, bizitzarenak. Malkoz malko, hostoz hosto. Apurtuta ikusi zuen bere bizitzaren historia, zati batzuk lurrean eta beste batzuk haizeak eramanda. Mundua tinta magikoz bustita.

Patricia Gutierrez-Crespo

San Inazio BHI

Partekatu

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>