Berbaizukide berria

Berbaizukide berri modura sartu nintzen ostiralean bertan. Mullerreneara heldu eta txikia izanik ere, berehala sentitu nuen bertoko gozotasuna. Urduri baina oso pozik, zer esango dut? (Pentsatu nuen nire artean), lehenengo hitzak hautatu behar eta bota nituen PLAY “euskaldunek euskara dute galduko…” Anje Duhalde, ai ama, txarto hasi naiz.

Bizardun gazte bat dabil urduri, gelditu gabe jende piloa, ez dago lekurik guztientzat, Herrikora joan dira sukaldari lanak egiteko. Ummm… usain goxoa sumatzen dut. Bakarrik geratu naiz.

Herrikoan sukaldatzen

Bat-batean bi artista agertu dira, eta astronautaz jantzita hasi dira beraien 40. urtebetetzearen inguruan, Berbaizuk 25 urte dauka, eta jendez lepo Mullerrenea. Hau barre andana. Ederto pasa dugu Adarretatik zintzilik antzezlana ikusten, Galder Perez eta Ane Zabala eskerrik asko.

Adarretatik zintzilik

Berriro bakardadea.

Larunbata, apirilak 1, euria ari du kanpoan. Bizardun gaztea goiz etorri da eta Ibarrekolandara joan gara, bertan sukaldari kuadrilla jo eta ke, besteak Bidarten daude, antza kontuak eta elkarteko ibilibideari buruz arituko dira. Janirek egindako dokumentala ikusi eta familia argazkia aterako dute. Honaino heldu zait betiko Berbaizukide eta gure bihotzetan dauden Natalia eta Zigorren oroitzapena.

Bilera

Ibarrekolandan nago eta dagoeneko hasi naiz berbetan, umeak daude eta Aitor Boti dabil kamiseta politak egiten; Txantxikukoak ere hor dabiltza umeekin jolasean, ze pena umea ez izatea!

Kamiseta tailerra

Kamiseta tailerra II

Arratsaldeko 15:00, bazkaltzera. Entsalada eta paella, boloban marrubi eta txokolateagaz… Pepote aritu da chef nagusi eta bere laguntzaile taldearekin menu gozoa prestatu digute… mila esker guztiei. Nik ezin dut jan… Hau zorte txarra! Jarraitzen dut nire matrakarekin…

Bazkaria

Herri bazkaria

Orain isiltzera noa, Kantugintza taldekoak, Juanjoren gidaritzapean hasi baitira abesten: Lau teilatu, Baratze bat, Nafarroa…; nik Kantugintzakoekin ezin dut lehiatu, Euskal Herriko ohitura dugu mahai baten inguruan abestearena, eta horrela jarraitu behar dugu… EUSKARAZ kantatzen noski!

Kantugintzakoak

Stresss momentua! Berriz Mullerrenera, Laize MC eta El Aprendiz rap bikotea. Barakaldokoak eta oso gazteak, berriz giro paregabea. Ohore bat niretzat gazte hauen bozgorailua izatea… zorte ona opa dizuet; jarraitu rapeatzen EUSKARAZ.

Laize MC eta El Aprendiz

Hau zoramena! Arrapaladan Izeki ondoko plazatxora R&R dugu zain, Orbelak talde gaztea! Hau jendetza, hau urduritasuna, ez dakit maila emango dudan! Gorabeherekin baina azkenik emanaldi txukuna, gazte piloa, musikaz gozatzen, eta EUSKARAZ! Plazerra izan da Orbelak, jarraitu horrela; hurrengorako hobeto prestatuta egongo naiz.

Orbelak

Hau nekea! Berriro Mullerrenean, nire etxean. Orain atseden hartzera. Espero dut horrelako egun asko izatea hurrengo urteetan, uste dut asmoa dagoela hemendik aurrera hilero kultur emanaldi bat emateko, geroago astero… baina apurka apurka; ni PREST! bizardun gaztea eta lagunak joan dira, Gazte Lokalean musika gehiago: TxN, Alex Arregiren talde berriak musika elektro-rock-industriala egiten du, eta ni txikiegia naiz horrelako emanaldietarako. Giro polita, belaunaldi desberdinak musika entzuten, musika berezi hau ere EUSKARAZ. Ederra benetan Deustu alai eta euskaldun batera bizitzera etorri izana.

Txoriak Negutegian

Eta eguna borobiltzeko denok dantzan Txoteok eta Nikok aukeratutako musika ederrarekin; horretarako ni ere PREST! nengoen baina gaurko egun biziaren ostean, atsedena hartzen geratu naiz Mullerrenean.

Hurrengora arte. Eta ez dut uste euskaldunok euskara galduko dugunik, Deustukook ez behintzat.

Berbaizukide berria