Txango bat Kolonbiatik Nerea Zuluagaren eskutik

Bidaia Kontaketa Zikloa: KolonbiaJoan den ostiralean Nerea Zuluaga gazte deustuarrak Bogotan eman duen urtea kontatu zigun. Bertan soziologia ikasturte bat egin du eta kontatu zigunez Unibertsitateko eta kaleko giroa guztiz ezberdinak ziren: balore aldetik Unibertsitateko giroa askoz aurrerakoia da. Era berean, Bogota hiri arrikutsua dela esan zigun, Kolonbia osoko jendea bertara ‘irautera’ baitoa eta ondokoa ezer gutxi axola baitzaio. Dena den, etxean bezala egon zen, jendea oso atsegina zelako.

Bogotaz gain, Kolonbiako beste txoko batzuk ezagutzeko aukera izan zuen: ‘Eje cafetero’, Amazonia, Guajira, Karibea… Gainera, Unibertsitateak inguruko hainbat errealitate ezagutzera eraman zituen. Bidaia Kontaketa Zikloa: Kolonbia

Kolonbia oso herri anitza dela esan zigun Nereak: afroak, indigenak eta zuriak elkarrekin bizi dira eta tokian-tokiko nortasunak errotuta daude. Futbol selekzioa da kolonbiar guztiak batzen dituena.

Eta Nereari entzuten eta galderak egiten Kolonbia apur bat gehiago ezagutzeko aukera izan genuen.

Bidaia Kontaketa Zikloa: KolonbiaBidaia kontaketa zikloaren hurrengo geltokia datorren ostiralean Puerto Ricon egingo dugu Amaia Aiartzaguenaren eskutik. 19’30ean abiatuko gara. Gurekin etortzeko prest? Bidaia kontaketa zikloa 2016

Partekatu

Eta dena arrautza dozena batengatik (Garoa Sarrionandia-Ibarra, Arangoiti LHI)

Hemen nago, gela honetan, bakarrik, ertzainaren zain. Eta zergatik nagoen hemen? Arrautza dozena bategatik. Aitarekin joan naiz erosketak egitera. Erosketak bukatu ondoren, atea zeharkatu dugunean, alarmak jo du: «Pipi, pipi, pipi…!». Orduan, segurtasuneko gizona hurbildu zaigu eta erosi duguna ordainduta zegoen galdetu digu. Une horretan, eskuan nituen arrautzak ordaindu gabe zeudela konturatu naiz. Gure ondoan zegoen jende guztia guri begira ari zen. Ez nekien zer egin, ezkutatu edo segurtasuneko gizonari eman, edo…

«Ai ene!». Azkenean, gizona niregana hurbildu da eta arrautzak kendu dizkit. Denbora asko arrautzak eta ordenagailua begiratzen egon ondoren, altxatu egin da eta berarekin joateko agindu dit. Bitartean, aita dendako arduradunarekin geratu da hizketan. Nik ez nekien nora eramango ninduen; gero eta urduriago nengoen. Gela batera heldu gara. Gela oso txikia zen, mahai bat eta aulki bat besterik ez zeuden. Gizonak aulkian esertzeko eta ertzaina etorri arte hor geratzeko esan dit. Gizona joan denean arazo larri batean sartuta nengoela konturatu naiz. Zer egingo ote didate?

Garoa Sarrionandia-Ibarra

Arangoiti LHI

Emailarekin arazoak

Azken egunotan arazoak izan ditugu emailarekin. Mezuak jasotzen ditugu baina nekez lortzen dugu erantzutea (mezuak bidaltzen dira baina ez ei dira heltzen; nora joango ote dira?). Beraz, emailaren bat bidali badiguzu egon lasai, ahal dugunean erantzungo dizugu. Bestela, berbaizuko@gmail.com helbidera alternatibora idatz diezagukezu.

Barkatu endredoa

Maiatzak 22: Ekuadorrekin Elkartasun Jardunaldia

Ekuadorrekin elkartasuna

Ekuadorreko kostaldean pasa den apirilaren 16an jazotako lurrikarak kalte gogorrak eragin zituen eta guztira 659 hildako, 40 desagertu eta 25.000tik gora lagun eta familia desplazatu. Hori dela eta, hainbat kolektibo eta eragilek gure laguntza eta babesa eskaini nahi diegu biktima eta familiei. Horretarako elkartasun eguna ospatuko dugu, dirua batu eta Escuela de Mujeres de Frente erakundeari bidaltzeko, han bertan errekaudatutakoa bideratu eta kaltetutako eskualdeetako emakume eta haurrei arreta eman ahal izateko.

Eguna eta ordua: Maiatzaren 22an, 12:00etan hasita arratsaldeko 18:00ak arte Hikateneoan.
Egitaraua:
12:30 Musika saioa
13:30 Herri bazkaria
Tiketak 5€ eta 10€ han bertan.
Aurretiazko salmenta:
– Hikateneoan, arratsaldez
– Pikara Magazinen (Lamana kalea 2), goizetan 9:00tatik 14:00tara.
– Ekuador Etxean (Botikazar 21)
16:00 Zozketak.
Boletoak 3€ eta 5€ leku berean.
16:30tan Musika eta Dantza.

Antolakuntza: Hikateneo, Ekuador Etxea, Munduko Emakumeak eta KI

Ahopeko kontzertuak Mullerenean: Nire

Ahopeko kontzertuak Mullerenean

Irungo hirukoteak ostiralean Mullerenean jo zuen Ahopeko kontzertuak ekimenak antolatuta, zeinak kontzertu sorpresak antolatzen dituen. Sarrera erosi arte entzuleak ez daki kontzertua non izango den eta aretoan sartu arte nork joko duen ere ez. Ekimen horren barruan Nire taldeak folk-kontzertua eskaini zigun. Azken kantan atera zituzten instrumentuak harritu gintuzten. Puru kutxekin kitarrak egin zituzten. Hemen Ibai Armentiak eta Berbaizuk eginiko argazkiak ikusgai dituzue. Ahopeko kontzertuak Mullerenean