Lekukotzak: Libe Irisarri (Hamaikakoa)

Euskaraldia erronka handi bat izan da niretzat. Iniziatiba bikaina izan da ohiturak aldatzeko;  bakarrik falta da borondatea, perseberantzia eta inertziak apurtzea. Nire partetik lortu dudala uste dut, eta soilik horrela lortuko dugu hasierako helburua: entzutea eta hitz egitea euskaraz gure artean.

Euskaraldia bide bat izan zen, eta dinamika horretan jarraitu beharko dugu, azken batean, euskara gure herriko hizkuntza delako. Eta kito!

Libe Irisarri- 59 urte- Belarriprest- Erribera- Etxekoandrea

Lekukotzak: Olatz Beldarrain (Hamaikakoa)

Orokorrean euskaraldiaren balorazio positiboa egiten dut.

Hartutako konpromisoak bete ditudan arren, esan beharra daukat lehenengo egunetan zaila iruditu zitzaidala, batez ere erderaz egiteko ohitura dudan pertsonekin, eta are gehiago erderaz jarraitzen zutenekin. Halere, erronka polita iruditu zait egunerokotasunean lehenengo hitza euskaraz egitea eta konturatzea gehienok garela elkarrizketa arrunt bat euskaraz izateko gai. Lehenengo hitzarekin bakarrik!
Konklusio moduan, ekimen hau onuragarria izan dela pentsatzen dut. Kalean ikusgai ziren bai Belarriprest eta bai Ahobizi txapak, jende asko mugiarazi denaren zantzu. Hala ere, jarraikortasun bat izan behar du mugimendu honek, gizartean euskara sustatzeko oraindik lan handia egiteke baitago. Esperientzia hau baliagarria izan delakoan nago, eta etortzeko dauden urteetan euskararen erabilerak gora egingo duela uste dut, denok gure inguruan erabilera hori sustraitzeko ahalegina egiten badugu behintzat.

Olatz Beldarrain Suárez- 29 urte- Ahobizi- Deustu- Abokatua