“Hurrengo urtean Galder ez badator, traumatizatuko naiz”

 Itziar, Elena eta Irene astelehenero biltzen dira Bordatxo tabernan. Iluntzean egiten dituzte berbalagun saioak, Galder Lizarraldek dinamizatuta. Asko estimatzen dute Matxintxu Euskaltegiko irakaslea.

Galder, Elena, Irene eta Itziar

Noiz hasi zineten biltzen?

It: Orain 4 urte, klasean egon ginen eta Aritz Argote hurbildu zen Larrako euskaltegira berbalagun taldeak “saltzeko” eta ezagutarazteko.

Ir: “Apuntatzen bazarete, konpromezua hartu behar duzue” esan zigun eta begira! 4 urte daramatzagu!

E: Nik aurten eman nuen izena euskaraz hobeto hitz egiteko. 3 urte galdu ditut!

Hasieran beste lagun bat etortzen zen baina hori ezin du. Normalean biltzen direnean edozein gaiaz solasten dira. Hasieran asteburuari buruz galdetzen zioten elkarri eta orduko dinamizatzaileak, Adriano, berriketa abiarazten zuen. Gero, Galderri, Adrianoren tokia hartu zuenean, neskek ez zioten lotsarik kendu behar. Laurok oso ondo pasatzen dutela dioskue.

Zer ekartzen dizue Berbalagun egitasmoan parte-hartzeak?

It: Jariotasuna lantzeko balio du berbalagun taldeak, baita lotsa kentzeko ere.

Ir: EGA atera dut eta klasean edo borobil batean lotsa gehiago duzu, zer edo zer esaten ez dakizunean batez ere. Berbalagun taldean ez da hori gertatzen, ordea. Inguru informala da.

It: Galder Hiztegi 3000a da!

Ir: Ardoarekin hobeto funtzionatzen du!

Begibistakoa da elkarrekin ondo konpotzen direla, berriketa guztiak irri eta algara baitira. Hurrengo urtean biltzen jarraitzeko asmoa dute, baina baldintza bakarra dago: Galder ere etortzea.

It: Datorren urtean Galder ez badator, traumatizatuko naiz!

G: Nik ahal badut, bai, etorriko naiz. Baina hurrengo urtean ez dakit non egongo naizen klaseak ematen. Agian Basaurira joan beharko naiz.

Ir: Ba joango gara Basaurira!

It: Gainera, metroa dago orain!

Saioaren bukaeran, Elena, Itziar eta Irenek opari bat ematen diote Galderri. Ikusiko dugu hurrengo urtean Galder berbalagun saioetara joan daitekeen. Elena, Itziar eta Irenek hori nahi dute. Hala bedi.

Partekatu

Urte bukaerako jaiaren bideoak

Joan den astean 2014-2015. ikasturteari agur esan genion Mullerenean. Bertan egon ziren Ander Anakabe, Mikel Aiartzaguena eta Enare Muniategiren bertsoak, Markel Barojak jarritako gaiak abiatuta…

eta gero Baffeti taldearen kontzertua etorri zen. Mikel Urdangarinen Duela hiru aste bertsio bat egin zuen taldeak

Baita Ken Zazpi taldearen Irudi Biluztuak kantaren bertsioa ere.

Amaieran pintxoak etorri ziren, suan ematen den txokolateari bidea egiteko!

DSCN9869

UDA EDERRA PASA! IRAILEAN BERRIRO IKUSIKO DUGU ELKAR!

Muller Plaza eta San Juan festa borobila

Arratsaldeko 19:30ak ziren Markel Baroja bertsolari deustuarrak (edo abandoztarrak?) lehen gaia jarri zienean Ander, Mikel eta Enareri. “Gaur San Juan gaua da eta bi galdera ditut zuentzat: 1- zer botako zenukete sutara? Eta 2- zer ez zenukete botako sutara?”. Apunteak izan ziren Elorri Bertso Eskolako hiru bertsolariek gehien aipatu zituztenak: Enarek sutara botako zituen, Anderrek ez, ordea; bere lehengusinak nahi dituelako hurrengo urtean. Lehengusu arduratsua, beraz, Ander.

DSCN9820

Gerora, ofizioetara pasatu ziren eta Mikelek polizia bat antzestu zuen, zeini Ander baserritarrak deitzen baitzion arazo bat zuelako: Enare biluzik agertu da bere baserriko soloan, San Juan ohiturak hala aginduta. “Nola kexa zaitezke emakume bat biluzik agertu izanaz?” galdetu zion poliziak. “Baserritarrak ezin dira homosexualak izan?” arrapostu egin zuen Anderrek, Enarek biluztera gonbidatzen zuen bitartean. Umorea nagusi bertsoetan. Enarek ez zuen Markel Baroja bezalakoa izan nahi eta Deustuan nahiko antiagurrak garela diosku gai-jartzaileak.

DSCN9837

Etenik barik Baffeti taldearen bi kitarra eta akordeoia taula gainean prest zeuden. Deustuko gazteak Esperantzara kondentua kantaren akordeak jotzen hasi orduko, beteta zegoen Mullerenea. Jende gehiago kabitu ezinik, atea zabalik eman zuten kontzertua, kanpoan zeuden entzunleek ere profitatzeko. Aipagarri oso izan zen Badira Hiru Aste kantaren Baffetiarrek egin zuten moldaketa, Mikel Urdangarinen melodiak euskararen aldeko aldarria bihurtzeraino. Urteko arratsalde luzeena aurrera zihoan eta iritsi zen Baffetiarren bisa: Ken Zazpiren Irudi Biluztuak. Kitarra bat eta akordeoia alde batera laga, eta kitarra bakarrak musikari eutsiz, Deustuko gazteen ahots goxoek Eñaut Elorrietaren berbak mimatu zituzten, publikoak koroak egiten zizkielarik.

DSCN9857

Txalo artean amaitu zuten kontzertua eta luntxerako ordua iritsi zen. Berriketan jan genituen Niko eta Ainhoak prestatutako pintxo goxoak, lagun zaharrak eta lagun berriak agurtzen genituen bitartean.

DSCN9869

Gero badakizue: San Juan bezpera zen eta Berriz Bideko parkera abiatu ginen Akerrak zelan pizten zuen sutzarra ikustera: penak sutara botaz eta lagunartean gau laburrena ospatuz.

DSCN9875

Hemen sakatuta argazki guztiak

Suerte handiko berbalagun taldea

Ekaineko astelehena da. Oporrak ate joka daude. Zugarramurdi tabernan Espek “zuzentzen” duen taldea dugu zain. Espe urte askotan izan da irakasle eta beste hainbeste Berbalagun taldeetan ibilia da. Eskarmentuak diotso badaudela gehiago eta gutxiago hitz egiten dutenak eta isilak solastera bultzatzeko aurkezpenak prestatzea eskatzen dizkie berbalagunei, guztiek euskara erabiltzeko unea izan dezaten.

Ezkerretik eskuinera: Espe, Carmen, Iñaki, Teresa, María José eta Ana

Ana da hitz egiten lehena. Asteburua libre izan du eta gurasoekin egoteko aprobetxatu du. Opor luzeak ditu aurrean eta antolatu behar ditu. Ana irakaslea da ogibidez eta aurten klaseak eman ditu euskaraz, lehendabiziz. Gurutzetan eman zituen eta jendaurrean euskaraz egiteak sortzen zion beldurra kendu du. Apartean, Espek esplikatzen dit bere berbalagun taldeak suerte ona ematen duela, astelehenero trago baten bueltan biltzen direnek lana topatzen baitute atoan.

Mari Jose da hitz egiten bigarrena. Zarautzen egon berri da asteburu pasa eta Iparraldera ere hurbildu da, Hendaiara hain zuzen. Hegoalde eta Iparraldeko jendearen artea aldea dagoela diosku. Euskara entzun zuen galdetzen diote berbalagunek eta oso gutxi entzun arren, kale guztietako kartelak euskaraz ere daudela erantzuten die. “Bi herri ditu Hendaiak: geltokiaren bueltakoa eta hondartzaren ingurukoa; oso turistikoa dena” azaltzen du, Txingudiko badia aurrean duen bide osoa zeharkatu duela kontatzen digun bitartean. “Badakizu ondo bizitzen” botatzen dio Espek irribarretsu. Halaxe da, paseoak emateaz gain, pintatzen egon delako Mari Jose.

Teresa pozarren dago. Ostegunean etxe berrira itzuliko baita. Oheko estalkia eta beste lau gauza besterik ez zaizkio etxeari falta. Basurtura doa familia guztia. Halere, etxe berrian Alde Zaharreko bizitasuna faltan botako du. Giro onean bizi izan da Iturribiden, kalera jaitsi eta anbientea zeukalako. “Basurtun ere giro ona dago” ihardetsi diote berbalagunek. Ekainean lana eta etxe berria garbitzea izaten dira bere eguneko ogia. Kezkatuta dago Teresa, bere semeak klaseak amaitu dituelako eta ekain osoan ez duelako ezer egin. Aldi berean, harro dago, semea DBHra pasa da-eta. Denbora ziztu bizian doa eta oharkabean denok bihurtu gara helduago.

Iñakiren txanda da. Hitz egiten hasi aurretik, Espek “medikuak eta penak” uxatzeko eskatzen dio gizonari. Irribarretsu dago gizona. “Jubileta naiz eta 10 kilo argaldu ditut”. Datozen hilabeteetan beste 10 kentzea espero du. Beste batzuetan lortu du eta atzera halaxe izatea nahi du. “Orain ala inoiz ez” botatzen du ezkor. Ilobaren argazkiak ez dizkiela ekarri gogoratzen dio Carmenek. “Guapo-guapoa da” eransten du Espek. Iñakik ez ditu argazkiak prest eta ilobak bizipoza ematen diola aitortzen digu. Lagunek esaten zioten halaxe izango zela baina txikitxua jaio zen arte ez zituen Iñakik sinestu.

Berbalagun saioaren hondarrean gaude eta Anaren semea agertzen da. Taldeko kide gazteena da. Txitxoi bat du buruan. Lagun baten kontra talka egin zuela esplikatzen digu Carmeni hitz egiteko txanda heldu baino arinago. Tailer batean izena eman duela aprobetxatuz, emakumea Madrilera joango da semea bisitatzera. La Latinan bizi da gaztea. Ana ere bertan bizi izan zen eta giro handiko auzoa dela diosku. “Herri bet dirudi” xehetzen du. “Herriko bizitza egin daiteke bertan, Bilbo-Zaharra edo San Frantziskoaren modukoa da, etorkin eta antzoki ugari daude”. Oso leku interesgarria dela eransten du Anak, bizitasun handikoa bera ere.

Elkarri agur esateko tenorea heldu zaie. Badirudi talde guztiak ikasturteko azken berbalagun saioan harrapatu ditugula. Zorionez, ez da azkena izango, hurrengo ikasturtean biltzeari ekingo baitiote. Urrian ikusiko dugu berbalagun guztiek lana kausitu duten. Hala bedi.

 

 

 

 

Sustraien bila Ekuadorren: Luzuriaga sendiaren bidaia

Bidaia Kontaketa Zikloari amaiera emateko, saio hunkigarri bezain aberatsa izan genuen Mullerenean Luzuriaga sendiaren eskutik. Sendia diogu hitzaldia, bidaia bezalaxe, kolektiboa izan baizen. Ekainak 5 zituela, ostiralez, Txema Luzuriagak hartu zuen lekukoa, familiako 6 bidaiariak aurkeztu eta Mullereneara gerturatu ginen ikusentzuleak Ekuadorrera eramateko lanari ekinez.

DSCF2755

Ekuadorreko Cuenca hirian hasi ginen Hegoameriketako lurraldeetan barrena, bisitaldia egin eta berehala Ingapircako Parke Naturalean sartuz. Alturetako ingurune hauetan Inka Inperioak utzitako arrastoa nabarmena erakutsi zigun Txemak argazkietan, eta euskal-ehuntze garaiotan, Ana Ulloa ekuatoriar jostun ezagunarekin nola egin zuten topo hantxe ezagutu genuen. Antzinako teknika tradizionalak erabiltzen dituen amona honen ospeak muga guztiak hautsi ditu. Hemen sakatuta adibidea. Bideokoa ere Ana Ulloa da:

Ingapircako Parke Naturaletik gertu Cajaseko Parke Nazionalera joan ginen, Txemarekin batera Luzuriagatarren artean ahots gehiago gidari genituela. Ahots-polifoniak lagunduta, alturetako lakuetara joan ginen alturetako gaitza guregan nozitzen genuen bitartean.

Cajas Parke Nazionala

Gaitzaren kontrako koka-hostorik ez genuen behar izan dena den, berehala Alausiko Deabruaren Sudurra trena hartuta, kostaldera amildu baikinen konturatu orduko. Amildu diogu, izan ere, munduko trenik ikusgarrienetakoa den honek aldapetan gora eta behera egiteko marrazten dituen zig-zagak ez baitira makalak. Amildu ondoren, trenean desamildu eta Alausin ginen berriz ere Luzuriagatarrekin batera.

DSCF2756

Turismoari apur bat izkin egin eta San Miguel de Salcedora eraman gintuzten hizlari guztien artean, ez lehenago Bañosen geldialditxo bat egin gabe. Eta behin han, San Miguel de Salcedon familiaren erroetan barneratzeko aukera paregabea izan genuen bertatik bertara. Luxu hutsa. Ez da beti gertatzen etxeko sustraietan jendeari parte-hartzeko aukera zabaltzea, eta San Miguel de Salcedon denok izan ginen familiakide. Atlantikoaren gainetik jauzi egin eta bi munduak bat-batean elkarrekin. Une goxoak Mullerenean.

Salcedo

Hainbeste emozio, bizipen eta berraurkitze eta gero, zer hoberik Tarabita hartuta Mompicheko hondartzara joatea baino. Kostalde gogoangarria, bai horixe! Marrazorik ote zebiltzan ez ziguten kontatu dena den Luzuriagatarrek. Joatekoa denak galdetu diezaiela uretan murgildu aurretik!

Atacames: Same hondartza

Bidaiatzen ari ginenez, gehiegi erlaxatu aurretik, jarri martxan berriz eta Otavaloko hirirantz egin genuen jauzi, berriz ere, euritarako zira eta mendiko oinetakoak jantzita, Cotacachi eta Pululahuako Natura Erreserbetan urjauzi, oihan eta sumendietaz ahalik eta beste gozatzera. Baita gozatu ere. Busti eta gozatu alajaina!

Urjauzira!

Jada Quitora helduak ziren Luzuriagatarrak. Eta gu haiekin batera. Bidaia sakona, Andeetako altiplanotatik kostaldera doazen aldapa tente amaiezinak bezain sakona. Erroetarako abentura. Elkar ezagutzara eta maitasunerako lasterketa, abiada bizian eta frenorik gabe. Eskerrik asko Luzuriaga sendiari bizitzaren kontakizun ederra han ginen guztiokin partekatzeagatik. Gaztelera ez den hizkuntzaz aritzen diren ekuatoriar jatorriko kale-saltzaileak gurutzatzen ditugunean, begietan hain ederrak diren Otavaloko mendietako paisaiak dituztela kontuan izango dugu hurrengoan. Edo zergatik ez, Luzuriagatarrek mapan zuzenean erakutsi bezala, agian Tungurahua sumendipeko Bilbao edo Viscaya herrietako herritarrak direla pentsatuko dugu, hots, funtsean eta finean, gu bezain bilbotar edo bizkaitar.

Hiritik paseo bat

Argazki guztiak hemen.

Deustualdean euskaraz bizi gaitezke

Arratsaldeko 16:30ak dira. Madariaga kaleko Ariltze tabernan Jabi egunkaria irakutzen ari da. Astero bertan biltzen da bere berbalagun taldea eta euren zai dago. Atoan, Kepa iristen da eta eguraldiaz mintzo gara edozein igogailuan baikeunden. Kepak liburu bat dakar: El Mansoleo y los zapateros de Pimiango, Eugenio Campandegui apaizak idatzia. Kepak azaltzen duenez, Asturiaseko zapatari ibiltarien hizkerak zenbait hitz ditu euskaratik ekarriak, liburak bildu dituenak. Anak, heldu berri den beste berbalagunak, hizkera haren berri du. Jabik orriak pasatzen ditu, euskaratik ekarritako berbak irakurtzen: Chacurru (txakurra), Ascor (asko), Zarria (zaharra). Eragina begibistakoa da. Kepak diosku mikroipuinen bila etorriko dela Berbaizura. Nik erantzuten diot Jabi epaimahaiko kidea izan dela eta Anak Jabi “lan askotako gizona dela” diosku. “Txiroa ziur” eransten du Kepak. Cristina ere heldu da eta barreka ari gara guztiok. Giro ona dago.

Jabi, Kepa, Ana eta Cristina

Neure asmoa agertzen diet: Berbaizun berbalagun taldeak elkarrizketatu nahi ditugu. Anak geure emailak irakurtzen dituela diosku. « Gustuko ditut Jonen epistolak ». Ohi legez, Kepak abiatzen du berriketa. Gizona mendizale amorratua da, baita saltsa guztietako perejila ere. Joan den astean Asturiasen egon zen. Bertan erosi zuen liburua. Eguraldia zela-eta, ezin zen mendira joan. Hondartzak zeharkatu zituen, ordea. Cobijeru eta Golpiyuri aipatzen dizkigu. Igandean Ahuntz egunean egon zela diosku. Non ospatu zen galde egiten dio Cristinak. “Baranbion” erantzuten du Kepak eta Gorbeiarako bide malkartsua aipatzen du. Asturiaseko liburuari buruz hitz egiten hasten da berriro eta glosarioa erakusten digu “Hizkuntza guztitetako hitzak hartu dituzte” azpimarratzen du Cristinak eta galegoz eta ingelesezko berbak aipatzen ditu. Ogibide ibiltariez solasten dira lipar batez eta Bilbainadak kantatzeari ekiten dio Kepak. “Ganoraz etorri zaigu gizona” abisatzen digu Anak.

Apurka-apurka ordua bukatzen ari da. Berbalagunek solasean dihardute. Euskara hutsez, noski. Kepak euskaltegiko klaseak bukatu berri ditu. Cristinak eta Anek azterketari buruz galdetzen diote, ea ondo atera zaion. “Ez dugu azterketarik izan, auto-ebaluazioa izan dugu”, erantzuten die Kepak. “Nolakoak zarete, azterketa barik!” arrapostu egiten diote bi emakumeek. ‘Ebaluazio’ edo ‘ebaluaketa’ hitz zuzena den eztabaidatzen hasten dira. Euskaldun bakoitzak daraman filologoa azalarazten dugu. Jabik mugikorrean erantzuna bilatzen du. ‘Ebaluazioa’ da hitz zuzena. Fini eztabaida. 17:30ak dira eta oharkabean ordua pasa zaigu. Datorren asteko bazkariaren gainean hitz egitera pasatu dira: non eta ze ordutan egingo duten etabar… 2014-2015eko ikasturtea bukatu zaie eta deskantsatzea dagokie. Datorren urtera arte agurtzen dugu elkar eta nork bere bidea hartzen du. Euskaraz bizi izan gara ordubetez.

Aurreko igandean Montefuerte parkean izan ginen txantxikutarrok arratsalde-pasa

Alde zaharretik abiatu ginen, aldapa gora, errekak burutzen duen bideari jarraiki. Eguzkia ere bizkarrean eraman genuen, bidelagun. Iturrietan geldialditxoak egin, botilak urez bete, eguzkitako krema bota, eta aurrera berriro ere.

Aurreikusitakoa baino denbora gehiago behar izan genuen arren, onik iritsi ginen zelai berdera. Hankak berotzeko pare bat jolas egin eta ikurriñara abiatu ginen. Aldapan kokatuta dagoen baldosaz eginiko armarria erraldoian jolasteko aukera ere izan genuen.
A ze barre algarak txirristan gora eta behera !

Lau taldetan banatu eta errelebozko jolas bat egin ondoren, arratsaldeko 7ak ziren dagoeneko. Motxilatxoak lepoan hartu, eta aldapa behera abiatu ginen parkea hurrengo baterarte agurtuz.

Bilboaldeko inguruak ezagutzeko plan paregabea arratsalde hartakoa!

Txantxikutarrok Ilunbe parkean

Argazki guztiak ikusteko sakatu hemen