Errekaurtiko Alaba

Errekaurtiko alaba haserre dago. Baserriko sarreran geldi, buru gainean duen esneontziari eskuekin eusten dio.
– Ama! Zergatik joan behar dut nik esnea eramatera? Zergatik ez duzu Bartolo bidaltzen? Ni nobela bat irakurtzen ari naiz!
– Ai ene, Asun! Ez al dakizu kontrarik egin gabe esaten zaizuna betetzen? Beitu Maritxu, egunero doa iturrira behin ere kexatu gabe. Miretsi beharko zenuke: MI-RE-TSI! Abestiak ere idatziko dizkiote azkenean. Aingeru baten modukoa da neska hori!

“Maritxu aingerua? Jakingo bazenu… Barre puntua ere ematen dit. Egun osoa ematen du nire neba Bartolorekin ardotxo txuria edaten eta! Maritxu miretsi? Bai zera!”, pentsatu du Asunek.

– Baina ni ez naiz Maritxu! Ni Asun naiz eta ez dut esnea saltzera joan nahi. Nik bidaiatu nahi dut, hizkuntzak ikasi, jendea ezagutu… Nik nobela hau irakurri nahi dut!
– Hara bestea! Non jaio zarela uste duzu zuk? Segi atoan esnea eramatera!
– Baina nik…
Krabelin gorri bat sartu dio amak ahoan alabari, ea behingoz isilarazten duen.

Ez dakigu Asuni buruzko abestirik idatzi zuten, baina jakin badakigu erretratu ederra egin ziotela bidean. Esango nuke, haren begiei erreparatuz gero, argi ikusten dela Asunen sumina, nobela bat erdizka uztera behartu izan balute bezala.

Partekatu

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>