Otsailaren 28an denok Donostiara!

Hizkuntza politikaren esparruan azken bolada honetan, jasandako “injerentziak” salatzeko, “erantzun bateratua” emateko asmoz, Otsailaren 28rako manifestazioa deitu du Kontseiluak Donostian, “Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara!” lemapean. Gipuzkoa plazatik aterako da martxa, 17:30ean

Azken hilabeteotan hainbat erakundetan hartzen ari diren neurrien kontra epaitegietara jotzen ari dira bai Espainiar estatuko EAEko gobernu delegatua, bai Nafarroako Gobernua eta baita Frantziar estatua ere. Horregatik, euskalgintzatik, euskararen alde hartzen diren neurriak babestu eta helegiteekin desadostasuna agertzeko, Kontseiluak manifestazioa deitu du hilaren 28rako.

Berbotsek, deialdiarekin bat eginez, Donostiara joteko autobusa antolatuko du, ahalik eta jende gehien bil gaitezen.

  • 15:50 Erandiogoikoan eliza ondoko bus geltokian
  • 15:55 Astrabuduko Iturribengoako bus geltokian (anbulategi aurrean)
  • 16:00 Gasolinoan
  • Buelta 21:00etan Donostitik
  • Prezioa: 3€

Izena emailez eman behar da berbots@gmail.com

Bilbotik ere, autobusa aterako du Euskalgintzak. 8 € izango da eta 15:45etan aterako da San Nikolasetik.
Autobusean izena emateko, Kalderapekon, AEKko euskaltegietan, edo email honetan: bilbo@euskalherrianeuskaraz.org egin dezakezue.

Geu ere, oztopoen gainetik, euskaraz biziko gara!!!
Otsailaren 28an danok Donostiara!!

https://bilbokoehe.wordpress.com/2015/02/16/bilbotik-ere-autobusa-donostiara-otsailaren-28an/

ANIMATU ETA ETORRI AMARAUNAKO TOPAKETETARA!

Amarauna Euskal Herriko Aisialdi taldeak lotzen dituen elkartea da, helburutzat heziketa ez formalari garrantzia ematea duena, eta urtero hainbat ekintza antolatzen dituena, Euskal Herriko mutur guztietako Aisialdi taldeak eta horien proiektuak ezagutarazteko.

Horrenbestez, 2015eko Otsailaren 21ean, Amarauna osatzen duten Aisialdi taldeek elkar topo egingo dute Zarautzen, gauza dibertigarriz beteriko programa betetzeko; Irrien Lagunak goizaldean, bertso- bazkaria eta berbena eguerdian, triki- poteoa eta jolasak arratsaldean eta kontzertuak gauean. Horrez gain, umeek Euskal Herriko mutur ezberdinetako jolasak ezagutzeko aukera izango dute jolasen txokoan, eta gainerakoek azokaz gozatzeko aukera. Bertara heziketa ez- formalari garrantzia ematen diozuen oro gonbidatuta zaudete!

maialen

Gu, Txantxiku, bagoaz! Bazatoz gurekin?

https://www.flickr.com/photos/44134674@N07/16519504092/in/photostream/

Ergatiborik gabe, inauteririk ez!

Deustuko Inauteriak pasatu dira eta Berbaizukideok behar bezala ospatu ditugu. Agian geure mozorroa ez da ortodoxoena izan (daitort, batzuek heaviak baino deprabatuak ziruditen) baina Mullerenean jai polita antolatu genuen larunbatean. Lehenik, Imanol Ituiñok magia ikuskizuna eskaini zigun eta gero, geure txotxeroa izan zen (argazkia izango dugunean igoko dugu). Jendetza batu ginen sagardoa eta bere parafernaliaren inguruan (gazta, menbriloa eta intxaurrak). 10 litro soberan ditugu, nahi duenak edan ditzake (hori bai, kupela bueltatu, mesedez). Esan gabe doa batzuen gaua besteona baino gehiago luzatu zela eta bazkide berriak egin genituela.

Igande goizean desfilea bizi izan genuen. Badakit goizean goiz izan zela eta igande batean goiz altzatzea nekeza dela baina bertan egon ginen, antolakuntzan nahiz desfilean bertan (Txantxikuak). Mozorro polita eraman genuena. Eskuz egin eta pintatutakoa. Herri honen kultur adierazpidea dena. Buruhandiak eta txistulariak, txistulariak eta buruhandiak (maskuria eskuan, noski). Zoritxarrez aurton ez digute saririk eman baina hain ondo pasa genuen, non Athleticen porrota eta ajea ez zitzaizkigun axola.

Orain Bilbo, Sondika, Hernani eta Lekeitioren txanda da. Eta aurki, Deustuko jaiak ( Shhhhh! Lanean ari gara). Laister kontatuko dizuegu zer dugun eskuartean, momentuz aurtengo lelo antologikoen zerrendarekin utziko dizuet, beroketa lanak egin ditzazuen:

  • - Aditz gogorrari, trinko zorrotza
  • - Aditz nolako, trinko halako
  • - Ergatiborik gabe, jairik ez
  • - Erronkariera IS NOT DEATH
  • - Gabba Gabba lei!
  • - Indabak. Ardoa. Lo.
  • - #JeSuisAxular #JeSuisPeruAbarka #JeSuisMaribeltz
  • - Punkiak heaviari: txupabeltz!!!
  • - Txapela ala hil

Argazki gehiago geure flickerrean.

Txantxikuak Jatan!!!

Urteari hasiera bikain bat emateko, Txantxikuak Bakiora joan ginen Jatako bideetan barrena egun zoragarri bat pasatzeko. Oraingo honetan bi autobus behar izan genituen txantxiku guztiak haraino joateko, hauxe bai indarra!
Goizeko 10:30etan hasi genuen igoera, begirale eta umeen artean azken aldian gertatutako istorioak kontatuz, abestuz edota hurrengo eguneko klaseko aurkezpenak entseatuz! Gainera, egun hauetan arraroa izan arren, eguraldia bidelagun izan genuen, txango zoragarri baterako bidea irekiz. Geldialditxo batzuk egin ostean eta urak ematen duen indarraz baliatuta azkar batean heldu ginen tontorrera. Bertan, Bakio osoa erakusten ziguten bista ederrak disfrutatu genituen eta umek zein hainbat begiralek eskatzen zuten hamaiketako ederra hartu genuen.

Hain gustura geunden tontorrean, non konturatu ginenerako 13:30ak ziren! Motxilak berriro hartu eta jaisteari ekin genion, nola ez, bazkaltzeko momentua begi-tartean genuelarik. Gose ginela-eta, luzeago egin zitzaigun jaitsiera, baina 15:00etarako Bakioko frontoi alboan jesarrita geunden etxetik ekarritako dena tripa barrura sartzeko prest. Ñam-ñam on egin! esan eta bazkaria hasi zen.
Bukatzeko, ibilaldiaren ostean apur bat deskantsatu eta gero, ginkana batean murgildu ginen, Bakioko skate-pista alboko txokoak gureak eginez, alde batetik bestera korrika eta proba ezberdinei aurre eginda. Azkenik, autobusera sartzeko ordua iritsi eta Deusturako bidea hasi genuen. Egun paregabea Bakioko inguruetatik pasa genuena!!
Orain, Deustuko inauterietarako prestaketan murgilduta gaude, eta laster jaiak izango ditugu gurean. Beraz, presta zaitezte txantxikutarrak!, hilabete hauek gogor datoz eta!
IKU IKU, TXANTXIKUUUUU!!

Magia ikuskizuna sagardoa baino lehen

Joxemanuel Lujanbio “Txirrita” eta bere anaia Juan Joxe “Saiburu” bertsolariak tabernan eserita daude, larunbatean zer egin ez dakitela.

– Aizu Juan Joxe, bihar ze martxa?

– Ba ez dakit mutil, Deustun jaleoa omen dago.

– Hori entzun dut, iñatueriak omen dira.

– Bai, badira. Badirudi herri bazkariaren ostean magia ikuskizuna antolatu dutela Berbaizukoek.

– Bai zera! Azti-jokoak?

– Horixe bera. Geure garaian azti jokoak ikustearren inpernura bidaliko gintuzten baina Imanol Ituiñok nihil obstat lortu du antza.

– Mozorrotuta joan beharko dugu, ezta?

– Jakina. Berbaizukoek geure garaiko euskal jantziak eta musika tribuak uztartuko dituzte.

– Uztartu? Non ikasi duzu hitz potolo hori? Txirriporro halakoa!

– Ez hasi bazterrak nahasten Joxemanuel! Mozorroa erraz da esplikatzen: bata heavyz jantzi txapela buruan, bestea punkyz baina zapia ile mototsan geure Maikruz bezala edota euskal-sevillanaz.

– Ene! Ni ere horrela mozorrotuko naiz.

– Orduan Deustura goaz bihar?

– Bai noski, Pesako bileteak hartu eta hara joango gara. Aurrekoan nik gonbidatu zintudan- eta!

 

Argazki politak ateratzen jakin izan banu, gaur…

…elurteak ez nindukeen argazkiak ateratzen jakin gabe harrapatuko, udako argazki guztietan geure ama, aita eta arreba bereizteko gai izango nintzatekeen…

Ba lasai egon eta utzi “baldintzak” alde batera, otsailaren 20an eta 21an Berbaizuk argazkilaritza tailerra eskainiko dizulako Pablo González-en eskutik (25€/ 20€ Berbaizu kideontzat). Ez pentsa teoria klasea astuna izango denik, ordu dexente emango duzuela teoria aspergarriak entzuten eta whatsapean ibiliko zaretela denborapasa. Ez horixe. Ostiral iluntzean (19:30ean) Pablok labur-labur azalduko ditu argazkilaritzaren oinarrizko kontzeptuak eta larunbateko goiza emango duzue argazkiak atera eta atera. Hori bai, zuen kamerak ekarri beharko dituzue, manualean jarri daitekezkenak. Tailer osoa euskaraz izango da, prefosta!

Izena emateko: berbaizu@euskalnet.net helbidean edo 94 447 10 42 telefonoan.