Ongi etorri, Ttap aldizkaria!

Ttap aldizkaria jaio da gaur, sakeletarako edota tableterako propio egin den lehen aldizkaria. Euskarazko tokiko hainbat hedabidek sortua, Kataluniako Esguard hedabidean oinarritu da. Irakurri, ukitu, ikusi eta entzun daitekeen produktua da. Gertuko gaiak jorratuko ditu, erraz eta azkar kontsumitzeko moduan!

ttap aldizkaria

Play Storren jaitsigai dago!

Omako baso margotuan (azken jaia)

Heldu da ikasturte amaiera eta horrekin batera Txantxiku eta bertako lagunak udalekuetara arte (edo hurrengo ikasturtera arte) agurtzeko unea. Urtero lez, azken jaia ospatu genuen igandean, eta mendi irteera guztietan bezala, bidea aurkitu ezinik egon arren, izugarrizko egunaz disfrutatu ahal izan genuen Omako baso margotuan.

Goizeko 10.00etan atera ginen Deustutik eta Santimamiñeko parkinean utzi gintuen autobusak. Bertatik, aldapan gora eta behera ibili ginen, eta inguruneaz eta naturaz inguratuta hain gustura geundenez, basora igotzeko sarrera pasatu genuen konturatu gabe! Atzera egitea tokatu zitzaigun beraz, eta sarrera topatu bezain laister, berehala hasi ginen zuhaitz margotuen artean kuxkuxeatzen.

Txantxiku - OMA (TALDE ARGAZKIA)

Basoaren erdigunera heldu ginenean, kantari genituen tripak, eta ñam ñam abestu eta bokatak ziztu bizian irentsi ostean, denbora librerako tartea izan genuen. Horren ostean, basoaren zirrikitu guztiak ezagutzeko aukera izan genuen begiraleek prestatutako gimkanaren bidez; Ibarrolak margotutako zirkuluaren erditik pasatu, ostadarraren koloreak zenbatu, begi artean pistak bilatu … Konturatu gineneko motxilak hartu eta etxera bueltatzeko unea heldu zen, hasierako asmoa, Lagako hondartzara joatea, bete gabe.

Oma herritxoan kantinplorak bete ostean, korrika joan behar izan ginen aldapan gora autobusera heltzeko, eta etxera bide osoa kontu kantari eman genuen begiraleak lo seko zeuden bitartean.

Uztailean ikusiko dugu elkar! IKU IKU… GORA TXANTXIKU!!

Euskaraldia: Gaur 18:30ean Gemma Sanginés eta Pello Jauregi Euskaltzaindian!

Gaur 18:30ean Gemma Sanginések eta Pello Jauregik berbaldia emango dute Euskaltzaindian. Nola jokatu Ahobizi izanda? eta Zergatik bete behar dugu Bilbo Belarriprestez? hitzaldiak emango dituzte Bilboko Euskaraldiak antolatuta. Sarrera doan izango da lekuak bete arte!

Ekainaren 8an Pello Jauregi eta Gemma Sanginés Euskaltzaindian

Sanginés San Inazion jaio zen eta psikologoa da heziketaz. Ferran Suay bere senarrarekin TELP tailerrak garatu zituen, non asertiboak izateko eta euskaraz eroso sentitzeko teknikak eta baliabideak eskaintzen dituen. Horrekin lotuta egongo da ostiralean emango duen Nola jokatu Ahobizi izanda? berbaldia. Haatik, Pello Jauregi pasaitarra EHUko irakaslea da eta Zergatik bete behar dugu Bilbo Belarriprestez? galderari erantzungo dio. Pasaitarrak Eusle metodologia garatu du, zeinean oinarritu diren Ahobizi eta Belarriprest figurak.

Sarrera doan izango da lekuak bete arte!