Iratxoaren tinta magikoa (Patricia Gutierrez-Crespo, San Inazio BHI)

Bazen behin zuhaitz bat. Zuhaitz hartan, iratxo ikusezin bat zegoen. Zuhaitzetik hosto kimu bat ateratzen zen bakoitzean, iratxoa han egoten zen. Eta hostoak hazi bitartean, handi eta gogor bilakatzen ikusten zituen arte, haiei begira geratzen zen iratxoa, zaintzen eta babesten.

Ulergaitz samar, lotura berezi batek lotzen zuen iratxoa zuhaitzarekin. Horri esker, hostoei, naturaren mirariari, txundiduraz begiratzen zien. Eta hostoak erabat osatzen zirenean, aitaren harrotasunarekin eta amaren maitasunarekin agurtzen zituen, haietan tinta magikoz hitz boteretsu eta inspiratzaileak idatziz. Musu batez bezala. Ondoren, askatasuna ematen zien. Hostoz hosto, mila orriko liburu bat idazten bukatu zuen udaberriko azken egunean. Eta hitzok fruitu ugariren euskarri izan ziren: sagar goxoak, intxaur lehorrak, limoi garratzak… Inork ikusi gabe, lanik garrantzitsuena egiten zuten.

Uda igaro zen, bai eta udazkena heldu ere. Eta iratxoak ikasi zuen gauza guztiek amaierara jo ohi dutela, ezinbestez. Suspertzen ikusi zituen bezala, banan bana lehortzen eta jausten ikusi zituen bere hostoak, bizitzarenak. Malkoz malko, hostoz hosto. Apurtuta ikusi zuen bere bizitzaren historia, zati batzuk lurrean eta beste batzuk haizeak eramanda. Mundua tinta magikoz bustita.

Patricia Gutierrez-Crespo

San Inazio BHI

Osteratxu bat Puerto Ricotik Amaiaren eskutik

Spanglish apur bet ikasi duela aitortu zigun Amaia Aiartzaguenak Puerto Ricori buruz berbetan ari zenean eta “jangear” berba aipatu zuen, “hang out” (biharamuna, ajea, ostea, bestondoa…) berba ingelesan jatorria daukana. “Pon” ere egin zuen etxera itzultzeko, norbaitek kotxez bertaraino eroan zuenean. Zazpi hilabetez Puerto Ricoko hospital batean praktiketan egon da eta bertoko paraje eder batzuk ezagutu ditu: mendia, hondartza…

Bidaia Kontaketa Zikloa: Puerto Rico

Halaber, hilabete pare bateko Gabonak bizi izan zituen eguzkipean. Bere esanetan, arraro samar egiten zitzaion hondartzan egotea kalean Gabonetako apaingarriak, edur bolak besteak beste, kaletik ikusten zituelako. Egun haietan Chinchorro egin zuen errepidetatik eta Pitorro edan zuen. Egia esan, guk ere Pitorro edan genuen, Amaiak ekarria, eta berari esker une batez Puerto Ricon geundela sinestu genuen. Bidaia Kontaketa Zikloa: Puerto Rico

Txantxikuak Deustuko inguruak ezagutzen

Txantxikuak Deustuko inguruak ezagutzen igaro genuen ekaineko lehen igandea. 17:00etan Done Petri plazan elkartu eta segidan frontoi atzean dagoen bidetik Berriz mendia igotzeari ekin genion. Eguzkia bizkarrean genuela, ordubetean goraino heltzea lortu genuen. Bilbo osoa erakusten ziguten bista ederrak disfrutatzeaz gain, argazki batzuk ateratzeko aukera ere izan genuen.

Txantxikuak Deustuko inguruak ezagutzenOstean, Arangoiti eskolako patioan, zukuekin eta txokolatezko irabiakiekin prestatutako ginkanean jolastu ginen Deustura jaisteko ordua iritsi zen arte. Kanta kantari eta uztaileko udalekuen inguruan solasean, ia oharkabean, 19:30ak aldera Done Petri plazara heldu ginen. Txantxikuak Deustuko inguruak ezagutzen

Nahiz eta ibilbidea laburra izan, ez ziren gutxi izan bertan bizitako abenturatxoak. Orain kurtsoa amaitzear dago eta udalekuak inoiz baino gogotsuago prestatzen ari gara!

 

Hurrengora arte Txantxikukide!!!! IKU IKU IKU TXANTXIKU!!!!

Txantxikuak Deustuko inguruak ezagutzen

Ni izatetik ni izatera (Markel Sevilla, Ibarrekolanda)

Atzo oheratu nintzenean neu nintzen, neure gorputza neurea zen, betikoa, baina gaur,  esnatzean, konturatu naiz ez naizela ni. Nire gorputza, nire sentimenduak ez dira  nireak, beste norbaitenak direla  esango  nuke, baina ez  nago seguru. Ez   nago  seguru  neu naizen ala ez, agian beti izan naiz horrelakoa. Egiaztatuko dut, neure buruari  galdetuko diot neuk bakarrik dakidan galdera bat, baina ikusten dut  horrek ez daukala  zentzurik. Nola  ez  diot  ondo  erantzungo  nik  bakarrik  dakidan  galdera  bati? Beste  bide bat bilatu behar dut neu naizen ala ez jakiteko. Agian  ispilu  bat lortuko  banu,  ikusiko nuke. Beraz, bila hasten naiz, baina ez dut bilatzen aurkitzen dudana. Agian  ohetik altxatzea lortuko banu zerbait ikusiko nuke. Izan  ere, altxatzean  ikusten  dudan  gauza bakarra izugarrizko altueran nagoela da. Ondoren mugitzea pentsatu dut, baina  lortzen dudan gauza bakarra nire azpian dagoen dorrea mugitzea da. Ez dakit nola,  baina oin bat mugitzen dudanean dorrea aurrera mugitzen denez, korrika  hasten  naiz.  Baina bat-batean zerbaitek behaztopatzen nau eta dorrea jausten  da. Zorionez, neu  izanda esnatu naiz: neure  hankak, ilea, belarriak, buztana…

Markel Sevilla

Ibarrekolanda BHI

Ekainak 17 21:00etan bertso afaria Deustuan!

Aek-Matxintxu, Elorri bertso-eskola eta Berbaizuk elkarlanean bertso-afaria antolatu dugu ekainaren 17rako. Bertsolariak Fredi Paia eta Jokin Uranga izango dira.

Izena Berbaizun bertan eman dezakezue eta aldez aurretik ordaindu behar da.

Ekainak 17 Bertso afaria Bordatxon!

Menua:

Txangurro txupitoa, irabiatutako gazta eta concasse tomatearekin

Eta

Ziazerba beteak arroz krematsuaz eta mexikar erako saltsarekin

Asetzeko

Txipiroi frijituak brotxetan, patata krema fina gainean

Eta

Txekorrez eta barazkitxoz betetako hostorea

Gozatzeko

Goxua

Ura eta mahai ardoa barne.