Oporretan goaz! (+ irakurtzeko 5 gomendio)

Uztailarekin batera, gu ere bagoaz. Hori bai, irailean bueltatuko gara pilak kargatuta. Ordura arte ondo ibili eta uda disfrutatu!

Oporrak!!!

PD: Hona 5 gomendio udarako:

Ez egin tiro anbulantziei: Mikel Ayllonen eleberria Irakurleen txokoan izango dugu berbagai urriak 7 20:00etan Bidarteko Udaltegian. Abiapuntua: bat-batean kartzelan azaltzen da Gerard eta bere kartzelakideak desagertzen hasten dira. Hau guztia argitzeko giltza ei du Silviek, ezagutu berri duen emakume misteriotsua. Egilea gurekin egongo da.

Saguak eta gizonak: Iñigo Errastik itzuli zuen John Steinbecken eleberri hau, Lennie gizon indartsu baina atzeratuaren eta bere lagun George pikaroaren Depresio Handiko Amerikan zehar dituzten abenturak kontatzen dituena. 1992an Gary Sinisek eleberria film bihurtu zuen eta George antzestu zuen. John Malkovichek jokatu zuen Leninen papera.

Ni ez naiz hemengoa: Joseba Sarrionaindiaren lehen saiakera dugu hau, 100 ataletan bananduta dagoena eta literatura, politika edo euskera bera jorratzen dituena. Irarkueta arina baina gogoeta sakonak eskeintzen ditu liburu honek, zeinari Marginaliak segida ematen dion.

La lutte finale: Bi gizon eta bi emakumeen harreman nahasiak maisutasunez harilkatzen ditu Joxean Agirrek ironiaz eta garraztazunez beteriko eleberri honetan. Mundua aldatzetik munduak aldatzera saltoa, belaunaldien arteko aldeak eta plazerra berbagai ditu obrak, irriño bat aurpegian irakurtzen dena.

Maria Merce Marçal: Itxaro Borda poeta lapurtarrak katalan honen bertso aukeratuak ekarri ditu euskarara Munduko Poesia Kaierak bildumaren baitan. Hain itzulpen fina egin du Bordak, non, liburua hiztegi bat baino gehiago eskuan irakurtzera gomendatzen dizuegun. Hemen uzten dizuegu Marçalen dibisa, irakurmina pizteko asmoz:

Menturari hiru dohain zor dizkiot: emazte sortu izana,

Klase sozial apalekoa eta herrialde zapaldukoa.

 Eta hiru bider errebelde izateko urdin uherra.

Partekatu

‘Hemen euskaraz’ pegatinak banandu ditugu

Mullerenean Zergatik Ez? tailerra irailean jaso genuenean, emaleak esan zigun lehengo berba euskaraz esango bagenu hizkuntzaren erabilera bikoiztu egingo litzatekeela. Euskararen erabilera sustatzeko, aspalditik abiatu genuen ‘hemen euskeraz, hemen berbaizu!” kanpaina, Deustualdeko zein komertzioetan euskaraz eros daitekeen bezeroei erakustea asmoa duena. Urteak dira banaketan gabiltzala, eta horrela hainbat komertzio, denda, taberna eta gunetan dago ikusgai Deustualde osoan.

Hemen euskaraz hemen berbaizu

Kanpaina urte osoan zehar egoten da martxan eta hona, aurretik ezarrita zuten 20tik gora komertzioei gehituz, geure pegatina eman berri diegun komertzio batzuen izenak:

- Deustuko Batzokia (Heliodoro de la Torre 5)

Obieta farmarzia (Julio Urkixo 10)

Gallastegi jatetxea (Ramón y Cajal 4)

Gabiña garagardotegia (Jon Arrospide 28)

Tximeleta margoak (Julio Urkixo 3)

Ea pegatina jartzen duten eta denon artean euskararen erabilera Deustualdean sustatzen segitzen dugun. Irailean berriro ere ekingo diogu kanpainari eta bitartean komertzio euskaldun baten berri baduzu, jakinaraziguzu pegatina emateko.

Oporrik hartzen ez duen berbalagun taldea

Eguzkitan gaude. 35 gradutik gora. Beroak ez du etenik eta mahai baten inguruan Alazne, Irina eta Ingrid berriketan ari dira, gargardo bat eskuan. Edurneren zai daude. Alazne pozik dago. Laister lanean hasiko da, ordezkapen bat egingo du. Ingridek jakin nahi du euskara ikasten jarraituko duen. Bai, euskara ikasten jarraitzeko asmoa du Alaznek, baita ingelesa ikasten hasi ere, lana baztertu barik, noski. PL3 ateratzea du helburu. Irinak galdetzen dio bere kabuz ikasiko duen eta Alaznek argi du: “euskaltegira joango naiz, bestela nekez aterako dut, ikasten hastea asko kostatzen zaidalako”. Ingrid eta Irinak ere euskara ikasten jarraituko dute. Irinak udan mintzamena landuko du eta hurrengo ikasturtean igual goizeko klaseak hartuko ditu. “Agian Idoia gure irakaslearekin tokatuko zaizu!” dio Ingridek. Alazne ez dago ziur, urteero aldatzen baitituzte irakasleen ordutegiak.

Ingrid, Irina, Edurne eta Alazne

Edurne heldu da. Bera da taldearen dinamizatzailea. Bere urteak ospatzeko garagardo ronda honetara gonbidatzen gaitu. Alazne pozik dago PL2 titulua atera berri duelako. Lan berria hasi dela ere kontatzen dio Edurneri. Fakturak sartzen ari da oraindik, praktiketan balego bezala, baina beste berbalagunei arestian esan bezala, aurki hasiko da benetan lanean. Mikroibiosensoreak fabrikatzen dituzte enpresan. Proteinak ere egiten dituzte eta bezeroei bidaltzen dizkiete. Lana hizpide, Irinak kontatzen du hizkuntza eskolan egon dela beharrean maiatza bukaeran. Ingeles azterketak zuzendu ditu eta ikasle askok huts egin dutela diosku. Ingrid urduri jartzen da azterketetan eta ahozkoan badira gehiago eta gutxiago hitz egiten dutenak eransten du Alaznek. Lotsa kontuak dira.

Udako planak

Berbalagun taldeak oporrik hartu ez arren, berbalagunek udako planak dituzte. Ingridek Errioxara joateko asmoa du euskara azterketa egin ondoren. Erlaxatzeko joaten da hara. Edurnek oporretako aste bat hartu zuen eta Benalmadenan egon zen. Bertoko ura oso hotza dela diosku eta Irianak azaltzen digu Gibraltar itasartearen eragina dela. Harea bero-bero dagolako kexu da Edurne baina zorionez kotxe bat alokatzeko aukera izan zuten eta ingurua ezagutzeko aprobetxatu zuten. Nijar, Mijas eta Marbellan egon ziren eta oso gustora eman zuten astea. Talde hau ostiralero bildu ohi da baina udan asteartera aldatu dute zita, asteburua hobeto aprobetxatzeko. Hala bedi!

 

“Arazo bat dugu: nork egingo dituen lanak eta egiten dituenak euskaraz ez jakitea”

Hona elkarrizketaren hirugarren eta azken zatia, non Bilboko zaleen babesa eta euskararen inguruan solasten baikara Aitor Mojas Deustu Arraun Taldearen presidentea eta Urdax eta Edorta arraunlariekin. Esan gabe doa, solasaldi guztia euskaraz egin genuen. 

 

Deustu taldean Udaletxean

 

Deustuak zaleen babesa izan du?

Edorta: Klubaren betiko jarraitzaleak beti egon dira gurekin baina babes ezberdina da. Beste herrixka txikietan, batez ere Gipuzkoan, arrauna erlijio moduko bat da, Zumaian eta Getarian adibidez.  Bilbon, ostera, beste zaletasun handiagoak daude.

Urdax: Bai, gaur futbola da erreferentzia- kirola eta arrauna beste maila batean dago baina apurka-apurka areagotzen badoa zaletasuna.

Edorta: Areagotu beharko litzateke behintzat.

Bilbotarrek babesten dute Bilbok duen traineru bakarra?

Edorta: Nire ustez ez gaituzte asko ezagutzen. Azken finean, interesa daukanak interesa du eta interesa ez daukanak ez du interesik.

Urdax: Bai, hori da. Errekan entrenatzen ikus gaitzakete egunero eta Deustuko Arraun Taldeak Bilbon duen presentziaz ohartu daitezke.

Edorta: Gero eta gehiago ezagutzen gaituzte, kazetariei esker ere bai. Deian edo Gipuzkoako egunkarietan agertu gara askotan.

 

Bilboko itsasadarrean "XVII Ikurriña Villa de Bilbao" brankan

Euskara

Castroko patroia duzue baina umeen kategorietan euskaraz egiten duzue?

Edorta: Deustu Arraun Taldean denetarik dago, euskaraz dakien jendea eta ez dakiena. Geure artean askok egiten dugu euskaraz baina Castroko norbait edo taldean daukagun errusiarra baldin badago ezin dugu euskaraz hitz egin, errespetuagatik.

Webgunea erdaraz bakarrik duzue, kartelak ere bai?

Aitor: Hemen arazo bat dago: lanak nork egingo dituen eta webgunea egiten duenak bakarrik daki erdaraz. Hori bai, kartelak bietan egiten ditugu.

 

“Itsasoari ez diogu beldurrik”

Bigarren zati honetan entrenamendu saioak izan genituen hizpide Aitor Mojas presidentea eta Edorta eta Urdax arraunlariarekin. Arraunlariek 6 egun entrenatzen dute astean eta estropada eremu ezberdinetan, errekean eta itsaso zabalean, alegia. 

Ziaboga bat eman aurretik

Maila aldaketak entrenamenduak bestela prestatzera bultzatu zaituzte?

Edorta: Ez. Beti entrenatu dugu seriotasun maila berarekin. Azken finean, zuk ezartzen duzu talde moduan ze behar dituzun eta zein den zeure helburua. Beti entrenatzen duzu 6 egun eta irabazteko xedez. Aitor: Bai, sarritasun bera da ACT, ARC1 edo ARC2 ligan.

Erreka aldean hazi den taldea zarete, baina itsaso zabalean lehiatzen dena. Aski dira Zierbenako entremamendu-saioak itsaso zabalean dituzuen estropadak prestatzeko?

Urdax: Prestatzeko-edo bai, baina beste talde batzuek itsasoa hurbilago dute, beraz ohituta daude bertan arraun egitera eta uste dut horrek beste “puntu bat gehiago” ematen diela geure aldean.

Zein da bi estropada-eremuen arteko aldea?

Edorta: Bi kirol ezberdinen modukoak dira. Naturak parte hartzen du itsasoan eta errekan korronterik ez badago, ez. Gainera, itsasoan olatuekin jolastu behar duzu, hau da, beste teknika bat eskatzen da; eta hori alde handia da. Adibidez, olatuetan surfean moduan ibiltzen zara eta ondo aprobetxatuz gero, asko irabazten duzu. Errekan indarra baino ez da.

Aitor: Beharbada lehen bai, bazegoen alde hori. Urdaxentzat agian ere bai, itsasoan gutxi ibili baita arraunean. Aitzitik, Edorta bezalako arraunlariak, hau da, aspalditik itsaso zabalean arraunean dabiltzanak; estropada eremu horretara ohitu dira. Dena den, mito bat da. Adibidez, hor duzu Isuntza, itsasoan arraun egitera ohituta dagoen taldea baina oraintxe momentuan ligan gugandik hurbil dagoena. Zergatik gertatzen da? Bada, itsasoan ibili arren, beharbada euren taldeak ez du lehen urtekoek zuten indar bera. Itsasoari ez diogu beldurrik.

Taldea Villa de Bilbao ikurriñarekin

Jarraituko du

“Presidentea naizen aldetik, lorturiko emaitzekin oso gustora gaude”

Deustu Arraun Taldeko Aitor Mojas presidenteak bere bulegoan hartu gaitu, Urdax eta Edorta arraunlariekin batera. Entremandu-saioari ekin aurretik harrapatu baditugu ere, solasaldi mamitsua izan dugu: besteak beste kategorien aldea, entrenamendu- saioen prestaketa eta euskara hizpide izan duena. Gaur, lehen zatia doatsue. 

Urdax, Edorta eta Aitor Mijangos

ARC1 mailan debuta egin zenuten ekainaren 20ean Zarautzen eta laugarren edo bostgarren postuen inguruan bukatu dituzue jokatutako estropadak. Goiko postuetara begira zaudete? 

Aitor: Presidentea naizen aldetik, oso gustora gaude, betiere hankak lurrean ditugula. Arraunlariak besterik esango dute baina gu behintzat pozik.

Edorta: Zer edo zer izaten duzunean hobetu nahi izaten duzu baina Aitorrek dioen moduan, hankak lurrean izan behar dira eta gainera igo berriak gara. Hori bai, beti nahi izango dugu lehengo postuetan egon.

Aitor: Aukera badago, ez dugu ezetz esango! (Barreak)

ARC1 eta ARC2 mailen arteko aldea nabaria da lehian?

Urdax: Nik ARC2-an ez dut inoiz arraun egin baina suposatzen dut badagoela ezberdintasuna, bereziki talde bakoitzaren arteko aldean. Iaz adibidez, estropada txarra egin eta bigarren postuan amaitzen zenuen, eta aurten berriz, estropada batean huts egiten baduzu postu asko galtzen duzu eta ia borrokatik alde batera gelditzen zara.

Aitor: ARC2an talde berriak lehiatzen dira eta bertan dauden arraunlari asko kirolean hasi berriak dira. ARC1en beste maila bat dago: talde erdiek ACTeko aurrekontua daukate eta maila horretara igo nahi dute. Getaria, Zumaia, edo Isuntzak presio hori dute. Adibidez, Donostiarrak taldeak sei-zazpi arraunlari ditu ACT ligan aritu direnak eta geure atzetik daude.

Edorta: Talde ezberdinak dira eta berez, kirolari taldeak askozaz indartsuagoak dira. Gainera, ohiartzun handiagoa dago, telebistan agertzen zara etabar. Testuinguru ezberdina da. Antolatakuntza aldetik, liga berbera dira ARC1 eta 2, ordea.

Taldea indartu behar izan duzue?

Aitor: Ia ia talde berea da aurtengoa. Bajak izan ditugu eta indartu behetik etorri direnak (Urdax eta Axular) egin dute. Gabantxo izan liteke “fitxaje” bakarra.

Jarraitzen du… 

Oilasko jan eta jan ikasturtea bukatu genuen

Urteero lez, oilasko jan herrikoian ikasturteari agur esan genion. Ohi legez, Bidegorrin izan genuen hitzordua eta zurito pare bat hartuz gero, Gabiñara abiatu ginen oilaskoa jateko irrikaz. Oilaskoaz gain, txorizoa, kroketak, entsalada eta piper berdeak jan genituen (patata frijituak ahaztu zitzaizkigun, barkatu ANE!!!!). Hamaika lagun batu ginen eta bakoitzak bere puntako mobila eskura bazuen ere, inori ez zitzaion argazkirik ateratzea okurritu. Afalostean, JoxeMari Olagasti baten modura, edozein desafiyu gainditzeko prest egon ginen! Gau hortan, betekada itzelarekin oheratzekoa tokatu zitzaigun. Batek daki nor ateratzen den garaile.

Uztaila bukatu arte Berbaizuren lokala goizero izango duzue zabalik 14:00ak arte (astegoien eta jaiegunetan salbu). Ikusten ez badugu elkar, uda ona pasa!!!! Irailera arte!!!

Tai gabeko berriketak asteazken goizero

Pili, María eta Alex zai daude Bidarte Udaltegiko beheko solairuan. “Egun on” esaten dit Maríak, Pilik neu “kontrolatzailea” naizela diotson bitartean. Ezetz erantzuten diot, ez dugula inor kontrolatzeko asmoz. Berbaizuko langilea naiz eta Berbalagun taldeak autonomia osoa duela diotset. Finean, nik kudeatu baino ez dut egiten. Bego biak (Aranguren eta Iturritza) elkarrekin iristen dira. Iturritzak sobre bat ateratzen du. Ohi lez, iluntzean Arriagara joango dira. Euskaraz antzesten den guztia ikustera joaten dira, baita erdaraz egiten diren obra batzuk ere. “Lehen deskontu handiagoak zeuden, orain lapurreta da” kexatzen da Bego Aranguren.

Bego Iturritza eta Bego Arangurenen taldea

– Ondo iruditzen zait sosak kulturan gastatzea- diotso heldu berri den Anak.

– Ez diot inori ondarerik utziko- arrapostu egiten dio Bego Iturritzak eta segituan heriotzaren gainean hitz egiten hasten dira. “Atautea ezin badut pagatu, zentziari eskeiniko diot nire gorpua” azaltzen du irribarretsu. “Gorpu larregi dago” zehazten du Alexek. “Neuk neurea eskeini nuen eta atoan hartu zidaten” eransten du Bego Arangurenek. Mediku ikasleek estudiatzeko baliogarri izatea espero du. “Hil eta gero, berdin zait zulo batean lurperatzen banaute. Leioan badago hilerri bat non lurperatuko gaituzten. Plaka bat ipiniko digute eta zuhaitz artean dago. Leku zoragarria da” diosku.

Bat-batean, beste Ana heltzen da. Atea zeharkatu bezain pronto, berbalagunek galdetzen diote azterketa gainditu duen. Anak baietz dio, idatzizkoa gainditu duela eta ahozkoa faltan duela. Lasai dago: ekainean gainditzen ez badu, irailean beste aukera bat izango duelako. Etena aprobetxatuz, Berbaizuren jarduera esplikatzen diet eta Txemak Mullerenean eman zuen hitzaldiagatik galdetzen diet. Anak ume bat adoptatu duten senideak umearen sorlekura bueltatzea oso ohikoa dela kontatzen du. Aitorrek lehen egunetik bazekien non zituen sustraiak. Halaxe diosku Txemak, umea Ekuadoren gustora egon zela kontatzen digun bitartean.

Alexek testu bat dakar irakurtzeko. Gaurkoan, azukrearen gehiegizko kontsumoak eragiten dituen kalteez mintzo da. Eztabaida abiatzen da: arraro egiten zaigu Estatu Batuetan batez beste 22 azukre koilarakada hartzea egunean. Gero, azukrea jateak gose sensazioa kentzen duela entzutea ere bitxia deritzogu. “Obsesitatea dakar azukrea gehiegi hartzeak baina nolatan hartzen dute kirolariek?” galdetzen du Álexek. Txemak esplikatzen digu kirolariek glukosa hartzen dutela eta glukosa eta azukrea ezberdinak direla, alegia. Baina hurrengo azukre- koxkorra geroko kaferako lagako dute, izan ere, hauxe dute ikasturtearen azken saioa. Hurrengo urtean asteazkenero 10:30ean biltzeari ekingo diote beti lez eta betiko tokian: Bidarte Udaltegian.

Berbaizu zer den ulertzera lagun diezazukeen bideo bat

Aurreko astean Interneten saltseatzen ibili nintzen eta “Berbaizu” hitza Youtuben sartu orduko, bideo hau agertu zen. Jaione Ayestaran Deustuko kazetari gazte eta Prest!-eko kolaboratzaileak eginikoa da eta Berbaizu guretzat zer den esplikatzen ahalegindu ginen.

PD: Gora San Fermin!!!!!