Lekukotzak: Libe Irisarri (Hamaikakoa)

Euskaraldia erronka handi bat izan da niretzat. Iniziatiba bikaina izan da ohiturak aldatzeko;  bakarrik falta da borondatea, perseberantzia eta inertziak apurtzea. Nire partetik lortu dudala uste dut, eta soilik horrela lortuko dugu hasierako helburua: entzutea eta hitz egitea euskaraz gure artean.

Euskaraldia bide bat izan zen, eta dinamika horretan jarraitu beharko dugu, azken batean, euskara gure herriko hizkuntza delako. Eta kito!

Libe Irisarri- 59 urte- Belarriprest- Erribera- Etxekoandrea

Partekatu

Lekukotzak: Olatz Beldarrain (Hamaikakoa)

Orokorrean euskaraldiaren balorazio positiboa egiten dut.

Hartutako konpromisoak bete ditudan arren, esan beharra daukat lehenengo egunetan zaila iruditu zitzaidala, batez ere erderaz egiteko ohitura dudan pertsonekin, eta are gehiago erderaz jarraitzen zutenekin. Halere, erronka polita iruditu zait egunerokotasunean lehenengo hitza euskaraz egitea eta konturatzea gehienok garela elkarrizketa arrunt bat euskaraz izateko gai. Lehenengo hitzarekin bakarrik!
Konklusio moduan, ekimen hau onuragarria izan dela pentsatzen dut. Kalean ikusgai ziren bai Belarriprest eta bai Ahobizi txapak, jende asko mugiarazi denaren zantzu. Hala ere, jarraikortasun bat izan behar du mugimendu honek, gizartean euskara sustatzeko oraindik lan handia egiteke baitago. Esperientzia hau baliagarria izan delakoan nago, eta etortzeko dauden urteetan euskararen erabilerak gora egingo duela uste dut, denok gure inguruan erabilera hori sustraitzeko ahalegina egiten badugu behintzat.

Olatz Beldarrain Suárez- 29 urte- Ahobizi- Deustu- Abokatua

Lekukotzak: Nati Ovelleiro (Hamaikakoa)

Euskaraldia balio izan zait konturatzeko batzuetan euskaraz hitz egin ahal dudala eta ez dudala egiten burua ez dudalako horretan jartzen. Hartu nituen konpromisoak ederto bete ditut eta egunak pasatu diren arren, betetzen jarraitu dut.

Oso ondo etorri zait txapa ipintzea eta burua nolabait horretan jartzea. Auzoko zenbait euskalduni aurpegia jarri diet eta hitz egiten ez nuen pertsona batzuekin berba egiten hasi gara. Kalejira egin genuen eta ordutik agurtu eta pitin bat hitz egiten dugu
Espero dut kanpaina pixkanaka itzali arren, piztutako suak gure auzoan jarraitzea.

Nati Ovelleiro- 52 urte- Ahobizi- Ibarrekolanda- Irakaslea

Lekukotzak: Enara Ahedo (Hamaikakoa)

Lehenik eta behin, familian euskaraz dakiten denekin hala aritzeko konpromisoari dagokionez, oso errotuta dauden harremanak direnez, familia hurbilean aurrerapen asko egin baditut ere, eta etxean ohitura asko aldatu baditugu ere, familia zabalean zailagoa egin zait eta gehienetan gaztelerara jo dudala aitortu behar dut.

Kalean, ezezagunekin lehengo hitza euskeraz izatearena, aurretik lantzen egon naizen gauza izanda, nahiko hobeto dudala uste dut.

Beste alde batetik, ezagun eta lagunekin elkarrizketak euskaraz hasi ditudan arren, askotan kostatu zait mantentzea beste aldekoak euskara ulertzen bazuen ere, erderaz erantzuten zuenean.

Azkenik, uste dut nire etxean beti erabili dudan euskalkia askoz gehiago erabiltzen dudala orain testuinguru anitzagoetan.

Laburbilduz, hainbat aurrerapen egin ditut eta Euskaraldia honetan martxan hasteko oso aitzaki ona izan da. Hala ere, oraindik asko dago lantzeko.

Enara Ahedo- 20 urte- Ahobizi- Deustu- Gizarte lana eta Gizarte Hezkuntzako ikasle

Lekukotzak: Xabi Ugalde (Hamaikakoa)

Zorionez nire eguneroko jardunean  euskaraz bizi naiz eta ia euskaraz nire bizitzako beste arlo batzuetan. Ahobizi izateko hautua egin nuenean, nire bizitzako beste arlo ia- euskaldunak euskarara hurbiltzeko eta animatzeko egin nuen.  Nahiz eta hasiera batean apur bat arraroa izan, neuk euskaraz eta haiek erderaz erantzutea, esan behar dut nire inguruan ibili diren Belarriprest guztien jarrera goraipatzekoa izan dela, ilusioz eta euskara gosez sumatu ditut. Argi dagoena zera da: gure artean sortu berri diren zubi berri hauek elikatu eta zaindu behar ditugu. Hamaika egunak baino garrantzitsuagoa iruditzen zait hamabigarrena.
Beraz, jarrai dezagun sorturiko zubi berri hauek 365 egunetan zaintzen eta elikatzen.

Xabi Ugalde- 43 urte- Ahobizi- Arangoiti- Irakasle

Lekukotzak: Patxi Erezkano (Hamaikakoa)

KONPROMISOAK

Lanbidez irakaslea naiz, Institutuan badira irakasleak, langile ez irakasleak eta ikasleak euskara jakin arren gaztelaniaz aritzen direnak eremu formaletan eta informaletan. Horregatik, oraingo honetan nire konpromiso nagusia izango da ikastetxeko partaide horietako batzuk Belarriprest izatea lortzea. Zehatz-mehatz hurrengo hauek:

*Irakasleak: 2

*Langile ez irakasle : 2

*Ikasleak : 10

EBALUAZIOA

Pozgarria eta bihotz altxagarria da irakurtzea konpromisoak hartu zituzten lagunek bete dituztela Bikain Plus notarekin. Ostera, nire erronkaren emaitza HB izan da, porrota, guztiekin gainera.

Arrazoiak nagusiki bi:

*Inoiz superbotereak izan baditut dagoeneko amaitu zaizkit, ez naiz Argitxoren familiakoa.

* Bizi garen metropolitxu honetan hiritarren hizkuntza-jarrerak aldatzen saiatzeko egunerokoan erabilera behartzen dituzten askotariko zera horietan folkloretik harago konplexurik gabeko hamaika neurri indarrean egon beharko ziren.

Berbaizukoentzat ere bi hitz:

*Sentitzen dut Elkartearen ebaluazioan nota jaitsi badut, badakizue hurrengoan hobetu aukeratu hamaikakoa.

*Eskerrik asko egiten duzuen lanagatik, ai Bilboko auzo guztietan zuen moduko Euskara Elkarte bat egongo balitz!

Amaitzeko, hemen ez dago ezer galtzeko dena dago irabazteko!

Patxi Erezkano- 55 urte- Ahobizi- Deustu- Irakaslea

Lekukotzak: Irati Martinez (Hamaikakoa)

Euskaraldian parte hartzea esperientzia polita eta aldi berean neketsua iruditu zait. Balorazio orokorra egin beharko banu, esango nuke ereduzko Ahobizia  ez naizela izan, horrekin esan nahi dudana da batzuetan “arauak” apurtu ditudala desesperaziogatik, nagiagatik edo erosotasunagatik. Ez dut inoiz dietarik egin, baina esan ohi da gerokoa dela gogorrena. Ba horixe bera uste dut gertatu zaidala niri, hasierako egunetan bikain eta gero tranpatxoak egiten ibili naizela jis jis jis. Halere, ez da erraza Ahobizi izatea bikotea, lagun min, senide  eta auzokide asko erdaldunak direnean, beraz, zentzu horretan ez naiz hain ezkor jarriko,  hauetariko batzuek Euskaraldian parte hartu dutelako egunero txapa eramanez eta beste askok nahiz eta txaparik ez eraman Belarriprest rola hartu dutelako. Beraiekin, tarteka, euskaraz bizi izan naiz eta arrazoi honegatik bakarrik hurrengo urtean, nahiz eta ziurrenik tranpatxoekin, Ahobizi izateko asmoa daukat.

Irati Martinez- 31 urte- Ahobizi- San Inazio- Irakasle

Lekukotzak: Leticia Medina (Hamaikakoa)

Euskaraldiaren balorazioa egiterakoan, onartu behar dut asko kosta zaidala lehengo hitza euskaraz esatea, batez ere, normalean ederaz hitz egiten dudan pertsonei.

Dena-den, saiatu naiz eta espero ez nuen pertsona batzuk jarraitu zuten euskeraz hitz egiten.

Dena den, saiatu naiz eta espero ez nituen pertsona batzuek euskaraz jarraitu dute. Horien artean, auzokide bi eta lehengusin bat dago. Famlian, iloba eta neba birekin baino ez nuen espero euskaraz aritzea, horregatik lehengusinarena oso sorpresa ona izan da. Gainera, euskaraz egiten jarraitu dugu, beti ez, baina askotan bai.

Lanean beste kontu bat izan da, nahiz eta saiatu, gutxirekin lortu dut elkarrizketa osoa euskaraz izatea.

Leticia Medina- 36 urte- Ahobizi- Arangoiti-Administratiboa