Lekukotzak (Eneko Herran Lekunberria)

Hizkuntza kontuetan, ezagutza gaitasuna baino ez da, eta honek bere iraupen “folklorikoa” baino ez du bermatzen.

Gaitasun hori erabilerarekin aktibatuz bakarrik bermatzen da iraupena.

Beraz, zure ezagutza (gaitasuna), edozein dela ere, erabili euskara ahalik eta gehien, biziraupena eta garapen praktikoa bermatzeko.

Gaur arratsaldean, nire erronka: lehenengoz… (des)kontzertua euskaraz bakarrik!!!

Gonbidatuta zaudete, jakina.

BIZINAHI Troba

Partekatu

Lekukotzak (Jone Gartzia)

Txapa janzten eta eranzten ibiltzea bezain deserosoa da txipa aldatzen aritzea. Ezusteko onak eta txarrak hartu ditut egunotan. Nire lehenengo elkarrizketa elebidunak, esaterako. Ez dut esango eroso sentitu naizenik egoera horretan, baina poz handia hartu dut Euskaraldia zer den ere jakingo ez zuela pentsatzen nuen lagun batek “nire Belarriprest txaparen bila joan behar naiz” esan zidanean. Beste batzuetan ez dut nire rola bete, eta gaztelaniara jo dut, euskaraz aritzeko kemen faltan. Atzo, adibidez, euskara ahalegin handiz euskaltegian ikasi zuen amamarekin telefonoz gaztelania hutsean aritu nintzen.  Agurtzeko, zera bota zidan: “Euskaraz hitz egin behar dugu, ezta?”. “Hurrengoan bai”, esan nion nire buruari, “hurrengoan ausartuko naiz”. Ariketaren erdia geratzen zaigu oraindik joera hauek zuzentzeko.

Jone Gartzia

Lekukotzak (Jon Intxaurraga)

Urrun dago 2017ko irail hura. Euskaraldia hasteko asko falta zen orduan. 11 EGUN EUSKARAZ antolatzeko bildu ginen, mirari txiki hura. Ordutik gauza asko aldatu dira: lantalde trinkoa eta laguntzaile sarea osatu dugu, txapak egiten maixuak gara, hotza eta euria sufritu ditugu, argazki-erraldoi planerrak titulua atera dugu, datuak pikatzen eta kañak jartzen aditu bihurtu gara, Deustualdeko dendari guztiak ezagutu ditugu, hamaika hitzaldi eta formazio eman ditugu edota GMAILek inkestak boikoteatu zizkigun. Hau dena urtebetean.

Oharkabean, Euskaraldia heldu da eta, azken txanpan gauden arren, goza dezagun! Merezi dugu-eta!

Euskaraldia on guztioi!

Jon Intxaurraga

Lekukotzak (Txantxikuko begiraleak)

Euskaraldiari hasiera emanez, ostiralean ume zein begiraleok, Txantxikuren aurtengo lehenengo asteburupasari indar eta ilusio handiz ekin genion. Hasieratik aisialdiaz gozatzea eta ondo pasatzea izan da gure helburu nagusia, betiere euskaratik sortuz gozamen eta ondo pasatzeko nahi hori.

Asteburuan zehar Bernedo konkistatu dugu eta bere kaleak gure oihu, kantu eta algarekin bete ditugu. Euskaraldia ere eraman dugu Arabako herri txiki hartara. Begirale guztiok proiektuan parte hartzeko hautua egin dugu eta “Ahobizi” rola betetzeko erronkari hasiera eman diogu Txantxikuko asteburupasa honetan. Esan beharra dago egoera erreza izan dela begiraleok bizi duguna hasierako egun hauetan, motorrak berotzen joateko giro paregabea!

Bernedotik ekarritako giro euskaldun hori metatu, indarrak hartu eta astea primeran hasteko prest gaude begiraleok, oraingoan bakarka ekin beharko diogu asteari, ordea.

Hala ere, martxan jarri gara jada eta Deustura ekarritako indar hori transmititzeko gogoz bueltatu gara.  Jarrai dezagun beraz Deustun euskaraz gozatzen!

Txantxikuko Begiraleak

Txantxikuko begiraleak

Lekukotza (Jaione Ayestaran)

Formal, bigarren egunez, txapa atzoko jakatik kendu eta gaurkoan jarri dut. Gora, behera, ezker eta eskuin, txapa gehien ikusiko zen leku estrategiko hori topatu arte. Baina antza, ez dut gehiegi asmatu. Edo beharbada, txapa jartze hutsak ez dakar inplizituki txip aldaketa bat. Ez behintzat Baionako kazetari batzuen artean.

“Larunbat goiza. Migranteen eskubideen aldeko plataformen protesta”.

Hori zioen nire agendak eta hara joan naiz. Heldu bezain pronto hurbildu zait prentsa arduraduna, Ahobizi txapa soinean zuela. Antza, berak bai asmatu duela lekuarekin, nik lehenengo begi kolpean aurkitu baitut. Berak ordea, ez omen du nirea ikusi.

“Bonjour” esan eta frantsesez jarraitu du. “Egunon” esan diot nik, baina ezin diskurtsoa eten. Eta frantsesez jarraitu du nik moztu eta “barkatu, ez al duzu nire txapa ikusi?” esan diodan arte.

Gorrituta, euskaraz hasi dugu berriro elkarrizketa. Hasieratik.

Oraindik ez dakit nire txapa ez ote duen ikusi ala berea soinean zuenik ere ahaztu duen. Tira, Ametsi kasu egin eta 12. egunera arte itxarongo dut.

Jaione Ayestaran