Kultura Outleta eta Outlet Jaia

Berbaizu eta Prest! babesteko ekimenak

Ez da Duragoko Azoka, Deustuko kultura azoka da, bigarren eskuko merkatua eta aurten hirugarrenez ospatzekoak gara.

Durangokoa baino astebete lehenago, azaroaren 26, 27 eta 28 arratsaldez, Müllerrenean kultura produktuak salgai jarriko ditugu oso prezio merkean. Hortik outlet izena.

Kultura berrabili
Bai Berbaizu euskara elkarteak bai Prest! aldizkariak urteetan gorde eta pilatutako materiala (musika, liburu, urtekari, bilduma, gida, kamiseta…) eta beste hamaika bitxikeri eskuratu ahalko dira. Zuk ere gauza bera egin dezakezu etxean, geldi, hautsa irensten duzun liburu, disko edota jertse hori ekarri Berbaizura. Baietz norbaiti gustatu! Baietz norbaitek berrerabili!

Azaroaren 10etik aurrera goiz zein arratsaldez ekar daiteke Outleterako materiala Berbaizuren egoitzara, 9:00-14:00 eta 16:00-19:00 bitartean.

Ez dugu salerosketa huts izatea nahi eta horregatik kultura ekitaldiz zipriztindua izango da azoka: bertsolariak, zuzeneko musika eta jan-edana ez da faltako. Kulturara Deustualdeko kulturatik hurbiltzeko aukera izango da beraz.

Hiru eguneko ekimena soberakinen enkantearekin bukatutzat emango dugu. Sekulako pagotxa!

Azaroak 26 asteazkena
Kultura outletaren inagurazioa, bertsolariekin (Elorri bertso-eskola) eta jan-edanarekin, 18:00etatik 22:00etara, Müllerrenean.
Merke-merke: liburuak, diskoak, kamisetak eta bitxikeriak.
Azaroak 27 osteguna
Outletaren 2.eguna: 18:00etatik 22:00etara, Müllerrenean, merke-merke: liburuak, diskoak, kamisetak eta bitxikeriak. Eta 20:30ean OUTLET JAIA. Musika kontzertuak eta jan-edana ez dira faltako Gazte Lokalean.
Azaroak 28 ostirala
Azken eguna. 20:00etatik aurrera, BERBAIZU´S SUBASTAn, saldu gabeko guztia banatu eta oparituko dugu bertaratzen direnen artean.

https://www.flickr.com/photos/44134674@N07/15602180128/

Partekatu

TXANTXIKUKO LAGUNAK MEAKAURREN EGON GARA ASTEBURU PASA

Txantxikukideon arteko harremana sendotzeko, ikasturteko lehenengo asteburu pasa Morgako Meakaur auzoan eman dugu, ekintza desberdinak burutzeko aukera eman digun herri txiki batean. Oraingoan jende mordoa bildu gara, guztira 77 txantxikukide, beterano zein berriak, adin eta ikastetxe ezberdinekoak, baina denok euskaraz gozatzeko gogoz.

IMG-20141109-WA0013

Aurten talde nahiko berria daukagunez, ezagutza jolasak egiten eman genuen larunbat goiza, partiduak zituzten txantxikuak iristen ziren bitartean. Behin denok Meakaurren geundela bazkaldu, arauak komentatu, logelak banatu eta guztiz instalatu ginen. Arratsaldean adinka banatu ginen, txiki eta ertainek milaka jolas egin zituzten, barre algarak eta pike sanoak alde batera utzi gabe. Nagusienek, berriz, larruarekin tailerra egin zuten, barruan daramaten artista kanporatuz.

IMG-20141108-WA0016

Afaltzerako orduarekin batera arazoak heldu ziren. Jangela txikiegia zen denontzat, beraz, bi txandetan afaldu behar izan genuen. Kaos momentua bizi izan genuen baina arazoei aurre egiteko gai izan ginen. Askok, parranda ona egin zuten gauean… eta seguraski logurearekin bueltatu ziren etxera!

Hurrengo goizean, txikiek prestatutako gimkanan parte hartzen zuten bitartean, ertain eta nagusiek bi orduko ibilbidea egin zuten Morgako inguru ederretatik. Ondoren, etxea goitik behera txukundu eta bueltarako garaia zen. Asteburu bikain honen ostean irribarre batekin bueltatu ginen denok etxera, leher eginda, baina esperientzia bikain baten pozarekin.

https://www.flickr.com/photos/44134674@N07/15159467564/in/photostream/

Iku, iku… TXANTXIKU!

Eskuratu zure Errigora saskia Berbaizun

Errigora Euskal Herria oinarri eta elkarlana lanabes dituen ekimen herritarra da. Nafarroa hegoaldeko nekazarien produktuak elikadura subirautzaren bidean Euskal Herrian zabaltzea, eta bide batez, eremu horretako euskarari bultzada ematea du xede. Duela urte batzuetatik hona, Sortzen Ikasbatuak, ikastolen elkartea eta AEK-rekin batera, nafar produktuen saskiak saltzeko kanpaina egiten du udazkenean, lortutako diruaren zati bat (%25) nafar erriberako euskarari bideratzeko.

https://www.flickr.com/photos/44134674@N07/15516773379/

Beraz proiektu honi zure ekarpentxoa egin nahi eta era beran Nafarroako nekazariek ekoiztutako lehen mailako produktuez gozatzeko gogoekin bazabiltza, hurbildu zaitez Berbaizu Euskara Elkartearen lokalera (edo beste eskaera puntuetako batera). 50€ tan argazkian agertzen den moduko saski bat eskuratu ahal izango duzu.

Gogoratu eskariak Azaroak 12a baino lehenago egin beharko direla, ondoren, Azaroaren bukaeran, Saskia jaso ahal izateko.

Hementxe duzue egitasmoa hobeto azaltzen duen bideo polit bat: