Egunero irakurri beharreko bertsoak

19. Korrikako mezua

Auzia ez da izan ala ez izan.

Nolako edo halako izan. Kontua ez da hori.

Kontua ekitea da.

Egitea.

Egiten duguna gara.

Izatea egitea da.

Eta egiteko hautatu egin behar da.

Lekua hartu, plazan sartu.

Bazterretik erdira etorri.

Plaza erdira etorri eta lekuaz jabetu.

Eta zutik jarri, eta eskua altxa, eta hitza hartu.

Beldurrak uxatu, lotsa erauzi, gutxiegitasun ustea erantzi eta duintasuna jantzi.

Eta ekarri euskara plazara, eztabaidara, basatzara, ur abisaletara.

Lokaztu, busti, kutsatu.

Eta eman eskua ahizpa ditugun beste ahalduntze bideei.

Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen.

Auzia ez da izan ala ez izan.

Kontua ekitea da.

Sortu. Eman eta hartu.

Parte hartu. Partekatu.

Leku hartu leku eginez.

Atea irekiz, aulkia eskainiz.

Ez gotortu, harresiak bota.

Aterpeak eraiki, taldetasuna josi.

Eremu askeak sortu.

Eskatu, galdegin, eman.

Gozatu, poztu.

Eragin, eraiki, ibili, erabili.

Hizkuntza erabiltzen duenarena da.

Auzia ez da izan ala ez izan.

Nolako edo halako izan. Kontua ez da hori.

Nor garen galdetzeari utzi eta nor izatera jauzi egitea da kontua.

Nor gara?

Bagara nor.

Ez gara menpeko perpausa.

Menpeko izateari utzi, eta ahalduntzea da kontua.

Euskaldun gisa ahalduntzea, herritar gisa ahalduntzeko.

Jabetzea. Boteretzea. Autodeterminatzea.

Izan ere, euskararen auzia politikoa da.

Euskal hiztunona auzi politikoa da.

Euskararena ez da kontu pertsonal bat: txokokoa, partikularra, etxekoa.

Euskararena ez da norbanakoaren kontua, nirea, zurea, beste harena.

Euskararena hiztunon auzia da, herritar guztion auzia da.

Euskararena auzi publikoa da, kolektiboa da.

Euskararena herrigintzaren auzia da.

Euskara plaza publikoan jokatzen da, eta plazaren izaera publikoa euskaran.

Plazan eta euskaraz harilkatzen da elkarbizitza, bizikidetza.

Plazan eta euskaraz borrokatzen dira injustizia sozialak.

Plazan eta euskaraz jartzen da frogan demokrazia.

Demokrazia demokratizatzeko balio behar du euskarak.

Auzia ez da izan ala ez izan.

Kontua ekitea da.

Eta nor izatea, herri hau euskaraz eta euskaratik arnas berriz sortu, bersortu eta ahalduntzeko.

Eta nor izatea, euskahaldunduz guztiok ahaldunduko gaituen herri bat sortzeko.

Izatea ekitea da.

Egiten duguna gara.

Lorea Agirre

Partekatu

Deustuko jaien ajea (argazkiak begiratu)

Deustuko jaiak amaitu dira (ooooooooh!!!!). Laister 2016ko jaiak prestatzen hasiko gara baina orain ajeaz disfruta dezagun aurtengo argazkiei begira. Egia da euria egin duela baina zer lirateke Deustuko jaiak euririk gabe? Faltan botako genukeela lepoa jokatuko nuke. Halakoak gara.

Bide batez zira, aterkia eta katiuskak bidelagun izan ditugu jaietan. Garagardoa eta kalimotxoa  ere bai. Jai Batzordeak antolatu dituen jarduera guztietan parte hartu dugu Berbaizukideok eta azpimarratu beharra dago Tomate lehiaketan 3. postua lortu genuela (bejondeigula!!!!). Podium goxoa. Zoritxarrez play-back lehiaketan azken postuan geratu ginen. Funtsezkoa parte hartzea da, ezta? EZTA???? (hauxe guztia Kantu Jira ahaztu gabe)

Bueno eta Lau Katu taldea Mullerenean aritu zen eguraldiak su-etena iragarri zuen egunean, martxoaren 18ean alegia, eta Berbodromoa antolatu genuen txosnagunean, non Andoni Egañak eta Alaia Martínek parte hartu baitzuten martxoaren 19ean.

Eta orain zer? Ba orain Korrika, Bidaia Kontaketa Zikloa, Ibarrekolandako jaiak, Txalaparta tailerra, Errege Kopako finala (eta Gabarra!), San Juan Gaua, sukaldaritza tailerra, Bilboko Aste Nagusia eta “abar” luze bat ondo pasatzeko, euskaraz bizitzeko eta penak alboratzeko.

Topa daigun geure alde! Shot!

 

PD: Albuma ikusteko sakatu hemen. Argazki gehiago baduzu, bidali!!!!

Argazkilari baten bizipenak klaseak ematen dituenean

“Ostiralean teoria izan genuen. Argazkilaritzaren oinarrizko parametroei buruz hitz egiten ordu bi eman genituen. Paperean nahiko zaila izan ohi da kontzeptu horiek ikastea baina egingo genituen ariketetarako ezinbestekoak. Hurrengo goizean, kriston eguraldi txarra ari zuela, argazkiak ateratzera atera ginen kalera. Ariketa praktiko batzuen bidez aurreko egunean ikusitako oinarrizko paramatro horiek hobeto ulertu zituzten. Haiek esango dute baina kameraren erabilera eta argazkilaritzaren oinarrizko aldeak argi geratu zitzaizkiela uste dut. Nire partez ondo pasatu genuela esan behar dut. Barre onak bota genituenak!!!”

Pablo González (argazkilaria)

* Otsailak 27 eta 28ko Argazklaritza tailerrean oinarrituta.

Paella baten kronika

Eguerdiko 13:00ak gaindituak ziren San Pedroko elizak bere ateak ireki zituenean. Orduan hasi zen aulki eta mahaien desfilea. Izan ere, jadanik ohitura bilakatu da: Deustuko jaiak eta euria, euria eta Deustuko jaiak bateragarriak omen dira. Botikazarreko patinatzeko pista izango zen paella txapelketaren kokapena. Zubipean, busti gabe, aurrera jarraitzea lortu genuen behintzat.

Gorria, larrosa, urdina edo horia, kolore guztietako jertseak zeuden bertan, konpartsa eta kuadrila bakoitzeko bat. Baina kolore guzti haien artean nabarmena zen bat, eguerdiak aurrera egin ahala biderkatzen joan zena, gazteagoa izanik, bazkalordu hartako bazter guztiak nahastuko zituena. Berbaizuko lagunekin bat eginda, baginen 60tik gora txanodun berde.

Txantxiku batzuek paella prestatzeari ekiten genion bitartean, beste batzuk jolasten ginen, zapitxoak dantza erakusketari pasatu zion lekukoa, txantxiku kide guztiok katera bildu gintuena.

Konturatu orduko, Jai Batzordeko arduradunak mikroa eskuan zuen. Arrozak aurkezteko garaia zen eta, 60 pertsonarentzat paella kuzinatzea lan neketsua denez, gure bazkaria bukatu gabe zegoen oraindik. Gauza jakina da parte hartzea dela garrantsitzuena eta azken momentuan platertxo bat aurkeztu genuen, erdi gordinik, baina lehiaketa barruan. Lortu genuen.

Epai-mahaia biltzen zen bitartean, bazkaria prestatzen bukatu eta dantzan jarraitzeko tartea izan genuen. Hain zuzen, dantzan hasi ginela, megafoniatik txapelketako sailkapena botatzen hasi zen epai-mahaia. Gure azken postua munduko kopa irabazi bagenu bezala ospatu genuen.

Txapeldunak zoriondu ondoren, lurrean borobilo handi bat egin eta “Jam Jam on egin!” abestu genuen. Arroza berehala desagertu zen gure platerretatik. Ordurako erlojuak arratsaldeko 17:00ak markatzen zituen, dena jaso eta bakoitzak bere bidea hartu zuen.

Datorren asteburuak ere itxura bikaina dauka, gurekin ondo pasatzeko prest? Iku iku… Txantxiku!

Lander Garroren gerra txikia

Jaiak hasi baino lehen, Berbaizuk hitzordua zuen euskal literaturarekin. Irakurleen Txokoak Lander Garro errenteriarra gonbidatu zuen “Gerra Txikia” bere bigarren eleberriaz solas zedin. Zita martxoaren 11an izan zen, iluntzeko08:00etan Bidarten. Helburua: berarekin hitz eta pitz aritzea, eleberriak sortu zizkigun zalantzak argitzea eta liburuaren gainean genituen iritziak elkar trukatzea.

Istorioa, ohiko autografia izan gabe, Garrok bere zenbait bizipenez osatu zuen, errenteriarra aztertzaile bikaina dela aprobetxatuz. Bestetzuak, asmatuak izan arren, hainbeste detailez beteta zeuden non irakurle ez onduak sinestuko zituen.

Hainbat kritikarik diote errefuxiatuen lekukotzak islatu nahi zituela Garrok, isilpean aritu zirenak gogoratu nahian. Narratzaile kutsatuaren paperari iskin eginez, nerabe baten begirada garbia aukeratu zuela istorioaren gorabeherak kontatzeko. Esan nahi baita, testuinguruaren zirrikituak ezagutzen ez dituenaren ahotsa, beraz, epairik adierazi gabe ari dena papera hartu duela bere “Gerra txikia” idazteko.

Bigarren zatia jorratzen ari den airean dago… Ikusi beharko!

Nagore Madrazo

Txantxiasteburua Sarrian: euskaraz biziko gara

Oraingoan txantxikuak asteburu pasa izan dugu Sarrian, Arabako herri txiki batean. Sarriara heldu eta azkar-azkar eman genion bizia herrixkari gure jolasekin, tailerrekin, taloekin, abestiekin, gynkanekin, gaueko hizketaldiekin…
Primeran pasatu genuen eta beste behin euskaraz bizitzeko hamaika arrazoi bildu genituen nahiz eta Donostiara ezin joan, horregatik bideotxo batzuk grabatu genituen. Hona hemen emaitza txantxikuko txikienen kronikarekin batera!

-LH3 eta LH4-koen kronika:

Sarriako etxe batera etorri ginen. Hiru pisuko literak zituen eta zelai handi bat lokatzez beteta. Lehenengo egunean, jolasak, taloak eta herri kirolak egin genituen, eta gabaz, yankeera jolastu genuen. Bigarren egunean, makarroiekin lepokoak egin genituen eta jolas batzuk. Oso ondo pasatu genuen!

IKU IKU IKU, TXANTXIKU!!!!